Nerabe(ar)en Tra(d)izioa

Nerabe(ar)en Tra(d)izioa –

Gaur egun, 2023. urtea apurka-apurka isurtzen ari zaigun honetan, aukera asko eta askotarikoak daude euskaldun izateko; euskaldun sortzeko ere bai. Ez, agian, Euskal Herri osoan, baina bai bertako lurralde, eskualde, udalerri edo auzo askotan.

Gainera, ez gara gutxi garai batean erdaldun jaio, ahal bezain ongi geure burua euskaldundu eta, egun, euskaraz albait gehien bizitzen ahalegintzen garenok. Jokabide horren gakoetako bat, noski, (gure) ondorengoei euskalduntasuna opari egitea da, arbasoek guri egin ezin izan zigutena; hau da, eurekin euskaraz egin, euskaraz eskolaratu eta aukera ona ematea gune euskaldunean hezi eta hazi daitezen. Bestela esanda, euskaldun izateko parada ezin hobea eskaintzea.

Garaiok, ordea, bestela jokatzera bultzatzen dituztela, gaituztela, dirudi. Adin batetik aurrera (gazteegitatik, nire ustez) oso ohikoa izaten da erdarara jotzea, bai betiko lagun euskaldunen artean, bai eskolaz kanpoko kirol-jardueretan edota eskola-ikastol(et)ako jolastoki nahiz karrajuetan (baita ikasgelan bertan ere, hainbatetan). Eta, jakina, norberaren seme-alabak ez daude ohikotasun (ohikeria?) horretatik at.

Ziurrenik arrazoi askotarikoak izango dira jokaera horren abiapuntu: “erdaraz egiten didate-eta”, “gure gustuko musika erdaraz da batez ere”, “nagusi gehienek ere erdaraz egiten dute euren artean”, “Instagramen-eta inork ez du euskaraz egiten”… Halako zenbat eta zenbatetan entzun behar izaten dizkiegun gure nerabetxoei! Eta, bai, arrazoi dute, hori guztia egia baita, baina, beste alde batetik, bada beste maila bat, maila hurbilago edo pertsonalago bat, non tradizioz euskaraz baino ez duten egin orain arte, eta arriskua dago maila horretan ere (lagun-minen artean, anai-arreben artean…) erdararako jauzia ematekoa.

Nerabe(ar)en Tra(d)izioa

Gaur, erdaraz harrapatu dut hamahiru urteko semea bere kinto-lagun euskaldun batzuekin. Txiki-txikitatiko lagunak dira, orain arteko bizitza labur bezain trinkoa euskaraz eman dutenak euren artean, eta, bat-batean, gaztelaniaz jardutea erabaki dute; “erabaki” edo. Nolabait, euskal(dun) tradizioari erdal(dun) traizioa egin diote, jakitun izan barik, agian, baina egin egin diote.

Tarte batez behatzen ibili naiz euren erdal jarduna, eurak konturatu gabe, tabernako terraza batean garagardo bat dastatzeak eman didan babes ezkututik. Eta, gutxira, nire presentziaz jabetu eta hurreratu egin zait semea agurtzera, lagunak atzean utzita. Nik ohiko lasaitasunez hartu dut beraren etorrera, agurtu eta galderaren batzuk eginda, zertan zebiltzan-eta, baina erdara gorrian dena. Semea harritu eta, “zer?”, “zer?” batzuk bota ostean erdaraz segitzen nuela ikusita, larritu ere egin da une batez. Zera esan diot, “no, como he visto que ya ni con los amigos hablas en vascuence, te hablo en español, por si no me entendías bien en vasco…” eta, bekozkoa zimurtu eta haserre antzean, biratu eta lagunengana abiatu da ostera ere.

Geroago, gauean, etxean geundela, aipatu ere ez da egin arratsaldeko jazoera, eta normaltasunez jardun dugu gure artean, euskaraz, betiko moduan, tradizioak agintzen digun moduan. Baina traizioa ere hor egon da, eta badakit (gero eta) gehiagotan egongo dela, badagoela, hainbat eta hainbat egoeratan. Ez dakit, ordea, ondo jokatu dudan gaurkoan, ez eta etorriko diren beste horietan zelan jokatu beharko dudan ere. Zer egin dezaket? Senak esango dit, akaso.

Nerabe(ar)en Tra(d)izioa

3 pentsamendu “Nerabe(ar)en Tra(d)izioa”-ri buruz

  • Nik ez nuke horrela jokatuko. Euskaraz hitz egiten jarraituko nuke ezer pasatu ez balitz bezela.

    Ni alabei azaltzen diet euskara dela gure hizkuntza (nahiz eta ez izan nire ama hizkuntza), eta nik aukeratu dudala niretzat.

    Baina egia esan pixkat “tranpa” edo egin izan dut eta egiten dut:

    Gaztelaniaren ordez ingelesaren autua egin. Ingelesa makulu moduan bultzatu eta erabili euskara erabilgarri ez dagoenean.

    Orain arte behintzat lagunekin ez ditut ingelesez hitz egiten entzun nahiz eta erdaldunekin gehienetan gaztelaniaz aritzen diren.

  • Aitor Etxebarria 2023-09-14 14:32

    Kaixo! Aurrekoaren tokaio bat nauzu.
    Egia esan neuk ere ez nuke jakingo nola jokatu. 28 urteko semea daukat. Zurearen adin horretan, gutxi gorabehera, hasi zen antzeko jokaearekin. Hasieran min edo eman zidan (gaur ere ez naiz ohitu) niretzako “balio sakratua” den bati jarraitzen ez ziolako.
    Edonola ere, uste dut etxeko “polizia linguistiko”rako jokabidea albo batera utziko nukeela, “gaur erderaz HARRAPATU dut” horretatik hasita… Alternatiba? Berezko eredu ona izan.

  • Mikel Haranburu 2023-09-14 19:23

    Hizkuntzak zer diren ikasi beharra dago. Eta liburuak badira. Gazteentzat, Euskaraz hitz egitea aktibitate berezi eta superfluoa da, guztiz, eta “heldu” askorentzat ere bai.
    Gure xake taulan, Euskara zuriaren gainean margotutako laukitxo beltzak dira, erraz ezaba daitezkeenak. Zuria, aldiz, oinarria da, sendoa, ezabatu ezina. Eta, geure xake taula propioa egin, ala laukitxoak ezabatuz joanen dira…
    Etxean, geure burua lauki beltz egin behar dugu, eta azaldu halakoak garela, eta gurekin hala mintzatu beharra duela, edo ez duela bestelako erantzunik izanen.