Nolatan iraun du euskarak XXI. menderaino?
Nolatan iraun du euskarak XXI. menderaino?
Esango nuke azkenaldian galdera hori dela nagusi gure hizkuntzari buruz. Lehenago zer-pentsa eta zer idatzi gehiago eman izan du arbaso ezagunik gabeko izateak baina egunotan esango nuke ezetz. Ildo horretan, Nafarroan, beharrik, artxibo askotxo eta historialari asko samar ere baditugu, eta horietako bat Peio J. Monteano da. Lehenago Nafarroako erresumaren konkistaz bezala, azken bi urtean Nafarroako hizkuntzak jo ditu begiz, guztien gainetik dokumentu idatzietan apenas arrastorik utzi ez duen gure hizkuntza ikus- edo irakurrezina, eta euskarak XV. mendetik XVIII.era bitartean Nafarroako gizartean izan duen presentziaz bi liburu atera ditu oso izenburu esanguratsudunak: El iceberg navarro eta La lengua invisible.
Jakina, guri iragana etorkizunari begira interesatzen zaigu. Monteano historialariaren azterlanei esker, Bardeen atarian -Aragoi ibaiaren behereneko aldean- dagoen Murillo el Fruto-ko herritarrek jakitera iritsiko balira, artean XV. mendean herri nahiko euskalduna zela -herritar elebidunak eta erromantzez soilik zihardutenak ere egongo ziren, baina baita euskaldun elebakar mordoxka ere-, eta, esaterako, mugakide dituen Uxue eta Galipentzu, XVII. mendean ere euskaldunak zirela -egun eremu ez-euskaldunean hiru herriak-, denbora asko baino lehen eremu mistora igarotzeko eskean hasiko lirateke? Segur aski ez, handik honako mendeak ez dira alferrik igaro, eta bereziki 36ko gerra, baina ezagutza horrek ez luke pittin bat bada ere lagunduko euskara beste modu batera ikus dezaten, aspaldiko arbasoen hizkuntza gisa, eta ez ote luke lagunduko poxi batean eremu ez-euskaldunean ere ofizialtasunaren eskaria indartzeko? Bestetarako balioko ez balu ere, euskaraz (nagusiki) mintzo ziren herrietan nola gertatu den hizkuntza-ordezkapena hobeki barrentzeko aukera ematen digute aipatu ditugun bi liburuetan dauden datu egiaztatuek, eta, gainera, erraz eta oso gustura irakurtzen dira oso ondo idatziak daudelako.
Aurten argitaratu duen liburuan –La lengua invisible-, ikusarazi du Monteano historialariak honen aurreko paragrafoan aipatu duguna: Murillo el Fruto-n, Erriberaren atarian, XV. mende hasieran oso probablea dela hein handi batean euskaraz mintzatu izana, edo behintzat elebidun asko egotea eta elebakar euskaldunak ere bai.
Halaber, Erriberriko Carlos III.a noblearen jauregian, gortean, XV. mendearen bigarren eta hirugarren hamarkadetan, erregeren goi funtzionarioen artean oso probablea dela elebidun asko egon izana, eta han euskaraz aritu izana. Segur aski funtzionario gehienak euskaldunak ziren -anitz baxenabartarrak- eta haiek euskaraz mintzatuko ziren eta idatzi ere euskaraz egiten zutela batzuetan, nahiz eta idazteko hizkuntza nagusia nafar erromantzea edo gaztelania zuten. Beste modu batera esanda, euskara ez zela nekazari eta abeltzain eta artisauen hizkuntza soilik, errege funtzionarioena eta eliteena ere bazela garai hartan.
Zergatik? Jende asko alfabetatugabea zen -jendea ahozkotasunean bizi zen, eta idatzien errepublika oso jende gutxiren lantegia zen-; XV. mendetik XVIII. mendera arte hamar nafarretatik zazpi edo zortzi euskaldunak ziren, erdiek gaztelaniaz ez zekiten -bereziki emakumeek eta umeek- eta herri xehearen egoera linguistikoa hori izanik, errege eta justizia funtzionario izateko euskara jakin beharrik ez egonagatik eta gaztelania bai, lehentasuna zuten funtzionario elebidunek, eta Monteanok frogatu du XVI. mende amaieran ehunetik laurogeita hamabostek bazekitela euskaraz -hainbat kasutan, gaurtik begiratuta ezin sinetsia iduri badu ere, Iruñeko kaleetan ikasia zuten euskara-. Gogora ekar bedi kasik mende bat zela Gaztelak konkistatu zuela Nafarroako erresuma.
1645ean, esaterako, badakigu Iruñean iruindarrei euskaraz ala gaztelaniaz konfesatu nahi zuten aukeran emanda, %82k euskaraz konfesatzea lehenetsi zuela, garai hartan konfesioak zeukan garrantziarekin. Eta gaztelaniaz konfesatzea erabaki zutenen artean ere, gehientsuenak modu batean edo bestean elebidunak zirela.
Nafarroako konkistatik kasik bi mendera arte nahiko ondo eutsi zion euskarak bere estatus sozial hegemonikoari, ahozkoari dagokionez. Nafarroako erdialdearen hegoaldera, mendebaldetik (Lizarra) ekialdera (Zangoza) Tafalla eta Erriberritik eta igaroaz, eremu aski elebiduna izan behar zuen garai hartarako. Bai egongo ziren euskaldun elebakarrak eta erdaldun elebakarrak, baina elebidun askotxo ere bai, hots, euskara hegemoniko zen eremutik erdara hegemoniko zen eremura ez zela zakar igarotzen, baizik eta elebitasun aski zabalduaren bitartez.
XVIII. eta XIX. mendeetan euskarak atzerakada gogorra jasan zuen, eta zer esanik ez XX. mendean 36ko gerraondoan, gutxi asko irakurle guztiek ezagutzen dituzten arrazoiengatik (administrazio espainolaren eta bereziki irakaskuntzaren hedapena, eta apaiz eta mojen kolaborazioa erdalduntzean) baina XVIII.-XIX. mendera arte nola eutsi zion gogor jakiteko primeran datoz Monteanoren bi liburu hauek. Gomendatzen dizkizuet udarako. Ez dira batere astunak; aitzitik, plazerez irakurtzen dira. Eta bistan dago: mesede baino ezin diote egin euskararen ofizialtasun eskariari eta haren hedadura sozialari.
Nolatan iraun du euskarak XXI. menderaino?
Emaiten du euskararen ordezkapena fenomeno motela izan zela Nafarroan.
Alde honetan ere euskarak nahikoa luzaz erresistitu bazien ere kolonisazioaren tratu txarrei, aldiz, iragan mendearen erditsuan, bere ahozko hegemonia bapatean desintegratu egin zen exodo erruralarekin, baserri zibilizazioaren desintegrazioarekin batera.
Ezdakit sekula aski aitortuko dugun oinarrizko faktu hori.
Monteano historialariak lehenbizi aztertu zuen Nafarroa Garaiaren egoera linguistikoa konkistatua izan zen mendean, eta hurrengo mendearen lehen zatian. Harritu egin zen hain sendo eta azkar atzemanik euskara, eta XV. mendeari ekin zion, eta hor egin du topo Murillo el Fruto harrigarriro euskaldun edo aski euskaldunarekin. Ai ekingo balio XVIII. mendeari eta benetan ordezkapena ikaragarri azkartu zen XIX. mendeari.
Euskadi kontinentalari doakionez, beti entzun eta irakurri dut (Jean Louis Davant, Xarriton…) Lehen Mundu Gerra inflexio puntu nabarmena izan zela euskaldunen frantsesteari dagokionez, eta Bigarren Mundu Gerrak eta Indotxinakoak eta bereziki Aljeriakoak areagotu zutela.
Ene iduriko nazio kontzientziari ari ziren biak, eta horrentzat bi gerlak inflexio puntu inportantetzat har litezke beharbada, bainan hizkuntzaren praktikari dagokionez, Euskarak biziraun ahal zion zenbait denbora nazio kontzientziari.
Kontzientzien frantsestea lehen mundu gerla aurrekoa izan zitekeen, hasi zen sortzen kasik frantses iraultza orduko. Begira Mundutegi, Daguerressar…
Konbentzitua nago euskal baserri eta euskal auzo tipien mundua izan zela ingurumen politiko etsai batean Euskararen azken gotorlekua eta haien erorketarekin, ginauden egoera politikoan, Euskara ez zela pikutara baizik joaiten ahal.
Kulturak eta hizkuntzak batez ere badute zer ikus bizi eta lan moduarekin kontzientzia politikoarekin bezainbat.
Hau ez dute nunbait erran Xaritonek eta Davantek?
Harrituko nintzateke ez balute erran.
Bai, Benat, nirea iruzkin ttipi bat baino ez zen -milesker nire artikulua irakurri eta pentsamendua idazteagatik-. Euskararen gainbehera, mugatze aldera XX. mendera mugaturik, gai zabala eta askotarikoa da noski.
Baina, enumerazio azkarra bezain ez-osoa eginik, Lehen Mundu Gerran 6.000 euskaldun (laborariak gehienak) hilik mort pour la patrie Lertxundik kantatu bezala, estatuaren ordainsariak gerlari ohiei, horrek dakarren euskaldun familia laborari eta ofizialen kontzientzien frantsestearekin. Aljeriara 500.000 soldadu frantses, besteak beste, Davant, Txomin Peillen, Piarres Aintziart…; Davantek beraren belaunaldiari belaunaldi galdua deritzo euskararentzat, eta Piarres Aintziartek ere bai, besteak beste…; gerlei erantsi Ameriketarako emigrazio azkarra dakizun bezala, eta zuk diozuna, euskal komunitatea hustua eta zartatua, eta ama euskara abandonaturik; gehitu kostaldera urtero jin erretretadun frantsesak, lurren desjabetzea, turistifikazioa…
Baina, noski, tesi sakonik egin gabe, bereziki Hegoaldeko irakurleentzat gain-gainetik axola handiko gertakari batzuk aipatu nahirik.
Patxi nik zaitut eskertzen gai hau mahaina gainean ezarrik, nahiz piskat desbideratu dutan Iparralderuntz. Euskararen beherakada obsesionatzen nau eta.
Eman duzun faktore kaltegarrien numerazio askarra gehiago balioko zuen, ene uste apalez, hasi bazinu 1789eko iraultza frantziar (guretzat) katastrofikoarekin. Orduan jokatu baitzen, politika mailan, euskararen patua eta oraiko egoera politiko tamalgarria.
Eta perfektua izango zen gehitu bazinu, sozial mailan zibilazio ruralaren desintegrazioa. Orduan euskarak, Iparraldean, galdu baitzuen bere oinarri eta gotorleku sozial esentziala.
Patxi kontuz orai ez niz zutaz hitz eginen, gipuzkoarra izanki, desenkusa ulergarri bat baituzu.
Bainan nik konfiantza guti daukat bi faktore horiek azpimarratzen ez dutenetan edo besteen artean nasten dituztenetan.
Jakin behar duzu bi ahanztura hauek Iparraldeko esker abertzale anitzen ezaugarri inportantenetarik bi direla eta beharbada beren ideologiaren antzutasun eta kondenuaren arrazoia.
Hobe beharbada horretan gelditzea, beldur naiz zu molestatzea gehiago segituz.
Beñat, diozu: “bere ahozko hegemonia bapatean desintegratu egin zen exodo erruralarekin, baserri zibilizazioaren desintegrazioarekin batera.
Ezdakit sekula aski aitortuko dugun oinarrizko faktu hori”.
Hala da, bai, baina faktu hori aurretiko beste faktu oinarrizko batek bideratu zuen: euskararen ruralizazioa/desurbanizazioa. Hau da, euskara, hiria eta kalea galtzean, hesituta geratu zen ekosistema arras fragil batean, hain fragil non azkenean zuk aipatu exodoa pairatuko baitzuen.
Frantziako Iraultzak han edo hemen irakurria dudanez, beste mila gauza beste, hasteko, Ipar Euskal Herrian, 4.000 euskaldunen deportazioa ekarri zuen, ezta Benat? Sara, Azkaine eta beste herriren batetik…Senpere Iraultzaren alde paratu zela uste dut.
Anekdota esanguratsuetatik landa, Frantziako Iraultzak aurkiak eta ifrentzuak izan zituen, alde onak eta txarrak, eta bortxa alimaleko batekin hedatu zen, eta hori ahaztu egiten da, edo desenkusatu. Hegelen lagunek -Historiak beti du arrazoi, hots, irabazleek beti dute arrazoi eta galtzaileek inoiz ez-, ideializatu dute, eta ematen du dena ona izan zuela. Bada esaera bat Iparraldean: “Liberté, égalité eta fraternité, hiru gezur horiek egiak balire!”.
Hegoaldean, aldeak alde, liberalak aurrerakoiak, toleranteak, onak, eta karlistak atzerakoiak, fanatikoak, gaiztoak, eta orduan bi gerra karlistetan aurrerapena liberalen aldetik eta atzerapena karlisten aldetik. Berriro diot Hegelen lagunentzat. Azkenean, liberalismoaren garaipenetik etorri gara egungo nazio-estatu espainolera. Horrekin ez dut esan nahi karlisten defentsa dogmatikoa egiten dudanik, edo Frantziako iraultzaren aurkakoena, baina ezta “irabazleen” gorazarre akritikoa ere.
Beno, gai handi(egi)ak dira labur jorratzeko.
Patxi, aldi honetan, ez naiz ados zurekin, euskal nazioaren ikuspuntutik iraultza izan zen inperialismo frantziarrak eremandako inbasio kolonial bortitza eta atzerakoia pretentsio unibertsal faltsu batzuen pean.
Euskal herrian ez du alde on bihirik ere izan, erabat perbertsoa eta kondenagarria izan zen eta
Frantziarrek arrazoi onak badituzkete bestela pentsatzeko beren herri propioarentzat, guk gure herriarentzat ez.
Lapurdin jarri zuten orden despotikoa, beren egintzak froga, arrotza izaiteaz gain, suntsitu zuten orden tradizionala baino askoz atzeratuagoa zen.
Frantziar iraultzazale ere sentitzen zenez bezainbatean, pertsonaia bikoitza zen Xahok berak hori aitortzen zuen argi ta garbi.
Zergatik bada gaurko ezker abertzale askok ez dute edo ezin dute egia hori aitortu nahi Xahok bezala?
Garett, ulertzen dut esaten didazuna, bainan ez duzia uste Iruñan hiritartu baino lehen ere euskara baserri munduan sortua izan zitekeela?
Izan ere, gure euskarak oraindik ere zernahi zantzu dauzka laborantzatik edo abelzaintzatik zuzenean jinak. Aldiz ez diot horrenbeste zantzu ikusten hiriko edo gorteko bizitza iragan batetik?
Beno, Benat, jasoa zure tesi azkarra (Iparraldeko zentzuan):
“Euskal nazioaren ikuspuntutik iraultza izan zen inperialismo frantziarrak eremandako inbasio kolonial bortitza eta atzerakoia pretentsio unibertsal faltsu batzuen pean.
Lapurdin jarri zuten orden despotikoa, beren egintzak froga, arrotza izaiteaz gain, suntsitu zuten orden tradizionala baino askoz atzeratuagoa zen.”
Eskertuko nizuke bibliografia pixka bat (frantsesez bada, ez dio axola). Pare bat gauza, otoi, ez, hogei.
Patxi, kasik erraiten dutan guzia ateratzen dut Eugene Goyenetche eta Michel Duhart ene bi herrikidetarik.
Batez ere nik erabiltzen dut Michel Duharten “Ustaritz au temps de la Revolution de 1789” . Historio lan bikaina egin du M. Duhartek Uztaritzeko udaletxeko artxiboak arakatuz..
Hasi naiz euskararat itzultzen bainan bukatuko dut jubilatu eta gero, datorren urtearen erditsuan, Inch Allah.
Berriki Koldo Martinez Garatek espainolez atera du liburu bat horren gainean oinarrituz.
Liburua agortuta dago eta neukan ale bakarra Koldori emana.
nion.
Bestenaz Uztaritzeko IKAS-en badago beste alebat eta haiekin konpont ninteke zure eskuetan uzteko aste pare bat.
Euskarak iraun duen arren badirudi ARTE hitzak ez duela halako zorterik izan. 21. menderaino esan duzu mendera ARTEren kaltetan. -raino gurean distantzietarako erabiltzen dugu, arte denbora esaldietan.
Beno, inspektorea (edo “ikuskaria”,hobeki esan) agertu zaigu nonbaitetik. Sartu zaitez eztabaidaren barruan, Jontxu, axaletik jolasten ibili beharrean. Bestela, isilik egon. Bide batez, zuk darabilzun “distantzietarako” ez da jatorra, “muga-biTARTEetarako” hobeto legoke.
Esker mila Benat. Handik edo hemendik lortuko ditut.
Jon: Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren eskuliburutik zati bat (luzeagoa da)
RAINO/ARTE
-raino/arte
Benetako erabileran ez daude aski mugatuak bien arteko eremuak. Hala ere, nahiz batasunerako ez den ezer hobetsi edo arautu, modu zabalean adierazita, hau da erabilera nagusia: -raino ‘lekua’ adierazteko erabiltzen da (Donostiaraino joan behar dugu), eta arte, ‘denbora’ adierazteko (Bihar arte itxaron dezakegu).
Dena dela, ñabardura batzuk hartu behar dira kontuan:
• Badira -raino atzizkia daramaten denborazko adizlagun batzuk: gaurdaino (= gaur arte), egundaino (= egun arte), oraindaino (= orain arte); eta, aitzitik, lekuzko izen batzuekin, denborazko adiera nagusitu daiteke: Donostiara arte (= Donostiara iritsi arte). Dena den, mendebaldeko hizkera batzuetan -ra artek hartu duen tokia arauz kanpokoa da estandarrean: *Pagasarri(ra) arte joan gara gaur (> Pagasarriraino). *Kokotera arte nago zurekin (> kokoteraino).
Batzuetan, zentzuak bietarako aukera ematen du: Azken(era) arte ez zuen etsi / Azkeneraino ez zuen etsi.
• Bestetik, aditz ez-jokatuek bi moldeak hartzen dituzte, baina adiera-ezberdintasuna garbia da: -tu arte (‘noiz arte’; denbora): ezkondu [zen] arte, irabazi [zuen] arte; -tzeraino (‘zer neurritaraino’): dardarka hasteraino, loak hartzeraino. Erreparatu bi esaldion ezberdintasunari: Eskuak urratzeraino jardun du arraunean ? Eskuak urratu [dituen] arte jardun du arraunean.
Oroitu naiz Zuzeuen bertan aurki daitezkeela itzuli nituen M. Duharten 2 testu . Ez dute baitezpada iraultza garaia tratatzen baizik eta Lapurdiko historioa.
Hasi nintzen berriki irakurtzen M Duhartenek egin duen Joseph Garaten biografia eta harrituta egon naiz Iraultza orokorrari buruzko zer ezagutza sakona zaukan.
Hor ikusten da Garat frantses politikari anbizioz porrokatu bat bazik ez zela, barruko ministro izan zena, bere jatorrizko herriaz noiztenka gogoratzen zena.
Lapurdiko biltzakideek, geroak erakatsi zien bezala, ez zuten baitezpada ideia ona eduki estatus foralaren defentsa haren eskuetan inoxenki jarriz.
Gero “Etats generaux” ko bere trahizio harrigarria entseiatu zen nolazbait barkaarazten, bainan alferretan, Lapurdiko estatus foralaren suntsipena betikotz egina zen.
Gai honek ahantzia nuen Jose Ariztimuño Aitzol-enganaino eraman nau (1896-1936). Seguru entzuna duzula faxistek torturatu eta erail zutela. Beloken egon ondotik, La Galerna itsasontzia hartu Baionan Bilbora etortzeko, hura atxilo hartu faxistek, Ondarretako espetxean torturatu eta Hernanin fusilaturik. Espainiako II. Errepublika garaian, euskal berpizkundearen eragile nagusia izan zen, eta Orixe, Lizardi eta Lauaxeta eta horien bultzatzaile eta ezagutarazlea. Horretaz gain, Jose Antonio Agirre eta EAJren hurbileko apaiza, Aita Onaindiarekin batean, esan dezagun “apaiz nazionalista” eta ideologoa ere bai. Artikulu interesgarri asko idatzi zuen, gehienak gaztelaniaz, eta Martin Ugaldek bere idatziak sei tomotan bildu zituen. Bigarrenean “La democracia en Euzkadi”.
Liburu horretan, goresten du “euskal estatuen” esan dezagun kristau-demokrazia tradizionala, Eliza katolikoaren ikuspegiarekin erara (Aita Vitoria eta aipatzen ditu zehazkiago) zetorren gizabanakoan ez baizik eta familian oinarritua, eta gaitzesten erabat Frantziako Iraultzatik eratorritako demokrazia liberal indibidualista. Bereziki goresten du Lapurdiko 1789 aurreko antolamendu politikoa, Uztaritzeko Biltzarretan oinarritua. Rousseau jotzen du Frantziako Ilustrazioaren aita santu nagusi eta guztiz txarresten. Lapurdiko antolamenduari dagokionez, P. Iturbide delakoari jarraitzen dio: “Le biltzar d´Ustaritz. RIEV, 1907, 75 or.
Badu euskaldunok gustuko dugun euskal historiaren ikuspegi positibo hori: gure antzinako demokrazia egungo demokrazia liberal-kapitalista baino aurrerakoiagoa zelako ustearena. Gurean, bereziki, Gipuzkoan, Bizkaian eta Lapurdin, feudalismorik ez baizik eta kristau-demokrazia eredugarria egon zela dioena, eta badu zahar kutsu handia ere, egun pentsaezinak egiten zaizkigulako familietan oinarrituriko bozak edo hauteskundeak eta beste alderdi batzuk ere.
Honek ez du zure tesia baliogabetzen Benat. Irakurriko ditut zuk aipatuak.
Euskal balada eta erromantzeek aditzera ematen diguten mundu ikuskera nahiko beldurgarria da. Hemen ez zela feudalismorik izan? Ahaide Nagusien, oinaztarren eta ganboatarren joan-etorriak eta sarraskiak zer dira bada? Gizarte antolamendu hobea ordukoa? Ez dakit ba nik. Aitzolen eta berpizkundeko euskalzaleen iruditeriak agian bazuen zerbait idilikotik…
Bai, nahi bada, orduan euskara zabalduagoa eta biziagoa zen, osasun betean zegoen, ados. Hala ere, gutako zenbatek jasango luke gure arbasoen biziera gogor hura?
Galdera hauek parentesi txiki bat izan nahiko lukete daramazuen eztabaida interesgarrian. Jarraitu zuek lasai, mesedez, segitzen dizuet eta…
Iparraldean ere seguruenik halatsu zatekeen. Ikus Atharratzeko jauna pastoralerako Xabier Letek idatzi zuen hitzaurre, nire ustez, bikaina.
Boteprontoan Peru Gabiriko, eta zure interesari nolabait kasu egite aldera, eta ezezaguna zaidan itsas zabalean txalupa txiki batean idatziko banu bezalako sentsazioarekin, seguru orain, oro har, hobeto bizi garela materialki -zuk ere entzungo zenuen lehen euskal herrietan pobreagoa zela jendea baina elkartasun gehiago zegoela eta espiritualki esan dezagun jendea hobeto bizi zela-. Baina errealitate hain zabalean, interes fokua galdera batzuetara behintzat ekartzea izango bagenu:
1. Bere klaseekin ere, eros-ahalmen aldetik banatutako euskal gizartean -zein gizarte egon da banatu gabe-, esaterako, espainiar gizartean edo frantses gizartean baino berdintasun gehiago zegoen XVI. mendetik XVIII.era bitartean? Humboldti askoz gehiago gustatu zitzaion euskal gizarteko antolakuntza eta bizimodua espainiar gizartekoa baino 1799-1801 urteetan, hots, probintzia foralena, eta garai historiko hartan, Frantziako Iraultza berri zela, eta artean Cadizko Konstituzioa etortzeko zegoela. Bestalde, garai hartako Batzar Nagusietan badakigu aspalditik gaztelania jakin beharra zegoela kargu publikoak izateko -Gernikan 1620tik aurrera edo behintzat bai-; horrek esan nahi duen guztiarekin: posizio sozialean gora gaztelaniarekin eta ez euskararekin. Euskal eliteen eredu espainiar eliteak…
2. Baladak eta erromantzeak eta genero literarioa dira, eta bai orduko gizarteko hainbat ezaugarri eta abar atera daitezke, baina ez dakit zenbateraino diren esanguratsu esku artean darabilgun eztabaidarako.
3. Iraganak ez gaitu etorkizunerako lotzen.
4. Frantziako Iraultza garbi dago kanpotik etorritako inposizio bat izan zela Euskal Herri kontinentalean. Baina aurretik zer-nolako morrontza zegoen?, lehenbiziko hamarkadan zer ekarri zuen? Gehiago zabaltzen badugu, historiaren itsas zabalean erabat galduko gara.
Ene Peru, feudalismoa gauza oso zehatza da, goitik datorren eta errege batek ematen duen lege feudal bati dagokiona. Ignacio Arozena-ren liburua irakurtzen baduzu ikusiko zenuke euskal jauntxoek eta euskal komunitateek tenka batean bizi izan zirela mendeetan zehar. Jauntxoen leinuek botere militarra adierazten zuten eta hori beharrezkoa zen erromar inperioa erori zenez geroztik etengabeko borroka leku izan zelako Euskal mugaldea. Baina baita Zuberoa eta Atarratzen ere (irakur zazu Sandra Ott-en antropologiako liburua) euskal leinuak zirkularitete horizontalaren dinamikaren bitartez bizi izan ziren iraun bizi al izateko. Azkenean euskal komunitateek gaina hartu zieten jauntxoei eta beren erakunde sistema osatu zuten lehengo sistema komunitarioaren gainetik. Zure ustez euskaldunak espainolak eta frantsesak bezalakoak gara. Errespetatzen dut zure ikuspegia baina euskal historiaren ikuspegi alternatiboak (euskaldunek beren buruari buruz zituztenak) aztertu beharko zenituzke ere bai. .
Peru,
Lapurdiren historiaz dakitan gutitik entseiatzen naiz erantzuten ( Beti M Duharten liburutik arituz):
Hemen ere baziren familia haundi edo noble batzu, zuek jauntxoak deitzen ditutzuenak, pentsatzen dut: Uruñako urtubitarrak, Senperek Lahetarrak eta Makeako Jolimont Aranedertarrak. Beste batzu izango ziren ere bainan ez ditut gogoratzen;
Horiek beren tituluak irabazi zituzten Frantziako edo Nafarroako erregeen zerbitzuan egindako gerletan, ez eta lapurtarren zerbitzuan.
Zerga feudalarik ez eiki zuten biltzen besteenganik. Biltzarreko sindikak zuen bakarrik biltzen zerga eta parte bat esleitzen erregeari.
“Pribilegio” fiskal horrek erregea (eta batez ere bere “fermiers generaux”) bere onetik atera arazten zuen bainan, nahiz beti jankatzen entseiatu, ez ziren sekula erabat ezeztatzera atrebitu.
Gauza segura da nobleek edo jauntxoek ez zutela nehundik ere parte hartzerik Lapurdiko Biltzarrean. Apaizek ez gehiago.
Biltzarreko bileretarat, parropia bakoitzak, alegia orduko udaletxeek, bidaltzen zituen 2 ordezkari mandatu “inperatibo” batekin.
Ohitura honetatik datorke Garat frantximant politikari perttolin horrekin egin zuten errua.
Ez dut uste jauntxoek edo apaizek gehiago parte hartzen zutenik parropiako asanbladeetan, bainan hau oraindik kontrolatzekoa dut.
Bainan lapurdiko biltzarraren alboan bijilatzeko bazen erregearen ordezkari ofizial bat, bailea, kargu erosgarri bat zaukana eta askotan kargu horretan aurki zitezkeen delako familia horien kumeak.
Sistema administratibo honen parekiderik ez zegoen erresuma guzian ez eta Nafarroa beherean ez eta Xuberoan ere.
Askotan frantsesek edo haiek eragindakoek egozten dute parropia asanbladeetan ez zegoela etxemutilik ( morroirik), etxeko jaunek bakarrik zutela hitza. Erantzun ohi dut etxeko jaunak familia guzia ordezkatzen zuela eta frantziak inposatutako hautskundeetan honenbertzeko zerga pagatu behar zela bozkatzeko eskubidea izaiteko.
Azken gauza bat, Peru, hitz emaiten dizut uztariztarrak iraultza egin eta gero oso gaizkiago bizi izan zirela hainbat urtetan, gosetea, izuritea, hilketa, emigrazioa, deportazioa, armadeen soldadoen harpilaketa eta bortxaketa., oihan komunalen lapurketa, hegoaldekiko komertzioa eta harremanak etetea.
Hau guzia et asko gehiago ere irakurriko duzu ” Ustaritz au temps de la revolution” liburuan.
Azken detalle bat Michel Duhart ez da beharbada “abertzale” bat ulertzen dugun ohizko zentzuan bainan Herria abertzaleek bezainbat maite du eta Egia historian haiek baino askoz gehiago .
Mila esker Beñat zure erantzunarengatik.
Hemen Patxik eta biok zenerabilten haria ez nuke etenda utzi nahi. Jo, beraz, biok aitzina, garai ilun haiek zilatzen eta nihundik ahal bada, besteoi argitzen. Ez nauzu ni historiako aferetan biziki trebea, baina sinesten ditut gogotik hemen aipatzen dituzun iraultza garaiko desmasiak eta zalapartak.
Behin, Parisen izan nintzen Cluny ordenako abatetxe bat ikusten, eta han, beheko sotoan gorderik zeuzkaten Notre-Dame xaharreko atarian ageri ziren lehengo santuen harrizko itxurak, harri konkor itsusi batzu baizik ez, errebolta garaian denak jota porrokatuak. Dudarik ez da denbora hartan gizarteko zimenduak erautsiak izan zirela, eta , beraz, pentsatzeko da Uztaritzen ere aldi hartan gertaera lazgarriak bizi izango zituztela. Dudarik ez hortan!
Historia kontuetan, lagun, durdusa, nahasmendua eta ikara dira beti nagusi. Egiatik, aldiz,…
Beste kontu bat da, Beñat, Lapurdiko Biltzar haietan idazten ziren izkribuak, frantsesarekin batean, euskaraz emanak ote ziren. Zer dakigu gaur horri buruz?
Ez zaitut ezertara behartu nahi, Beñat. Zuk nahi baduzu, erantzungo didazu. Eta bestela, segi zuek lasai eztabaida honetan. Ea zerbait ikas dezakegun besteok…!
Peru ez nauzu moleztatzen, alderantziz, iraultzaren gertakariaren inguruko lausutasuna argitzea erabakigarria da guretzat
Aspaldidanik, erregeen garaian, derrigortuak ziren biltzarren txostenaren itzulpen bat egin araztea itzultzaile bati eta hori artxibatzea.
M.Duharten iritziz ez eiki zuten debate txosten guzia itzultzen eta artxibatzen , batez ere gatazkatsuak ziren parteak, (interesgarrienak hain segur) ez eta pentsatu ere.
Artxiboetan ez dira urte guzietako txostenak, badira urte batzuetakoak falta direnak eta ezdakigu xuxen zergatik.
Kuriosa da bainan emaiten du itzulpengintza problema iturri beti izan dela uztaritzen.
Iraultza eta piskat geroxago alkateak borondate txar nabarmenez argudiatzen zuen ez zuela nihor aurkitzen gai zenik euskaraz itzultzeko Baionatik frantsesez zetozen agiri ofizialak.
Duela oso guti, bileretan euskaraz baizik mintzatu nahi zuten 5 herri kontseilarik demisioa eman dute besteak beste alkateak ezin zuelako itzultzaile bat kontratratu.
Emaiten du badela halako tradizio bat. Noiz artio bada?
kaixo!nola ikusiko zenukete zuek txipreko eredua aplikatzea euskal herrian(,bonaparteren mapa hori oinarri hartuta)gatazka nazionala konpontzeko asmoz?
Zinez interesgarriak zuen ekarpenak, Pako eta Beñat. Segi horretan.
Ñabardura bakar bat egitera ausartuko naiz baina. Euskarak… iraun du?
Hartsuagak esan ohi du (zuzenduko nau/nauzue hala ez bada) mitoa dela euskararen iraupenarena. Euskara gehienbat galdu egin dela. Eta ni bat nator berarekin. Gure begi-belarrien aurrean ari gara euskara galtzen, eta ez hori bakarrik… Euskara nagusi deneko eremua sekula baino urriagoa da, eta urritzen jaraitzen du…
Ba, beraz, Jonjo, euskara gehiago nausi ez den gure eremuetan, zergatik ez azter kibutza erreskate soluziotzat?
Ene burua erridikulua bihurtzeko arriskua hartzen dut, bainan, pertsonalki ez dut beste hauturik ikusten, behintzat ez badugu gure bizitzan erabateko euskararen desagerpena ikusi nahi toki horietan.
Erridikulutik ezer ere ez du, ausartetik asko. Ausartegi agian herri otzandu (Benitok dixit) eta bere buruaz atzendu honetarako. Gustatzen zait, halere. Sakana bezalako inguru gero eta erdaldunduagoetarako adibidez.
Ez naiz historialari profesionala. J-L Davant askoz ere adituago da, noski, nahiz profesional-profesionala ere agian ez den, baina historiaz asko enplegau dena behintzat bai. Merezi du Frantzia eta nazioa-(Maiatz 2017. 52-54 eta 62-71) irakurtzea, nahiz batzuetan kaotiko samarra gertatzen den, egitura nahasi samarrekoa. Frantziako Iraultzaz dezente aritzen da. Hona zati batzuk:
“Frantziako Iraultza handi horrek bi oinarri ditu: pertsona eta kontratu soziala. 1. puntuaz libratzaile da, eta horretan mundu berriari sorrera ematen dio. Aitzinetik taldeak zuen lehentasuna (etxeak, familiak, parrokiak…) orain gizabanakoak du demokrazietan. Hori da gaur arabiar iraultzaile gazteen artean agertzen den berritasun nabariena. 2. Puntua: kontratu sozialaren ideia Jean-Jacques Rousseau suitzar filosofo frankofonoak hedatu zuen, John Locke ingelesaren ildotik. Iragana ezabatzen du, gizartea hutsetik berpizten eta kontsentsuz eratzen. Beraz Frantziako Iraultzak aitzinetiko instituzio eta erakunde guziak desegin ditu, bereziki lurralde historikoak, probintziak eta beste, gure kasuan Lapurdi herria, Zuberoa herria eta Nafarroa behereko erresuma. Instituzio berriak dira udalak parrokien ordez, eta departamenduak: Iparraldeak berea nahi luke, baina ezin lortu.
Kontratu sozialaren ideia, printzipio zuzena da. Baina kontua da nola betetzen den, eta lehenik nork bideratzen duen. Frantziako Estatuan kontratu soziala periferia erraldoi bati, gehingo zabala zenari boterearen erdigunetik inposatu zaigu, eta nork inposatu digu? Indartsuenak, Parisek, Ile-de-France eskualdeko zuzenbidea erresuma osora zabalduz bere iraultzaleei esker (…)
Bigarren akatsa, kronologian lehena, erregeenganiko Frantzia bere osoan hartu digute, mugarik zalantzan jarri gabe, horien barneko pertsona guziak frantses bezala hartuz, inoren iritzirik galdatu gabe. Hori ere Kontratu libre baten aurka doa.
Hirugarrena, beste bien ondorioa, Nazio monolitiko berria absolututzat jotzen dela, erregea lehenago zen bezala. Nazio txikiagoak horretan urtzen dira. Horien historia desagertzen da frantziar historia berri baten onetan (…)
Iraultzaren ekarpen baikorrak. (…) <> delako gizon eta herritarraren eskubideen aldarria, 1789an Bordeleko Champion de Circé artzapezpikuaren inguruko talde batek idatzia Konstituzioaren hitzaurretako.
Nazioa zentzu berri, politikoan, herritarren nahian oinarritua, hauek <> osatzen dutela (…) Le droit des peuples à disposer d´eux-mêmes>>, hots, gaurko hitzez populuen autodeterminazio eskubidea, berak beti errespetatu ez bazuen ere”.
Aldatutako aipu horietan ikusten den bezala, eta batez ere Frantziako Iraultzaz dioen guztia irakurrita, esango nuke alde txarra gehiago aurkitzen diola ona baino. Ni, oro har, ados. Baina beti iritzi berriei irekia, pentsatzen dut zuetako asko bezala.
Euskarak iraun duen ala ez? Aje handiekin, baina euskaraz ari gara, ezta? Eta idatziz.
Laburbilduz Patxi:
tribua deuseztatu zuen eta inbidualismoa, gizabanakoa balioetsi. Hori da, ezta?
“Frantziako Iraultza handi horrek bi oinarri ditu: pertsona eta kontratu soziala”
Iraultzak gure Herrian konkretuki zer egin duen ikusita, ateraldi hau serio botatzeko, beldur niz JL Davantek endoktrinamendu dosi on bat jasoa dukeela gure politikari, intelektual eta unibertsitario gehienek bezala.
Nik ez dut uste Frantziako armadek asko egin dutenik Rousseauren ideiak Iparraldean zabaltzeko
Jo, Peru, gaueko ordu txikietako laburbiltze lasterra, ezta?, munduko trenik azkarrena baino azkarragoko laburbiltzea.
Batetik, askatzaile, zure familia noblea izan edo ez, denak maila berean gizabanako gisa. Estamentu gizartearekin hautsi eta gizabanako librea inposatu. Burges dirudunen ametsa gauzatu. Gaur egun denon amets bihurtu dena bestalde, burgeskume edo proletario edo langilekume izan. Eta Frantzian Ile-de-France-ko tribua nagusitu Hexagono osoan -eskualde eta nazio guztietako kolaboratzaileekin batean-, Espainian Gaztela bezala. Gainerakoak desagertzera kondenatuak (nirea ere laburbiltze laster-lasterra, noski!).
Jo Benat, zu ere gaueko ordu txikietako laburbiltze lasterretan. Hartu pare bat esaldi eta doktrinatze kontuak. Beste hau ere irakur dezakezu Davanten liburu horretan: “…aitortu behar dut 1789ko printzipioek <> ireki zutela historiaren ekarpenak ezabatuz eta dena utziz arbitrarioa izan daitekeen <> famatuaren mende. Frantziako Iraultzaren jatorrizko bekatu <> hor dago sakonean, eta beste guziaren oinarria dugu: historiatik datorren guzia ezabatu nahi du, eta mundu berri bat zerotik abiatu arrazoi hutsari fidatuz. Eskubide historikorik ez dago, dena kontratu sozial berriz egin behar da. Baina kontratua nork asmatzen du, idazten, inposatzen? Azken batean indartsuenak. <> horren printzipiotik sortu dira fazismo guziak, edozein kolorekoak: zuri, beltz, gorriak, bereziki Mussolini, Staline, Maorenak. Bazter uzten ditut Hitler eta Kanputxea, hain dira hibridoak, anormalak eta heretikoak fazismoaren ikuspegi klasiko batetik ere”.
Adorno eta Horkheimer aleman filosofo famatuek II. Mundu Gerra ari zela testu famatu bat ondu zuten: Ilustrazioaren dialektika. Tesi nagusietako bat: Ilustrazioak, Arrazoiak, ekarri gaitu holokaustora.
Davantek asko eman dio euskarari eta Euskal Herriari. Bere ideiak kritikatu daitezke, noski, baina irakurri ondotik, ezta?
Bestalde, ez nuke gaiztoa izan nahi Benat, baina kibbutza aipatuta, juduak datozkigu burura, eta holokaustoaz gain, Israelgo estatuaren historia odoltsua bi oinarritan bermatua: armada indartsu-ahalguztidun-ankerra, eta AEBen era guztietako laguntza: ekonomiko-politiko-militarra. Ez al litzateke hobe beste izenen bat: laborari kooperatiba euskaldunak edo???
Lehengo batean, kibbutzak hizpide zirela, norbaitek “etxadi” hitza erabili zuen. OEHn esanahi hauek guztiak ematen zaizkio etxadi-ri:
– Casa, familia, conjunto de los habitantes de una casa; (en el Antiguo Testamento) tribu.
– Barrio; conjunto de casas.
– Manzana de casas.
– Aldea.
Aukera ona izan liteke. Ez dakit beste hitzen bat proposatu den.
JJ eta Euskara herriari ez diet kasurik egin. JJri ez dakit zer esan; askotan gauza bera pentsatzen dudala, baina batez ere Urola eta Lea-Artibai eta Tolosaldeko eta Goierriko herri txikiak kontuan harturik, eta ahozkoari dagokionez. Bestalde, gu baino okerragoak daudenak gurera etortzen dira “ikastera”, eta galera horrekin irabazi batzuk ere badaude. Derrotismoan ez gaitezen erori, eta autokonplazentzia xaloan ere ez. Hortik aurrera ez dakit zer esan!
Ziprerena inoiz irakurri gabea nuen. Greziarrak versus turkiarrak; zatitu eta kito. Baina hemen nagusiki hiru gaude, ezta? Euskaldunak, espainiarrak eta frantziarrak, eta arriskuan gu. Hain nahasirik egonik euskaldunak eta espainiarrak Hegoan eta frantziarrak eta euskaldunak Iparrean, beste nazio edo herriak beste, Zipre ez da posible, eta Suitza ere…?
Ez zait bada iruditzen herri otzandua (ez otzana) eta gure buruaz atzendua garela esatea derrotismoa denik… Euskaldunak onartuak gara gizarte españolizatu/ frantsestu honetan, ugazaba erdaldunak deseroso sentiarazten ez ditugun neurrian, eta horretara ohitu dira gure mintzakide gehienak.
Nire lantokia (Eusko Jaurlaritza) uste dut horren adibide bikaina dela, berbarako. Goitik behera ia guztiz españolez diharduen erakundea da. Euskarazko testuak itzulpenak dira %95, eta laneko hizkuntza espainiera, %90ean. Erakundeak baditu baliabideak egoera hori iraularazteko, baina ez dago horretarako borondaterik.
Eta bertan itzultzaile, euskara teknikari, trebatzaile eta bestelako euskaltzale andana dabil lanean, egoeraren larriaren jakitun eta lekuko, baina txintik ere esaten ez duena, zirkinik ere egiten ez duena egoera salatzeko edo aldarazteko.
Izan zen dozena erdi-edo lagunek osatutako tmatxino alde antzeko bat, baina zendu zen hura ere, urteak direla.
Beste lantoki eta erakunde batzuetako lankideek esaten didatenagatik, egoera hori arrunta da oso. Neronek barrutik ezagutu ditudanetan ere bai.
Ez dakit zein izen eman dakiokeen egoera horri bestela…
Zure lantokia, JJ, nirea ere bada. Irakaskuntzan nabil, eta gure Institutu zokoetako trapu zaharrak astintzen hasiko banintz, aterako nuke hona kontu bikainik asko… Harrigarria da zenbat eusko-majadero dabilen gure ikastetxetan!
“Majadero” hitza neuk asmatu dut = “majeratik” pentsua jaten dabilen animalia esan nahi du, euskal hirietako bulego eta ikuilu zokotan ondo asetakoa, alegia.
Orain oporretan gaude denak, baina orain arte goizero metroan nenbilela, euskaraz entzuten nituen bakarrak irakasle sasi-euskaldunberri-majaderoak izaten ziren.
Kontua da, jendaila horrek ez dakiela ez euskaraz, ez gaztelaniaz, eta apenas deus bestetan. Gogotxarrez eman behar duten ikasgaiaz apur bat, horixe bakarra.
Hilaren bukaeran pentsua eskatzen dute, pagotxa, eta eman egin behar zaie, zerbitzu publikoa egiten ari direlakoan..
Gezur handi baten erdian bizi gara aspalditik, lagunok, Eusko Jaurlaritzaren kontura. Neu ere bai.
Goizeko ordu hoietan erdi lokarturik, drogaturik bezala joaten naiz metroan, eta ez naiz asko konturatzen nire inguruan gertatzen denaz. Baina orain gaia atera duzunez, JJ, arrazoi osoa ematen dizut. Ostia txarrean jarri nauzu, gainera !
Ni ez nago gaztelaniaren kontra, are aitzitik, asko maite dut hizkuntza hori, niretzat aberatsa delako. Kontua da, jendeak ez dakiela pulamentuz mintzatzen. Ez gaztelaniaz, ez euskaraz.. Bien arteko euskañol txotxolo batean mintzatzen gara guttiz-gehienak. Eta horrekin ezin zara inora joan.
Ez dakit argi esplikatu dudan. Gaztelerari ezin diogu uko egin, geurea ere badelako. Niri gaztelania kenduko balidate, beso bat moztea bezala izango litzateke. Etsaia ez dago hor, lagunok. Etsaia gauzak egiteko geure ohiko ganoragabekeria da !
Peru, besteek jadanik erran bezala, iIraultzalariek suntsitu nahi izan zituzten iraganarekiko eta komunitate tradizionalekiko lotura guziak frantziar estatulatriarien bidea ideki eta zabaltzeko. Alde horretatik “Iguzki” erregearen oinordekoak dira.
Pentsa zazu, joan dira gure herrien izenak aldatu nahi izaiteraino, Uztaritze izena kendu ziguten et “Marat sur Nive” izena inposatu. Berdin Baigorrin , “Thermopile” edo antzeko zerbait, uste dut.
Patxi, Davanti dagokionez, egia da haren ganik Enbatako iritzi artikuluak ditudala gehien irakurri ez eta zuk bezala historia liburuak. Entseiatu bai, bainan, hasi nintzen aldi guzietan bururaino segitzeko gogoa faltatu zait. Gauza bera hau gertatu zait Manes Goyhenetxekin ere bai. Ez ordea Eugene Goyenetchekin edo Michel Duhartekin.
Patxi, ez dakit arrazoi duzun eni ezidurika gogoaraztea ez ditudala Davanten meritoak irabazi euskararen eta Euskal herriaren zerbitzuan, eta, zuk egindako davanten aipamenak iruzkindu edo kritikatzeko eskubidea bere liburu guzia irakurri behar dela izan Bi metodo horiek ez dira egokiak zintzoki eztabaidatzeko.
Zergatik aipamenak egin orduan ez badira komentatzen ahal?
Zer nahi gisaz ez ginen bakoitzen meritoetaz jardun ez eta iraultzaren esannahi eta justifikazio filosofikoaz, baizik eta, zer izan zen iraultzaren esannahia eta errealitate konkretu gordina gure Euskal Herri konkretuan.
Bada, makur ez baniz, JL davanten zure aipamenek, ezbatak ez besteak ez dute hau egiten.
Gauza bat da salatzea lau haizetara iraultzaren makur orokorrak europa gaindi , beste gauza bat da jabetzea eta salatzea, lehenik, gure Herriak hemen bertan pairatu zuen inbasio inperialista eta etnozidioa, faktu konkretuak berme, eta bigarrenik ondorioztatzea oraiko egoera tamalgarria hortik datorrela zuzen zuzenean.
Aitortzen dut ez dela erraza zaharkeria horiek mugitzea, garaia kolaborazio harmoniosenenean datzala , adore asko galdegiten duelarik, eta metodo onena edo bakarra dela jarritako orden publikoarekin arazoak izaiteko .
Bederen , Eugene Goyhenechek eta Michel Duhartek beren estilo eta prudentziarekin lehen eginkizuna bete zuten. Egia da nehork kasik ez dituela gehiago irakurtzen.
Kibutzari dagokionez, kuriositatez nahi nuke jakin zertan bada ez zinuke gaistoa izan nahi enekin.
Izan ere pentsatuko dukezun bezala, XX.mende hasierako epopeia zait interesgarri eta inspirazio iturri. Orduko errusiar anarko sozialista xumeek guti zuketen ikusteko oraiko Izraeleko armadarekin eta Estatu batuekin guk biok baino gutiago oraindik.
Kibutz izena behin behinekoa da, bere abantaila da alde edo kontra, denek piskat ezagutzen dutela
Utz ginezake ideia zehaztuko luketen balizko lehen sortzaileei behin betikoaren edo betikoen aukera
Jonjo, azkenean, ez kasurik eman derrotismo edo autokonplatzetzia bezalako termino desegokiei, segi erraiten bizipenak sentiarazten dizuna, ona da gu guzion moralarentzat eta ekintza justuak bideratzeko.
Ohartxo bat aurretik. Aurreko mezu baten, Davanten liburutik hartutako aipuetan “<>” artekoak jan egin dizkit. Ez ditut berridatziko, baina, beno, ez da egon zentsurarik baizik eta akats teknikoa.
Ez, JJ, azken mezuan egin duzun diagnostikoa ez da derrotista (zure aurreko mezuari hartu nion kutsu derrotista):
“Nire lantokia (Eusko Jaurlaritza) uste dut horren adibide bikaina dela, berbarako. Goitik behera ia guztiz españolez diharduen erakundea da. Euskarazko testuak itzulpenak dira %95, eta laneko hizkuntza espainiera, %90ean. Erakundeak baditu baliabideak egoera hori iraularazteko, baina ez dago horretarako borondaterik.
Eta bertan itzultzaile, euskara teknikari, trebatzaile eta bestelako euskaltzale andana dabil lanean, egoeraren larriaren jakitun eta lekuko, baina txintik ere esaten ez duena, zirkinik ere egiten ez duena egoera salatzeko edo aldarazteko.”.
Aspaldi salatua dago euskararen inguruko teatroa, joko bikoitza. Atxagak ere maiz salatu du. Ez naiz ezer deskubritzen ari esanda politika eta administrazioa elkarren eskutik dabiltzala. Eusko Jaurlaritza administrazio guztiak bezala hierarkikoa da, eta ardura mailak ere bai.
Goian ez dago egoera iraularazteko asmorik (jartzen badut PNV-PSE ezkontzak baduela zerikusia Bentazar aztoratuko dut ziur); ez dago Euskararen Legea aldarazteko asmorik; ez dago euskararen inguruko diskurtso txepela aldarazteko asmorik, eta ez goaz ondo. Hori ez da derrotista, errealista da.
Behe(rago)koak goxo daudela egoerarekin? Baita ere. Baina ematen du gauden egoeran goikoen lidergo sendorik gabe jai dugula, eta ez dugu horrelakorik ikusten. Ni ere ezkor.
Gaztelaniaren zenbaterainoko beharra dugun Peru…triste samarra egiten zait, baina, beno, sintzeroa izan zara…
Patxi, ez naiz ni gauzak beti garbi dituen horietakoa. Batzuetan zuk bezala pentsatzen dut. beste batzuetan, ez.
Judutarrak bezain argiak eta adimentsuak bagina, Kibbutzaren gisako ekinbideak aspalditik aurrera eramanak izango genituzkeen. Irudimena erabiliz sortutako bilgune kultural aberatsak eta ederrak, baita arrotzak erakartzeko ere (jakin egin behar hori egiten…),
ETAren bide antzutik energia handia galdu dugulakoan nago. Agian Benatek dioena, kibutzaren ideia, ez da burugabekeria. Beharbada hortik etor daiteke zerbait, gauzak ongi burutzen asmatzen badugu, behintzat.
Pare bat ohar Benat. Ez nuen zure sentiberatasuna mindu nahi. Davantek ez du nire defentsaren beharrik, eta ez zen nire xedea zuen bion merituak erkatzea. Interesgarria deritzot Frantziako Iraultzak bereziki Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ekarri zituen kalapitak eta kalamidadeak hobeki ezagutzeari, eskoletan-eta Frantziako Iraultza gehienbat laudatzen eta goresten delako bere alde makurrak eta bortxa alimalekoa ezkutatuz edo desenkusatuz.
Kibbutzei buruzko aipamena idatzi ez banu hobe. Juduak begi onez euskaltzale eta abertzale askok ikusi izan dituzte holokaustoaren ondotik, dakizun bezala, 1967ra arte hortxe nonbait; hebreeraren berpizkundea, eta ekonomia aldetik, desertua emankor bihurtzea, eta hainbat gauza miresgarri egin dituzte dudarik gabe, baina era berean estatuaren sortzetik beretik ankerkeria ugari palestinarren alderako. Besterik gabe. Orain ez gara juduez eta Israelgo estatuaz hasiko.
Liburuak eskatuak ditut.
Diosal zintzoa.
Gaur bertan Koldo Mitxelena liburutegitik hartu dut Luis María Martinez Garate iruindarraren Ustaritz 1789 Laburdi en la Revolución francesa, eta berehala irakurri dut (100 orrialdera ez da iristen).
Orain hobeto ulertzen ditut zure iritziak Benat. Oinarrian, Michel Duhartek Uztaritzeko udal artxiboetan egindako lana dago, baina Martinez Garate iruindarrak ere asko bideratzen du interpretazioa Duharten lana testuinguruan kokatuz eta konparazioak-eta eginez, esaterako, Sara eta inguruetako 3.000-4.000 euskaldunen deportazioa Landetara eta haiek pairatutako neke eta miserien ondoriozko 1.600 bat lagunen heriotza, Gernikako bonbardaketarekin alderatzean.
Oro har, garbi ikusten da nolako inposizioa eta deskalabrua eta kalamidadea izan zen uztariztar gehienentzat, Iraultzarekin kolaboratuz posizio sozialean gora egin zutenentzat salbu, eta, jakina, hedaduraz, nahiz eta estrapolazioak sinplifikazioak izan, Ipar Euskal Herriarentzat Frantziako Iraultza eta Konbentzio gerra (Gipuzkoa tartean).
Liburuaren azken aldera Iraultzarekin bat egin zuen Dominique Joseph Garat desengainatuaren aitormenezko hitz hauek jasotzen dira : “Uztaritzek guztia galdu du; jada ez du ez Biltzar eta ez tribunalik; artile biltegi bat baino ez da Espainiaren eta Frantziaren artean; familiak itzaltzen dira eta etxeak zatika erortzen edota abandonatuak dira narrasti eta gau-hegaztientzat. Zein lasterrak diren dekadentziaren eta suntsipenaren aurrerapenak” (gaztelaniatik euskaratua). 1838ra arte ez omen zen lehengoratu Uztaritze.
Halaber, Ipar Euskal Herriaren kontserbadurismoaren sorburutzat ere jotzen da Frantziako Iraultza, bizimodu tradizionala hain bortizki eta hain errotik itzularazi nahiak erreakzio moduan sortua, apaiz zigortuen aldeko atxikimenduak-eta hartaraturik.
Liburua laburra eta nire laburpena are laburragoa.
Garai hartaz gehiago irakurtzeko gogoa pizten du; niri bederen bai.
Pako azken hitz bat onartzen badidazu, Sustut ulertu behar dugu zer den frantziar Iraultzaren « INDAR ALIMALEKO » horren esan nahi politikoa euskal nazioarentzat. Hau da :
Europako nazioak, frantziarra buru, politikoki eratzen hasten ziren garai inportante horretan, Estatu iraultzalari inperialistak errotik eta betikotz euskaldunei kendu nahi izan zuten egunen batean nazio politiko bat eratzeko aukera. Horregatik behar zuten atsulutuki Lapurditik desagerarazi hurbildik edo urrundik antolakuntza libre psible bati zirudien guzia.
Gertakari historiko horren irakurketa xuxena da berez gure teoria politikoaren gako erabakigarri bat.
Nabarmen da, gaurko gure populuaren egoera poltikoa, intelektuala eta morala hortik datorrela xuxen xuxenean.
“BORTXA ALIMALEKO” erran behar nuen, zure hitz berberak erabiltzeko xedez
Lapurtarren deportazioaz. 3000/4000 deportatu, 1600 bat lagunen heriotza. Zenbaki horiek erabiltzen dira maiz, deportatuen kopurua, batzuen ustez, 4000/5000koa delarik, baina batere frogarik gabekoak dira.
Ez nuke sobera luze izan nahi, baina aipamen batzu “Sara, etxeak eta deiturak lau mendez” 2005 (14/15 orrialdeak) liburutik hartuak:
“Erran izan da 2400 eta ere 3000 deportatu izan zirela Saran! eta horien artean 600 hil zirela… Haristoy jaunak zioenez Saran 698 deportatuak izan ziren, bainan egiazki 63 Saratar deportatuen izenak ematen ditu (horien artean 8 hilen izenak). Geroztik egin ikerketak …(“La Révolution en Pays Basque” 1994) kontuan arturik, bertze 36 izen ditugu (horien artean 21 hilen izenak), orotara, beraz, 99 izen ditugularik (29 hilen izenak barne)”…
Erran behar da deportazioaren datuak Haristoy jaunak eman zituela 1895an argitaratua izan zen ‘Les paroisses du Pays Basque” liburuan. Liburu horren 440. orrialdean, bilduma gisa, hauxe dio: “Récapitulation des internés: Sare 698; Ascain 416; Itsatsou 271: Espelette 124; Ainhoa 84; Souraide 38; Larresore 58; Ustarits 58; Cambo 77; Louhossoa 11. Total 1835”
Baina Haristoy-ek berak xeheki ematen ditu, herriz herri deportatuen izenak. Eta kontuak eginik 404 deportatuen izenak ematen ditu soilik, Sara herriarentzat 63 (8 hilen izenak barne).
Sara herrian alde handiak, beraz, batzuen eta bertzeen artean, baina askok nahiago dituzte kopuru handiak, etsaiek eginak izanki…
Barka hain luze izanik
Joxemiel
Dena den Joxemiel, datu horien garrantzia ukatu gabe, ukaezina dena da Frantziako Iraultza bortxaz eta ez sedukzioz hedatu zela, lehenik, Hexagonoan, eta gero Europan. Hori da axola handiena duena.
Gernikako bonbardaketari buruz Xabier Irujok dioenez, 2.000tik gora izan ziren hildakoak. Baina hor ere datuen garrantzia ukatu gabe, axola handiena duena da garbi uztea nahita egin zela izua hedatzeko, eta orduan Europan potentzia militar handiena zenak esperimentua egiteko erabili zuela, nola suntsitu hiri bat hiru ordu eta erdiko bonbardaketa baten bidez, eta Francok-eta agindu zutela.
Jakina, Frantziako Iraultza bortxaz hedatu izanak ez du besterik gabe Ipar Euskal Herriaren kontserbadurismoa zuritzen edo goresten. Ez eta Frantziako Iraultza erabat txarresten, aristokrazia zibil eta erlijiosoaren pribilegioen alde ez bagaude behintzat.
Nik uste oso zaila dela Sara eta inguruko herrietatik deportatuak izan zirenen izen-abizenak jakitea. Garrantzizkoagoa litzateke jakitea Iraultzak zenbateraino erabili zuen bortxa izua eragiteko soilik, ala erresistentzia suntsitzeko. Bortxa gehienbat erresistentzia suntsitzeko ala bereziki izua eragiteko?
Espainiako 1936ko gerran, Franco eta Mola jeneralaren aldekoek 6.000 pertsona baino gehiago erail zituzten frontetik kanpo, erresistentzia suntsitzeko baino izua eta terrorea eragiteko.
Josemiel,
Hemen bertan itzuli nuen letra batean M Duhartek emaiten zigun 3000 inguru desterratu eta Eugene Goyhenetchek “Le Pays Basque” bere liburu gotorrean kopuru ber bera emaiten digu 408 orrialdean.
Pako,
Bainan, datuak bila nenbilela 410 orrialdean aurkitu dut beste pasarte tipi bat nun erraiten digun interesgarria izan zaiola deportatuen eta deportazioaren antolatzaileen ogibideak segituan ulertzeko iraultzaren politika hiriko burgesi frantsesa (edo franteszale) aren zerbitzutan zegoela.
“Ipar Euskal Herriaren kontserbadurismoa” jujatzen duzularik , pentsatu behar duzu frantziarren progresismoaren esperientziaren aurrean, beren ” tabula rasa” egin nahi errabiatuaren aurrean, eraso etnozidio horren aurrean, euskal odol xorta ( tantuna) bakar bat bazenu ez zinela “kontserbadore” baizik izaiten ahal.
Beraz garai hartako Iparraldeko zure arbasoen kontserbadurismoaren xuritze beharrik ez da.
Orduan, Benat, euskal herrietako etxeko jaunak (etxalde-jabeak) eta etxetiarrak, haien morroi-neskameak, eta apezeria, hiriko burgesia frantses edo frantseszalearen aurka…
Etxeko jaunak (etxalde-jabeak) segur.
haien morroi-neskameak,ezdakit zeren eta etxeko jaunak baitzituzten ordezkatzen etxeko guziak bezala
Etxetiarrak, ezdakit baziren ere denbora hartan
Apezeria, segur
Noblezia ttipi hura ere nahiz une labur batez (gaizoek) inprudenki espero izan zuten azkenean ordezkatuak izanen zirela Lapurdiko biltzarrean ez bezala.
Eugene Goyhenetchek dio, apezeria bezala, solidario izan zirela Lapurdiren “pribilegio” foralak defendiatzeko “Tiers Etat ” rekin.
Ez dut erraiten erregimen zaharreko Lapurdi parabisua zenik, baizik eta, iraultzalari frantsesek ez zutela guri gauza haundirik erakasteko. Nahi gintuzten konkistatu eta asimilatu.
Hiriart-urruty apez kazetari bikaina 1860an jaio zen, eta Eliza frantsesak 1890 inguruan onartu zuen Errepublika – buruz ari naiz-, baina Lehen Mundu Gerra hasi eta laster Biba Frantzia artikulua antologikoa da. Ordurako apezeria euskaldun gehiena ere bat eginda Frantziako Errepublika burges inperialistarekin.
Ni aldiz iraultza denborako apezeria herrikoiaz ari nintzen.
Gero kolonizaketa eta asimilisazioaren eraginez apaizak nazionalista frantses bilakatu ziren intelektual eta notable kasik denak bezala.
Iparraldean kanpañako populu xeheak, laborari, artisau, du luzeenik atxiki estatuarekiko halako distantzia bat, ez ziren besteak bezain untsa kokatuak Estatuaren abantailez disfrutatzeko, bainan XX mendearen erdian estatu probidentzialaren garapenarekin, zibilizazio ruralaren desargertzeareki batera, bera ere ideologikoki erabat frantsestu egin da.
Berrehun urte nazio potente batek egindako kolonisazio jarraiaren buruan ezin zen bestela izan gu bezalako populu tipi eta isolatu batentzat.
Bat lan ehun kontra jokatzen dugu eta