Nafarroako Gobernua euskararen presentzia murrizten ari da hezkuntzan

Nafarroako Gobernua euskararen presentzia murrizten ari da hezkuntzan –

Nafarroako Gobernua euskararen presentzia murrizten ari da hezkuntzan

Iazko maiatzean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 57/2024 foru agindua onartu zuen. Orain, 2025-2026 ikasturtean atzerriko hizkuntzen irakaskuntza orduak handitzera behartzean ari da Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa (AHIP, gaztelaniazko PAI) darabilten ikastetxeak, euskararen kaltetan. Atzerapauso oso larria dela deritzogu.

Izan ere, foru agindu berriak ingelesezko irakastorduen minimoa eta maximoa handitzen ditu. Beraz, euskararen presentzia eta erabilera txikituko ditu Nafarroako Gobernuak. Neurri honek bereziki eragingo die haur hezkuntzako 2. eta 3. mailei eta lehen hezkuntza osoari, euskararen ikastorduak gehiago murriztuz. Hedabideek azaldu dutenez, erabakiak jada haserrea sortu du Sarriguren, Buztintxuri eta Tafallako eskoletan.

Zehazki, D-PAI ereduko eskoletan, haur hezkuntzako 2. eta 3. mailetan atzerriko hizkuntzen gutxieneko 3 saiotik 4ra igo dizkie Hezkuntza departamentuak, euskarazko saio bat murriztera behartuz gutxienez. Lehen hezkuntzan are larriagoa da, gutxieneko 6 eta gehienezko 9 saiotik gutxieneko 7 eta gehienez 12ra igotzera behartu baitituzte.

Irmoki salatu nahi dugu foru aginduak ez duela kontuan hartzen euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela, egoera minorizatuan dagoena, eta atzerriko hizkuntzen maila berdinean jartzen dituela. Beste behin ere, gogoratu behar dugu PAI eredua eskoletan euskarazko ereduaren hedapena oztopatzeko sortu eta mantentzen dela. Gainera, euskarari Nafarroako eremu gehienean ofizialtasuna ukatzen zaionez, lurraldearen zati handi batean ikasleek ez dute euskaraz ikasteko eskubidea bermaturik, edo etengabe oztopatzen zaie horretarako aukera.

Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari foru agindua baliogabetzeko eta egoera horri irtenbidea emateko exijitzen diegu. Beharrezkoa da PAI eredua bertan behera uztea eta euskarazko ikaskuntza lurralde osoan indartzea. Ikasle nafar guztiek euskararen oinarrizko ezagutza izateak bermatuko du nafar guztien berdintasuna eta kohesioa.

Nafarroako Gobernua euskararen presentzia murrizten ari da hezkuntzan

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude