Nor nori nork

Nor nori nork –

Karmele Jaioak Noticias de Alava hedabidean.

Gure amak beti esaten zigun erabili ezean, euskara hil egingo zela. Gure belaunaldikoek gure gain sentitu dugu euskararen biziraupenaren ardura, hala erakutsi zigutelako.

Nor nori nork
‘Kantu bat gara’. Argazkia: BARREN.eus

Aurrekoan Jon Maiak Kantu bat gara ikuskizun ederra eskaini zuen Gasteizen. Bertan Arabari merezitako omenaldia egin zion eta gogoratu zuen azken hamarkadetan euskara ez dela inon Araban beste hazi. Berotasun berezi bat sentitu genuen han izan ginen guztiok eta esango nuke bereziki hunkitu zirela zailtasun guztien gainetik aspaldi euskara ikasi zuten arabarrek. Eta honek pentsarazi dit duela berrogei urte euskara ikasi zutenen eta gaur egun euskara ikasten ari direnen artean dagoen diferentziaz.

Esango nuke gaur egun euskara bere testuinguru soziologiko-politiko-historikorik gabe irakasten dela kasu askotan, hizkuntza normalizatu bat izango balitz bezala. Eta modaz kanpo dagoen zerbait esango dut, baina iruditzen zait hain egoera zaurgarrian dagoen hizkuntza bat ezin dela irakatsi haren biziraupenerako beharrezkoa den militantzia eta ahalegin berezi baten beharra transmititu gabe. Hizkuntza irakastearekin batera, irakatsi behar da euskara ez dela ingelesa, ez dela espainola, ez dela frantsesa; nahiko genukeela haien egoera guretzat, baina ez, erabili ezean, euskara galdu egingo dugun hizkuntza bat dela gogorarazi behar da etengabe, guri txikitatik transmititu ziguten bezala.

Gaur egun euskararen hazkundea gazteen euskalduntzetik dator batez ere: egungo euskal hiztun gehienek, familiaren bidez baino gehiago, hezkuntza sistemaren bidez edota euskaltegien bidez jasotzen ari dira euskara. Baina ez dugu ahaztu behar hizkuntza irakastearekin ez dela nahikoa: euskararen ibilbidea ezagutu behar dugu euskararen erabilerak duen balioaz ohartu gaitezen. Gure ahotsik gabe euskararen kantua desagertuko dela behin eta berriz gogoraraztea beharrezkoa da. Euskara ez dela soilik nor nori nork.

Nor nori nork

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude