Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan (2023)
Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan –
Oraindik orain argitaratu du Iñaki Zabaleta Gorrotxategik artikulu honen izenburu bereko liburua. 2017an, Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria; eta Jakin Irakurgaiak sailean hiru liburu –W. v. Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza (2005), ‘Paideia’ eta hizkuntza: euskal hezkuntza (2007) eta Hizkuntzaren zientziak hizkuntzaren pedagogian (2010) argitaratu ditu. Liburu horiekin, besteak beste, euskaldunon aldera oso jarrera abegitsua eta eskergarria izan zuen antropologo, hizkuntzalari, pentsalari eta politikari alemanari, merezitako gorazarrea eskaini dio.
Azken liburu hau Joxe Azurmendiri eskaini dio; zegamarrak 2007an eman zuen argitara Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua deritzan liburua eta berak bultzatu zuen Zabaleta tesia Alemanian alemanez egitera, eta lan eskerga hori burutzean ikasitakoa guri eskaini digu euskaraz. Gure arteko paradoxetako bat da: bizimodu arruntean, zeinahi lekutan oztopoak aurkitzen ditugu euskaraz egiteko; alabaina liburu eder-jakintsuak ditugu euskaraz, plazerez dasta ditzakegunak eta merezi baino irakurle gutxiago izan ohi dituztenak.
Politikoki prusiarra eta nazioz alemana zen Humboldtek, Parisen bizi zela (1797-1801), bi bidaia egin zituen Euskal Herrira; bata, familiarekin, 1799an, Iberiar penintsulara egindako bidaian, 9 egun igaro zituen Euskal Herrian –Baionan, Donibane Lohizunen, Tolosan, Arrasaten, eta Gasteizen–; eta bidai hartan bere xede kulturaletarako interesgarrienak euskaldunak eta euskara jorik, 1801ean, bera bakarrik etorri zen, eta honako herri eta hirietan izan zen: Baiona, Donibane Lohizune, Donostia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Markina, Bergara, Gasteiz, Durango, Bilbo, Somorrostro, Portugalete, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Gernika, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Elgoibar, Azkoitia, Azpeitia, Asteasu, Villabona, Hernani, Oiartzun, Irun, Donibane Lohizune, Baiona, Uztaritze, Itsasu; Baigorri, Orreaga, Donibane Garazi eta Maulen.
Bi bidaiak kontuan, 45 bat egun. Iparraldean 15 bat, eta Hegoaldean, 30 bat. Nafarroa Garaian, Orreagan bakarrik; Araban, Gasteizen bakarrik, eta gainerakoan, Gipuzkoan eta Bizkaian; bereziki Bizkaian. Durangon, bost egun (Astarloaren etxean egon zen). Gurera etorri aurretik, bigarren bidaia prestatzen Dominique Joseph Garat lapurtarrak lagundu zion (Ebro kanalizatu; Hegoaldeko lau lurraldeak Espainiatik banatu eta kontinenteko hiru euskal lurraldeekin batu nahi zituen, Napoleonen babespean), eta hark harremanetan jarri zuen Azkoitiko Zalduntxo batzuekin, hots, Murga, Mogel, Ithurbide, Narros, Prestamero, Montehermoso eta abarrekin. Bi bidaien ondotik, urteetan aritu zen esperientzia hura idatziz jartzeko langintzan, eta idatzi garrantzitsuena 1812an bururatu zuen, baina gutunetan-eta, gutaz eta gure hizkuntzaz, informazio asko zabaldu zuen orduko intelektualen artean.
Zergatik interesatu zen horrenbeste gutaz eta gure hizkuntzaz, intelektual eta politikari aleman famatu bat? Gorago adierazi dugu 1797an kokatu zela Parisen bere familiarekin. Berak, batez ere, antropologo bokazioa zuen; eta, horretarako, gizakia ondo ezagutzeko, hango eta hemengo gizakien ezagutza konparatua izateari ezinbesteko zeritzon, eta gizakiak indibidualtasunaz gain, taldetasuna ere bere-berea duenez, izaera nazionala zehazteko joan zen Parisera. Hasteko, berak ongien ezagutzen zuen izaera alemana izaera frantsesarekiko kontrastean finkatu nahi zuen, eta langintza horretan krisi bat jasaten ari zela, zehaztu nahian eta ezinean, non izaten duen euskaldunen berri, eta aipaturiko bi bidaien ondorioz, gure baitan, gure izaeran, aurkitzen duen nazioa, hain zuzen norbanakoaren eta gizadiaren artean kokatzen den erdiko instantzia gisa, beste inon baino ertz eta mami zehaztuagoekin.
Oraindainokoa Zabaletaren 2017ko liburutik hartu dugu. Azken liburura etorriz, hitzaurrean diosku (10 or.) euskal arazoa arazo nazional bat dela, hots, “euskaldunak osotasunean eta euskaldun diren heinean hartzen dituen bat; eta, horretan, hizkuntzak funtsezko eginkizuna betetzen du elementu identifikatzaile gisa. Kontua da euskaldunek ez dutela talde bat osatzen “kasualitatez” arazo bat partekatzen dutelako, baizik eta arazo bat partekatzen dutela “naturalki” talde bat osatzen dutelako, eta horregatik galdetu behar dugu horien berezko izaera kolektiboaz edo nazionalaz. Batzuek ez dituzte eztabaida identitarioak maite –elkarbizitza oztopatzen omen dute–, baina guk ez dugu erabakitzen zer den arazo eta zer ez; are gehiago, arazo batek ez dio arazo izateari uzten arazorik ez dagoela esateagatik eta errepikatzeagatik”.
Liburuaren azken aldera (175 or.), aditzera ematen digu Zabaletak ezen W. Humboldtek euskal esperientziatik hiru hamarkada eta gehiagora, hura gogora ekarririk, idatzi zuela gure herria independentea sentitzen zela bere mugen barruan, egiaz, beraren hizkuntza zaharrago, garbiago eta jatorrizkoagoari esker; eta, orduan behintzat, baita hainbat askatasuni eta konstituzio propio bati esker ere (Foruak!). Bestalde, Humboldtek oso garbi zeukan bere bizitzan euskal esperientziak garrantzi handia izan zuela, zeren gogoa ireki zion herri baten izaeraren, haren hizkuntzaren eta haren lurraren arteko barne loturaz jabetzeko.
Zabaletaren Humboldti buruzko liburuak irakurririk gauza jakingarri frankoz jabetzen da bat, eta neroni behintzat konbentzimendu honetara heldu naiz: bereziki mendien eta itsasoaren ondoan izaera nazional indartsuan bizi izan diren gizaki euskaldunen askatasun (nobletasun orokorraren eta sistema foralaren eraginari esker ere), eta euren hizkuntzaren harrotasunari esker jarraitzen dugula oraindik euskaldun izaten, azken berrehun urtean auzo estatuek asko makaldu bagaituzte ere. Euskaldun izatearen harrotasun horrexetan datza euskaldunon iraupenaren sekretua.