Nor den dakien herria
Nor den dakien herria –
Euskaldunon komunitatea hizkuntza gutxituen tropeletik tiraka doan lehen txirrindularia dela esan ohi du Jon Sarasuak, gure hiztun komunitateak duen indarra eta, era berean, erantzukizuna azaltzeko erabiltzen du metafora hori. Gainera, ez da autopertzepzio kontu hutsa, hainbat hizkuntza gutxitutako hiztunek aitortzen diguten rola baizik. Hori egiaztatzeko ez dago Garabide elkarteak duela urte batzuk ondu zuen Beltzean mintzo dokumentala ikustea baino hoberik. Bertan, beren hizkuntzaren arnasa itolarrian sentitzen duten Ameriketako jatorrizko hizkuntza handietako (kitxua, maia eta abar) zenbait hiztunek haien errealitatearen berri ematen dute, baita Euskal Herrira egindako bisitan ikusi eta ikasi zituzten horiek agertzen ere.
Bada, ikasleekin batera hiztun horien testigantzak entzuten ari nintzela, hizlarietako baten hitzek astindu zuten nire gogoa. Honakoa zioen Viviana Gonzálezek, Kolonbian kokatzen den eta nasa yuwe hizkuntza hitz egiten duen Nasa herriko ordezkariak: «Nasa herriaren kasuan, lurraldearen defentsaren inguruan eraiki da identitatea, bandera nagusia lurra izan da eta nasa hizkuntza bigarren mailara pasa da. Eta huts horretan, huts beharrezkoa, lurra izan delako lehentasuna, hizkuntza asko ahuldu da». Hizkuntza eta lurra, lurra eta hizkuntza; eskutik, elkarrekin eta berdinetik berdinera joan ordez, askotan, harreman asimetriko batean bizi diren bi elementu. Batez ere, estaturik gabeko herrietan, beren izatearen eta biziraupenaren aldeko defentsan jardun behar duten horietan. Eta horietakoa dugu gurea, alarma guztiak une oro piztuta dituela bizi den herria, txikitik eginez eta eraginez aurrera egiten duena, egin nahi duena. Txikiak, azpiratuak, hori egin behar baitu bizitzeko: borrokatu, eutsi. Handiak, aldiz, Nerea Loiolak duela hilabete batzuk berripaper honetan bertan idatzi bezala, «ez du ezer egin behar txikia jateko; egon, existitu». Teoria hori herriei aplika geniezaieke, baina baita hizkuntzei ere; nire ustez, elkarren eskutik baitoaz biak ala biak.
Horregatik bizi dut kezkaz euskal mundu abertzalean gero eta zabalduago dagoen ideia bat: fronte zabalagoa sortze aldera, euskara zentrotik, ardatz ideologikotik, ateratzearena; hala jokatuz gero, etorkizuneko euskal estatuaren proiektura jende gehiago batuko litzatekeela argudiatuz. Alegia, lurra izatea batzen gaituen hori, ez hizkuntza; lurra integratzailea balitz bezala, eta hizkuntza, berriz, diskriminatzailea. Hori baita gisa horretako diskurtsoek, oharkabean bada ere, zabaltzen duten mezua.
EHUko Komunikazio irakasle izandako Txema Ramirez de la Piscinari honakoa irakurri nion behin: «Markoa erosten duzunean margolana diseinatu duen artistaren eremuan sartzen zara. Nahitaez». Eta iruditzen zait hori ari zaiola gertatzen gurean askori, Espainiako ezkerrak sortutako marko espainolista batetik ari dela ustez abertzalea den diskurtsoa sortuz. Espainiako ezkerrak sortutakoa, haiek izan direlako euskara defendatzearen eta eztabaida politikoaren zentroan jarri beharraren aldeko diskurtso oro erromantiko, esentzialista edo atzerakoi bezala margotu dutenak (klasistatzat ere jo du zenbaitek, broma badirudi ere). Eta espainolista, gure herriko ipar-ekialdeaz, frantziar estatuak azpiratua dagoen horretaz, erabat ahazten delako; gure herria eta hizkuntza erdara bakar batek soilik, gaztelaniak, zapalduak baleude bezala.
Noiz eta azken aspaldian gurean egin den ikerketa soziolinguistiko interesgarrienetakoak, Iñaki Iurrebasok egindakoak, euskara, normalizazio-egoera batetik baino, heriotzatik gertuago dagoela erakutsi duenean. Etorkizun beltz hori eragozteko, honakoa proposatzen du Iurrebasok: «Bizi dugun minorizazio-egoera gorriak eskatzen du lehenik egoeraren larritasunaren kontzientzia hartzea eta bigarrenik hizkuntza-politika sendo eta ausartak abian jartzea euskararen alde. Euskara lehentasunetara ekartzea eta neurriko (neurri ez txikiko) hizkuntza politikak lantzea ezinbesteko zeregina izango ditu herri honek hurrengo hamarraldietan, mendeetako katea etetea nahi ez badugu behintzat». Lehentasunetara ekarri, ez periferiara eraman.
Non eta Bidasoak eta Pirinioek banatutako bi euskal eremuak, kanalez inoiz baino gertuago egonagatik, bihotzez gero eta urrunago dauden egungo Euskal Herri honetan. Joseba Sarrionandiak berak aitortu zuen, 41 urteko erbestealdiaren ondoren, atentzioa eman ziola fenomeno horrek, iparraldeko eta hegoaldeko euskal lurrek egun bizi duten deskonexioak, lotura faltak. Bada, zerbaitek gerturatu eta kohesionatu baldin baditzake bi lurrok, hori euskara da. Zerk batuko ditu Barkoxeko eta Guardiako herritar bi hizkuntzak eta kulturak ez bada?
Honekin guztiarekin ez dut esan nahi euskara izan behar denik egungo eta etorkizuneko Euskal Herriaren zutarri bakar, beste hainbat zutabe edo lan-ildo ere gehitu behar baitzaizkio: gurera datozenentzako harrera herri efektibo eta afektiboa nola izan asmatu; berdintasun politika egokiak diseinatu, genero, arraza nahiz klase diskriminazioek sortutako desoreka eta bazterkeriei aurre egiteko; egungo zein etorkizuneko erronkei begira ikasleak egoki, jakintzaz eta aukera berdintasunean heziko dituen hezkuntza sistema bat marraztu; eta abar.
Eta horiek guztiak euskaratik eta euskaraz landuko dituen proiektua da abertzaleok garatu eta bultzatu beharko genukeena; jakina delako euskara ez dela aski Euskal Herria eraikitzeko, baina euskararik gabe ez dagoelako Euskal Herririk. Berari esker ginelako, garelako eta, akaso, izango garelako herri; nor den dakien herri, eta ez lur subordinatu.
Beltzean mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz from Garabide on Vimeo.