Noizko euskararen immunizazioa?

Noizko euskararen immunizazioa? –

Pako Aristik berria egunkarian.

Noizko euskararen immunizazioa?Bi euskaldun euskaraz hasten direnean, erlojua begiratzen dut: zenbat beharko dute espainolezko esaldiak sartzeko, 30 segundo? Minutu bat? Edadetuek soilik eusten diote tinko. Besteak laster entzungo dituzu «etorri hadi gurekin, lo pasarás bien!» esaten, «istripua hementxe izan zen, aquí mismo!», «ez du oso ondo dantzatzen, baina lo da todo!» eta gisako milaka esaldi narras.

Lehendik ere bazetorren joera bat guztiz hedatu da azkenaldian: euskarazko esaldietan espainolezko hitzak sartzekoa, lokuzioak, edo lerro osoak, batez ere euskaldun zaharren ahotan. Aspaldi Mikel Markezekin aurkeztutako ikuskizun batean horren trufa egiten genuen: «Kaixo, Miren, a que no sabes zein ikusi nuen Keparekin lehengoan, y cogidos de la mano, además?».

Espainolak kolonizatu du gure hizkuntza, eta ingelesak eman digu errematea: aldeano bihurtu gaitu denok. Ez baitago ingelesa badakizula demostratu nahia baino, ez dakizula adierazteko. Ia ez dago enpresarik gaur egun, Euskal Herrian, izena ingelesez jartzen ez duenik. Zaldibarren zaborra bezain gauza nardagarria pilatzen zuen enpresa hura ere Verter Recycling deitzen da, negozio zikin hura ingelesarekin edertu zitekeelakoan.

Euskara ere zabor antzeko hizkuntza balitz bezala, espainolarekin edertzen saiatzen gara. Milaka esaldiko zerrenda osa lezake edozein linguistak, hartara jarriko balitz. Izurritea heldu zaio euskarari, ahultzen ari den seinale; eta ez du sistema immunitariorik espainolaren aurrean. Erabileran dituen hutsune ozeanikoak gutxi ez, eta gramatikalki ere euskara ez da beregaina.

Hizkuntzek gure burmuinean pizten dituzten erreferenteak eta erreakzioak bereziak dira, hizkuntza bakoitzak modu ezberdinean eragiten digu, eta ezin uka bakoitzak daukan kapital sinbolikoaren eragina hura erabiltzeko (edo baztertzeko) orduan. Kapital horrek historian ditu oinarriak, hizkuntzak munduko ekonomian duen pisuan, eta, euskaldunon kasuan, bederen, gure inkontzientera mendeetan jaurti duten zaborraren neurrian.

Okerrena da gehienak ez direla ohartzen ere espainolez ari direnik. Niri hain egiten zait urruna eta arrotza espainol mintzaira, laidogarri eta berez neurea den eskubidearentzat mingarri, non kontzienteki belarriak ixten ditudan maiz, neure sorlekuan erbesteratua ez sentitzeko. Lehen gehiago onartzen nuen desoreka linguistikoa, patuaren emaitza zelakoan, baina gizakiak eragindakoa dela ulertu nuenetik, ni naizen gizaki hau ezin liteke konforma. Eta botere politiko propio baten faltan egoerak beti okerrera egingo duenez, erne dago nire sentiberatasuna euskararen ahulezien aurrean.

Batzuetan itzulpen automatikoa erabiltzen du euskaldun zaharrak, inkontzienteki, hori egiteko behar linguistikorik eduki gabe, ulertu baitiogu esan duena. Akaso behar komunikatibo bat dago? Espainolak zer ematen dio gure esaldiari, indarra? Energia? Legitimitatea? Agian inkontzientean daukagu beste zerbait sakonagoa, aspaldikoagoa, arkaikoa guztiz, desaktibatzen zaila dena: espainolak munduan kokatzen gaituen ideia. Eta espainolak munduan kokatzen bagaitu, bere antitesiak, euskarak zokoratu egiten gaitu. Horren sentipen edo esperientzia intimoak denok dauzkagu gure oroimen antzinakoenean sustraiturik, iltzaturik, bizitzan gure baitan doazen erru eta madarikazio guztiekin batera. Erdaldunei euskal idazlea nintzela esaten nienean ´ogibide fantasma´ bati buruz ari nintzaiela sentiarazten zidatenean bezala; eta zure liburuak espainolera itzuli ez badira erantsi behar zaio horretarako mailarik izango ez ote zuten susmoa. Ez baitute imajinatzen ere zuk hori nahi ez izatea, zure idazle ibilbidearen gailurtzat.

Larriena da itzulpena automatikoki egiten dugula, automata batek bezala, alegia: horren kontzientziarik gabe. Inertziaz; eta inertziaz egiten denarekin ez dago zuzentzeko asmo izpirik, ez zarelako ohartu ere egiten. Eta nolabait bere saria ematen du: hobeto sentiarazten zaitu zure interlokutoreen aurrean. Ia droga bat bezalakoa da espainola euskal esaldietan sartzea, dopamina biderkatzen du zure garunean.

Bestetan hutsunea betetzera dator espainola: «Badakik, a caballo regalado…», eta denok dakigu bukaera. Esan zezakeen, adibidez, «debaldeko txuletak hezurrik ez». Lokuzio falta nozitzen du euskaldunak eguneroko bizitzan kontatzen dituen pasarteak metafora dotore eta adierazgarriz atontzeko. Lokuzioak egon, badaude, «gustuko tokian aldaparik ez», baina apur batzuk kenduta ez dira gure belarrietara iristen. Hizkuntza musika bezalakoa baita: entzundakoa soilik errepika dezakezu. Dentsitate semantikoak markatzen du hizkuntza oro, egunero entzuten eta irakurtzen ditugun milaka hitz horietan daukan presentziak, errepikapenaren botereak sostengatzen du. Horrek osatzen du almazena, gure oroimenak hitz egiteko orduan erabiliko duena. Espainolaren dentsitate hegemonikoa indartzen doa etengabe; hedabideetan galtzaile dabil euskara.

Hizkuntza, halere, ez da norbanakoaren ondarea soilik; mintzoa ekintza politikoa da beti, eta kolektiboa, ezinbestez. Ez da gramatika hutsa, atzean dakarren mundua baizik. Idazleak Ikastetxeetan programarekin nabilelarik ere, gero eta eskola gehiago ezagutu ditut non haurrek ez dakiten Atxaga nor den, Arantxa Urretabizkaia, Laboa edo beste edozein izen handi. Pertzepzio okerra izan daiteke, edo urteekin ezer konpontzen ez dela ikusita itxaropena aurkitzea zailagoa zaidalako, baina inpresioa daukat umeak gero eta analfabetoago ateratzen direla gure historiaz, kulturaz, geografiaz, Euskal Herriaz, oro har.

Plangintza orokor bat falta denean, herri bat adabakiz josita geratzen da. Adabaki bat han, borondate oneko irakasle honek jarria. Adabaki bat hemen, kazetari kontzientziadun hark jarria. Baina adabakiek ez dute estaltzen gorputz osoa, ez bihotza, ez herria, ez hizkuntza.

Adabakiek falta zaiguna uzten baitute agerian: gure kulturaren lege integrala, euskal curriculuma hezkuntzan, gure historia gure begietatik kontatzeko estrategia nazionala, eta horren berme juridikoa, hezkuntzan txertatuko duena, hedabideei koertzio positiboa egingo eta erakunde publiko/pribatuak integratuko dituena, Euskal Herriaren osotasun zauritua erakusteko diskurtso sozio-politikoaren erdian.

Maiatzean gogor jo du euskara inperialismoaren birusak, Frantziako Konstituzio Kontseiluak batetik, EAEko Auzitegi espainolak bestetik, 500 urte dirauen pandemiari jarraipena emanez. Esnatuko al gara?

Noizko euskararen immunizazioa? Noizko euskararen immunizazioa?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

8 pentsamendu “Noizko euskararen immunizazioa?”-ri buruz

  • Bethico rollo negarrista

    Eta solutioneac cein dira?

    Eta egoera hori causatu duten factore guztiac cein dira?
    Denac dira externo?

    Non dago batueraren erançunquiçuna? Cergatic ez da seriotan hartu?

  • Azkenaldian bolo-bolo dabiltzan iritzi etxekalteekin eskertzekoa da horrelako artikulua idatzi izana. Baina, Josuk adierazten duen moduan, kexu gutxiago egin eta ekintza plan bat behar dugu, edo ekintzen multzo bat abian jarri. Askotan ez du zertan zerbait kolektiboa izan behar, baizik eta norberaren eguneroko bizitzan aplikatu daitezkeenak. Pakok dioenez errekurtsoak falta zaizkigu, zergatik? Euskara ikasi ikasi genuelako askok, bai etxean zein eskolan (ni ez naiz familia euskaldun zaharrekoa, familia euskaldunekoa izan arren), baina eman zizkiguten irakasgaiak ez dira eguneroko bizitzarako aski izan esparru edo egoera komunikatibo askotan. Zer egin lezake ni bezalako euskaldun xume batek zurrunbilo honen oldarraldiaren pean? Euskara ikasi eta berrikasi, ez baita inoiz ikasteari uzten. Bilatu esaerak, alokuzioak, hiztegia berritu. Hartu koaderno bat eta idatzi, idatzi eguneroko bat euskaraz, bota hitzak paper gainera, esperimentatu ikasi berriarekin. Zerbait ongi egina artikulatzeko gai izan arte hori dauka euskaldunak bere dema, etsaiaren eremuan ahal bezainbeste bizirautea.

  • Nik ere erdaraz egiteko joera dut. Esaldiak euskaraz hasi ta erderaz bukatzen ditut konturatu gabe.
    Nire kasuan, nire emaztea bezela, gipuzkoako herri erdaldunean jaioak izan gara, non euskararen presentzia kalean oso eskasa izan den. Baii hain justu PSE alderdia beti irabazi duen herrietako batean jaioa naiz. Gainera gurasoak Gaztelakoak izanda, euskaraz egiteko momentu gutxi nituen.
    D eredura bidali ninduten ta horregatik unibertsitateko karrera euskaraz egitera erabaki nuen.
    Orain gure seme alabei euskaraz egiten diegu beti. Baina emaztearekin modu natural batean euskaraz egitea ez zait ateratzen ez bait da nire ama hizkuntza.

  • Pako Aristik ez du inoren defentsaren beharrik. Eta baten batek asko sentitzen badu ere, normalean bikain marrazten du euskarak jasaten duen egoera eta beharko lituzkeen konponbideak. Oraingoan bezala.

    Eta oraingoan kolonizazio-mekanismoez, efektuez eta konponbideez idatzi du.

    Bi dira azpimarratzeko pasarteak.

    Lehenean gaixotasuna seinalatu du:

    “Izurritea heldu zaio euskarari, ahultzen ari den seinale; eta ez du sistema immunitariorik espainolaren aurrean.”

    Bigarrenean, izurrite horri aurre egiten hasteko beharko litzatekeena laburbildu du:

    “gure kulturaren lege integrala,
    euskal curriculuma hezkuntzan,
    gure historia gure begietatik kontatzeko estrategia nazionala,
    horren berme juridikoa, hezkuntzan txertatuko duena, hedabideei koertzio positiboa egingo eta erakunde publiko/pribatuak integratuko dituena,
    Euskal Herriaren osotasun zauritua erakusteko diskurtso sozio-politikoaren erdian”.

    Hori al da “jarrera negarrista” izatea?

    Mesedez!

  • Aristi negarrista???
    Meçedeç eta faboreç.

  • Lavin bere liburuaz hitz egiteko da hemen: Naffarrera da salvationea. Bestelako ahalegin guztiak puta mierda bat dira eta merezi dugu herri bezala desagertzea (baina ez egin negar gero!).

  • Mikel Haranburu 2021-06-16 10:32

    Txema Larreak “Euskaldungoa erroizturik” liburua kaleratu zuen, 1994an, Pamiela. Gai horretaz luze eta sakon ziharduen. Merezi du irakurtzeak.
    Paradoxikoa da Euskara ‘normalduago’ egotea ‘hondarreko euskaldunengan’ euskaldun moderno eta prestatuengan baino…
    Autopertzepzio arazoa dagoela iruditzen zait. Ez gara, orohar, ‘hiztun oso’ sentitzen… badakigu, gainera, geure burua berreuskalduntzea (alfabetatzea, hiztegi batua ongi ezagutzea, euskalkiak antzematen jakitea, hizkuntz erregistro jasoak eta apalak menderatzea…) lana dela, ahalegin handia dagoela atzean.
    Alabaina, uste dut beste maila batean ere koxka bat dugula: Euskara ez zaigu hizkuntza oso bat, zorigaitz! Euskara (gehiago edo gutxiago, asko, deus gutxi…) jakiten den zerbait da, euskaldun titulua ematen diguna. “Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?”. Bai, badakigu. Baina “erdara dela erdaldun egiten gaituena” ba al dakigu?
    Berriki orain bi mila urteko ‘Euskararen fronterak’ non ziren, hizkuntzaren hedadura norainokoa zen, ikerketa baten berri irakurri dut prentsan. Ez da, ordea, ikerketarik egiten, erderen fronterak non zeuden orain bi mila ez, baizik eta berrehun urte ere…
    Autopertzepzioa nioen; gauza ez bagara geure buruari Euskara inposatzeko, zer eskatzen ahal diogu gure ondoan egunero bizi denari, auzoari, herrira asteburua pasatzera datorrenari, etorkin jendeari, administrazioari?
    Askorentzat, Euskaraz egitea eskubide da; eskubide baino gehiago ez bada, akabo! Euskaldunok Gaztelaniaz egiteko eskubidea dugu, hori bai. Geure hizkuntzaz egitea eskubide baino gehiago behar luke…

  • Arrazoi guztia duzu Garret, insufriblea da bere hiztegiaren copy/paste-arekin