Negarra begian
Negarra begian –
Pantxix Bidart, Ipar Euskal Herriko Hitzan.
Kontzertu baten ondotik, lagun bat ene negarretarako joeraz trufatu zen. Adeitasunezko txistea edo egiazko neke baten seinale, ezin neurtu. Gaia bere horretan utzi bagenuen ere, ni haatik, dudarekin etxeratu. Zer erran nahi zidan ote? Negartiegia naiz? Hau ere ez al da gehiago haizu? Negarrak ez al du lekurik gurean? Moda xaharrekoa? Egia iraganeko kantutegikoa dela Negarrez sortu nintzen kanta. Berdin deserturat negarrez urtzera doan maitalearena. Desertua zergatik ote? Bakartasuna helburu, negarrez gordeka ibiltzeko?
Garai hauetan, baikor eta irrifartsu izan gaiten. Bestela…
Irria desesperatuen arma…
Euskara hiltzera doa, Donapaleuko otsail ostegunetan berriz ere kontatu digutenez. Zenbakien irakurtzeko molde berriak, haatik. Egoera pentsatzen genuen baino okerragoa dugu. Hiltzera goaz baina negarrik ez! Baikor izan gaiten! (ah! ah! ah!)
Irria, desesperatuen arma?
Alta, negarrez urtzeko arrazoirik ere bada.
Palestina eta beste hainbat herri, bortizkeria mota guziak, askoren miseria…
Azken negarra kantu tailer bateko neska batek isurarazi zidan, kantuz entzun eta.
Korrika dugula, (hemen jadanik aipatu dudan) Ugutz dut gogoan. Elkar ikusi genuen azken aldietakoa. Hazparnek azken Korrika itxoiten zuen, denak bizkarrekoa soinean, herriko plaza mukuru betea. Ugutz bere betiko janzkera elegantean, ahizparen txakur ttipia sokaren puntan. Ez dut ahantziko irria eta umorea urteetan gora eraman duenaren begi tristea erraten: «Gaur denak euskararen alde; plazera duk… Baina bihar, nor izanen duk plaza honetan enekin bi hitz euskaraz partekatzeko?».