Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa

Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa –

Iragan astean aurkeztu zuten Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa hiri buruzagiko Kondestable aretoan. Datuak 2021ean bildutakoak dira, eta 16 urte baino gehiagokoen euskara ezagutza, hizkuntzaren transmisioa, erabilera eta bere sustapenaren aitzinean nafarrek dituzten jarrerak biltzen ditu.

Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa
Inkestaren aurkezpena. Arg: BERRIA

Geroz eta gazteago, geroz eta handiagoa euskararen ezagutza. 16 eta 24 urte arteko herritarren %40,2 dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak. Adin tarte horretan, %28 dira euskaldunak, duela 30 urte baino 18 puntu gehiago, eta 2016an baino 2,2 gehiago. 25 eta 34 urte artean dituztenetan ere gorakada nabarmena da: 1991n, euskaldunak %7 ziren; egun, %20,2 dira.

134.618 herritarrek dakite euskaraz hitz egiten edo ulertzen dute, Nafarroan; biztanleriaren %24,7k. Puntu eta erdi egin du gora zenbatekoak, 2016ko inkestatik. Hogei urte atzera eginez gero, berriz, ia zortzi puntutan handitu da. Euskaldun osoen eta euskaldun hartzaileen arteko aldea handitzen ari da, gainera. 76.784 dira euskaldunak (%14,1) eta 57.834 hartzaileak (%10,6).

Alde negatiboei erreparatuz gero, ikusi daiteke euskara sustatzearen aurkakoen artean tasa altuena gazteenen artean dagoela.  2011n 16 eta 24 urte artekoen %41,8k zuten erabilera sustatzearen aldeko jarrera, eta, orain plazaratutako inkestaren arabera, %27,2 dira gaur-gaurkoz. Azken urteetan estatu espainiarrean faxismoaren gorakada bat izan dela ohartarazi dute zenbait ahotsek, eta hori ez da soilik alderdi ultraeskuindarren bozka kopuruan islatzen, baizik eta haien tesi nagusiek daukaten harrera eta sozializazioan, baita gazte segmentu zenbaitetan ere: feminismoaren aurkako oldarraldia, LGTBI komunitatearen eskubideen kontrako posizioak, etorkinekiko ezinikusia, krisi klimatikoaren ukazioa… eta Nafarroaren kasuan, noski, euskararen zabalpenaren kontrakoa ere.

 

BERRIAren infografiak

 

Iruñeari dagokionez, %24,6k ulertzen edo hitz egiten du euskaraz , 42.388 iruindar. Horietatik, 23.306 dira euskaldunak; hau da, %13,5. Gora egin du zenbatekoak, duela bost urte hiru puntu beherago kokatu baitzuten ehunekoa. Euskaldun hartzaileak, berriz, %11,1 dira (19.082), 2016an baino 0,3 puntu gutxiago. Iruindarren %75,4 da erdalduna. Nafarroan bezala, gazteeak dira euskaldun kopurik handiena pilatzen dutenak. 16 eta 24 urte artekoen %29,4 da euskalduna. Hiriburua eta bere ingurunea da herrialdeko euskaldun gehien bizi diren eremua.

Datuak Nafarroari ezarri zaion apartheid linguistikoaren arabera ikuskatuz gero, ohartuko gara euskaldunen ehunekoak gora egin duela eremu euskaldunean, eta are gehiago mistoan. Lehenengoan, herritarren %62,3 dira euskaldunak; hamarretik zortzi baino gehiago dira 16 eta 34 urte bitarteko biztanleen artean. Eremu mistoan, %12,6 dira euskaldunak; gazteen %28,9. Eremu ez-euskaldunean, berriz, behera egin du ehunekoak, baina badu azalpen bat: 9/2017 Foru Legearekin, 44 udal eremu ez-euskaldunetik mistora pasatu ziren. Beraz, beste behin, agerikoa da zonifikazioak euskarari egiten dion kaltea eta aurrepausoak ematerako garaian suposatzen duen oztopoa.

Gaitasun erlatiboari dagokionez, euskaldunen %48,4 «euskaldun elebidunak» (%20,4) edo «elebidun orekatuak» (%28) dira; hots, euskaraz hobeto aritzen dira, edo euskaraz erdaraz bezain ondo. Gazteen artean da txikiena ehuneko hori, %68,3 «erdal elebidunak» baitira. Euskarabideako Paula Kasaresek aditzera eman dueneaz «erdal elebidunen kategoria gero eta nagusiagoa da euskaldunen artean».

Mikel Arregiri, Euskarabideako zuzendariari, asteartean Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa.

Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa  Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa

Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa