Norbaiti axola zaio euskara Nafarroan?
Norbaiti axola zaio euskara Nafarroan? –
Maria Chiviteren Gobernua, Herri Administrazioetan euskararen erabilera arautuko duen foru dekretu berri bat prestatzen ari litzateke, eta bertan, ustez, eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskararen balorazioaren derrigortasuna desagertuko litzateke. Horrekin batera, D ereduko matrikulazioek behera egin dute, jaiotza-tasak murrizt egin duelako eta PSNk eta UPNk ingelesaren aldeko apustu garbia egin dutelako eta horrek guztiak Nafarroan euskararen etorkizuna zalantzazkoa dela iragartzen du.
Egoera horretan, espero izatekoa da Geroa Baik eta EH Bilduk, Chivite presidentea behartzea oposizioetako merezimendu-lehiaketan euskara gainerako hizkuntza komunitarioekin lehenbailehen parekatzera horrela, egoera hauek saihestea: Erizaintzako azken EPEa, euskara meritutzat hartu ez zuena, edo Chiviteren Gobernuak berriki hartutako erabakia, “Osasunbideak eremu mistoan egindako deialdi guztietan euskara meritutzat ez hartzea.
Hala ere, Geroa Bai lotuta leudeke Boterearen poltronarekiko duten atxikimenduagatik, Nafarroako Gobernuan PSNrekin batera gobernatzeagatik; aldi berean, EH Bilduk bere udal boterea indartzeko helburua beteko zukeen, Iruñeko Alkatetza eta NUKFko Presidentetza lortuta.
Ondorioz, ezinezkoa dirudi Euskararen Lege zaharkitua aldatzeko beharrezkoa den adostasun politikoa lortzea, eta, beraz, lingua navarrorum-a geldialdi progresibo batera bideratuko da ezinbestean. Horrela, 30 urterako eszenatoki bat marraztuko da, non Nafarroako ipar-mendebaldeko ohiko uhartetxo geografikoetara mugatuta geratuko den, baita unada ideologiko-sentimental txikiak ere, foru lurraldeko hainbat herri eta hiritan sakabanatuak, eta de facto fosil idiomatiko bat bezala geratuko da, ekintzaren edo ez-egitearen ondorioz denok erantzukide izango garena.
Norbaiti axola zaio euskara Nafarroan?
Arazo larriena ez da Administrazioak Euskara meritutzat ez hartzea, baizik eta jendeak meritutzat ez hartzea; izan ere, Euskara ikastea, jakitera iristea eta erabiltzeko prest izatea izugarrizko meritua da. Izan da eta da. Baina jende gehienak itsu eta gor begiratzen du gure hizkuntza.
Ez gara gauza horrela jokatzeko. Erran nahi baita, ikaragarrizko meritua da lan egiteko adina gure hizkuntza menperatzea, zeinahi izan den ikasteko bidea. Eta hori errekonozitu beharko genuke, Euskal Herri miserable honetan, epailetto batek edo bstek halako eta halako esan izanagatik.
Euskara meritua da, arauek hala aitortu nahi ez badute ere. Euskaraz ikastea garrantzitsua da, oso, batez ere bizi garen euskaldunontzat. Oso inportantea da guretzat, eta kolektiboki aitortu behar zaie ikasten dutenei. Eta esan behar zaie: “Euskara ikasi duzue, eta esfortzu hori eskertzen dizuegu. Oposizioetan ez dizute ahalegin hori baloratuko, baina guk, euskaldunok, bai. Gaurko euskaldunok… Hala behar genuke. Argiak bagina, oposizioetan langile euskaldunak sartuko genituzke, baloraziorik egon gabe ere. Horiek behar ditugu, langile euskaldunak, eta ez oposizioan Euskara baloratu zitzaienak, baina egoera iraultzeko baliagarri ez direnak.
Alabaina, beti akonplejatuta gaude, epailettoak zer erranen, arauak zer ekarriko, Vox eo bestek zer helegite aurkeztuko. Miserableak gara. Orain aurrematrikulatzeko kanpaina izanen da, eta badirudi ia barkamena eskatu behar dugula D eredua eta ikastolak onenak direla aldarrikatzeagatik. Irakasleek sekulako lana egiten dutela, gure hizkuntza oinarri izan beharrean, beste ardatz baten inguruan lan gehigarria egin behar dutelako.
Lan hori egiteko prest daudenak behintzat. Zeren eta, irakasle belaunaldiak pasatzen ari baitira, eta berriak ez dirudite gauzak argi izaten dituztenak, inondik ere. Belaunaldiak pasatzen ari gara, eta arazoa ez da “Euskararen etorkizuna” zalantzan egotea; arazoa da etorki9zunean euskaldunik ez dela izanen.
Baina segi dezakegu politika-kakan jolasten, eskubideak legelariaren aurrean aldarrikatzen eta Korrikak egiten eta berregiten, nekatu artean.
Bat nator zurekin, Mikel. Tamalez, uste genuen baino beltzago izango da euskararen etorkizuna.
Bat nator zurekin, Mikel. Tamalez, uste baino beltzagoa izango da euskararen etorkizuna.
Jendeak mirariren zain dago: Irulegi dela, Gobernu progresista dela, Sanchez dela eta ez Vox…
Baina Mundu honetan miraririk ez da. Gainbehera hau geldituko duenik ez da eta asmatuko nukeela nago. Hala ere, badago bidea, badugu beste aukera bat. Herrika edo eskualdeka hasi biltzen, talde konpaktua, nahiz ttikia izan. Zahar eta gazteak. Bilera, konpaktatu, bilera, konpaktatu eta ekin.
Eta hasiak egina dirudi. Bideak eta bidezihorrak… aitzina egiten geren buruz ikasko dugu. Ez zaigu inor etorriko guri erakustera eta gutxiago salbatzera.
Gu hasi gara. Bilera, konpaktatu, bilera konpaktatu … eta ekin
Kaixo Juan, aski erraiten duzu jakingura sortzeko eta ez aski argitzeko. Baina beharbada ez da tokia ezta ere ordua.
Kaixo, Juan.
Bilera konpaktatu horien inguruan informazio gehiago ematerik? Alegia, non sortu dira? nork osatuak? zer helbururekin?
Mila esker.
Helburua? Euskara aitzina ateratzea gure inguru, gure dermio ttikian. Bakoitza bere etxetik hasi, bere herritik. Bilera eta batzarrea borondate oneko jendearekin eta erakunde eta instituzio guzietatik aparte. Horiek egin dezatela ahal dutena. Herritarrok eginen dugu gurea, ez daiteke zerbaiten edo norbaiten zain egon. Hori izan da gure bekatua, sineskorrak izan garela eta ez dakit zeren edo noren zain egon garen. Beti gaude salbatzaileren baten zain
Gehiago esateko ez da ordua eta ez da tokia. Lanean hasteko ordua da, eta ez instituzioek edo erakunde erdi ofizialek eskatzen diguten tokitxo edo unetxo horietan.
Hatsa luzeko lanetan has gaitezen, ez folklorekerietan eta gutxiago egon gaitezen Irulegiko eskuaren zai (hitz egiteko modua da)
Iduritzen zait, politika mailan porrotak sufritzearen bortxaz, desanimatzen ari garela. Baina, iparraldean batez ere, gure indar eskasa ikusita ez ote dugu, erraztasunaren tentazioagatik, konfiantxa eta espero sobera sartu politika klasikoan, edozein motakotan? Politika baliabide bat baizik ez da eta diozun bezala: “Horiek egin dezatela ahal dutena” baina guk herritarrok dugun helburua irudikatzen duten esperientzia konkretuak oraitik beretik asmatzea eta bizitzea ez ote da ahantzi dugun (ez denek) beste bide bat? Helburua eta baliabidea zuzenean elgar eratxikitzeko modu ebidente eta bidezkoa litzateke. Jadanik 1969an Beñat Latxaguek gaztetako suhartasunarekin ekonomia (eta kultura) mailan deseinatu zuen ideia. Ez gauzatu ordea. Barkatu, Juan, zure pentsaeratik sobera urrundu baniz.