Nafarroako Hezkuntza Departamentua euskarazko irakaskuntza oztopatzen ari da legeak ezartzen duenaren kontra

Nafarroako Hezkuntza Departamentua euskarazko irakaskuntza oztopatzen –

  • Oibarko Udalak Haur Eskola bat irekitzeko eskaera eta txosten guztiak aurkeztu ditu, baina Hezkuntza Departamentuak baimena ukatu du 10 familiak 1-3 urteko seme-alabak D ereduan aurrematrikulatu ostean.
  • Udalerria eremu mistoan egon arren, euskarazko irakaskuntzari buruz Euskararen Legeak ezartzen duenaren kontrako norantzan ari da Departamentua.
  • Hezkuntza Departamentuari eskatu diote berehala har ditzala 2024-2025 ikasturterako haur-eskola martxan jarriko dela bermatzeko behar diren neurriak eta erabakiak.

Euskarazko adierazpena irakurri dute Hizkuntz Eskubideen Behatokia zuzendari Agurne Gaubekak, Oibarko udaleko zinegotzi Asier Martínezek eta Ekaitz Mateo afektatutako haurren gurasoak. Gaztelaniazkoa, berriz, Sortzen Elkarteko Eneko Elizarik, Oibarko udaleko zinegotzi Asier Martínezek eta Edurne Sesma gurasoak.

ADIERAZPENA

Oibarko familia eta bizilagunak, Udaleko ordezkariak eta eskualdeko eta Nafarroako hainbat gizarte-eragilek egindako agerraldia, gaur.

Gaur, plaza honetan bildu gara Oibarko familia eta bizilagunak, Udaleko ordezkariak eta eskualdeko eta Nafarroako hainbat gizarte-eragile, Hizkuntz Eskubideen Behatokia zein Sortzen elkartearen babesarekin, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak gure herrian haur-eskola bat sortzeko eskaeraren aurrean duen jarrera salatzeko.

Proiektu hau ongi pentsatu eta hausnartutako zerbait izan da, apustu serioa eta errealista, Oibarren jaiotza-tasak izan duen gorakadari, biztanleria finkatzeko landa-ingurunea sortzeko eta eraldatzeko beharrari, lana, familia eta bizitza uztartzeko konpromisoari eta laguntzari erantzuten diena, eta, gainera, euskaraz ikasteko eskubidea sustatzen eta normalizatzen duena.

Zoritxarrez, Hezkuntza Departamentuak baldintzatu egiten du apustu hori, trabak jartzen ari baita Oibarko familiek zerbitzu hori eskuratu ahal izatea bermatzeko.

2024ko otsailean, Oibarko Udalak Hezkuntza Departamentura 2024-2025 ikasturterako Haur Eskola bat irekitzeko interesa agertzen zuen adierazpena bidali zuen, txosten txiki batekin batera. Hezkuntza Departamentuko teknikariek eskatutako txosten, balorazio eta bilera guztiak egin ondoren, maiatzean baliabidea irekitzeko behar zen dokumentazio guztia aurkeztu zen, eta aurre-matrikula aldi bat antolatu zen, baliabide horren babesa berresteko: 10 familiak eskatu zuten 1-3 urteko seme-alabak Oibarko Haur Eskolan matrikulatzea.

Ekainean, matrikulazio-epea hasi baino egun bat lehenago, Hezkuntza Departamentua telefonoz jarri zen harremanetan Udalarekin, euskarazko plazen eskaintza dela eta, haureskolaren irekiera baimenik ez zutela emango adieraziz. Izan ere, saileko arduradunaren arabera, euskarazko hezkuntza-etapa hasiaz herrian euskaraz jarraitzeko aukerarik ez dagoenez, ikastetxearen egoera baldintzatu dezake.

Udalaren eskaerari ezetza ematen dion txosten teknikoa behin eta berriz eskatu den arren, une honetan Hezkuntza zuzendari nagusiak, matrikulak ezin direla Hezkuntza Departamentuaren irekiera-baimenik gabe aurrera eraman soilik adierazi du.

Egun Gabriel Valentín Ikastetxe Publikoan, A (euskara irakasgai gisa) eta G (dena gaztelaniaz) ereduak eskaintzen dira, eta ez dago D ereduko lerrorik. Horrek ez luke oztopo izan behar haur-eskola euskaraz irekitzeko. Izan ere, gogorarazi nahi dugu Oibarko neskamutilek eskubidea izan beharko luketela herrian dauden baliabideak erabiltzeko eta euskaraz ikasi ahal izateko. Horrela, etorkizuneko oibartarrek Nafarroako bi hizkuntzak erabiltzeko gai izango direla bermatuko litzateke.

Gogoratu behar dugu Oibar 2017ko ekainetik legeak ezarritako eremu mistoan sartzea onartu zuela Nafarroako Parlamentuak baina hala ere, euskarazko irakaskuntzari buruz Nafarroako araudiak ezartzen duenaren kontra ari dela Hezkuntza Departamentua. Ondorengoa ezartzen da 18/1986 Euskararen Legean:

II. KAPITULUA. Irakaskuntza eremu mistoan.
25. artikulua
1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkana-pixkanaka, progresiboki eta behar adina, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako.
2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen jakintza nahikoa izan dezaten.

Era berean, gogora dezagun Oibarko neska-mutilek beren herrian hezkuntza jasotzea oztopatzeak, eragina duela landa-eskolaren sustapenean zein beren herriaren etorkizunean, eta, aldi berean, berdintasunaren, bizikidetzaren eta lurralde-kohesioaren aurka doazela.

Mendigorria, Larraga, Lerin… eta orain Oibar. Azken urteotan, Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako eskualde batzuetan euskararen irakaskuntza berariaz sustatu beharrean, aitzakia desberdinak jartzen ari da euskararen irakaskuntza geldiarazteko edo baldintzatzeko.

Beraz, landa-eskolen biziraupena defendatzen dugu, kalitatezko eta hurbileko zentro eta zerbitzu gisa. Baina, era berean, kalitatezko hezkuntza-sistema publikoaren alde egiten dugu, berdintasun-printzipioetan eta Nafarroako berezko hizkuntza den euskaraz ikasi nahi duten familien hizkuntza-eskubideen errespetuan oinarritua. Izan ere, hori ez da kapritxozko eskaera bat, herritar guztion hezkuntza publikoaren oinarriez ari gara, non bizi diren kontuan hartu gabe.

Hezkuntza Departamentuari eskatu diote berehala har ditzala 2024-2025 ikasturterako haureskola martxan jarriko dela bermatzeko behar diren neurriak eta erabakiak. Hamar familia daude Departamentuaren erantzunaren zain, seme-alabek datorren ikasturtean haur-eskolara joateko aukera izango dutela bermatu ahal izateko.

Nafarroako Hezkuntza Departamentua euskarazko irakaskuntza oztopatzen ari da legeak ezartzen duenaren kontra

Hizkuntz Eskubideen Behatokia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude