Nafar Gobernuak eta PSN-k dute azken hitza euskarazko haur eskolekiko, beraien esku dago

Nafar Gobernuak eta PSN-k dute azken hitza euskarazko haur eskolekiko, beraien esku dago –

Nafar Gobernuak eta PSN-k dute azken hitza euskarazko haur eskolekiko, beraien esku dagoAste honetan ezagutu dugu Iruñeko Udalaren haur eskolen banaketa berria hizkuntza ereduak direla eta. Bertan, euskara gaztelaniarekin nahasteaz gain, ingelesarekin ere nahastea da nobedadea. Euskara eskubidea zapaltzeaz gain, ez diote oreka geografikoari kasurik egin, ez dute gertutasun printzipioa kontuan hartu, ez dute inolako argudio pedagogikorik eskaini, ez dituzte espazio banaketak aztertu, ez dituzte hezitzaile eta familien eskaerak aintzat hartu. Erabakiaren helburua erabat ideologikoa da, euskara baztertzea, ahultzea, diluitzea du xede, murgiltze eredurik gabe, mendekotasunean, inboluzioan.

2013. urtean oso argi esan zuen Barcinak: “Ingelesari esker D ereduaren zabalkundea galgatu dugu”. Eta 8 urte ondoren, Barcinak ereindako hazia ureztatzen ari dira gobernutik. Bilera politikoak eduki ditugu parlamentuko eta udaleko taldeekin. Den-denak jator aurkeztu zaizkigu, baita defektuz euskararen kontra egiten dutenak ere, ikasturte honetako egoera bidegabeari irtenbidea eman behar zitzaiola esanez. Baina oso gutxik entzun dituzte gure argudio eta eskaerak, ez digute ezer proposatu, ez dute aztertu beharreko aldagai bakar batez ere hitz egin. Ez zuten ezta egoeraren irakurketarik ere.

Paralisiaren aurrean, ekimena hartu genuen, eta gutxieneko proposamen bat luzatu: 4 barruti, 4 euskarazko murgiltze eredu. Ez al da gutxienekoa, euskara tresna pedagogiko egokiz ikasteko haur eskola bat edukitzea, zure auzoan ez bada, ondokoan? 16 haur eskoletatik bakarrak dauka eredu hori, eta halaxe jarraitu behar dugu? Benetan?

Orain, Iruñeko Udalaren proposamena Gimeno eta Chiviteren mahai gainean dago. Azken hitza beraiena da. Horretaz gain, egoera goitik behera irauli dezakeen erreminta dute: beraiek zuzenean kudeatzen dituzten Iruñeko 5 haur eskolak. Garaiz dabiltza Iruñeko lau barrutietan, euskarazko murgiltze eredu bana jartzeko. Chivite anderea, Gimeno jauna, ez, ez da berandu, eta eskumena zuena da. 10 egunen buruan jakingo dugu Nafar Gobernuan inposatzen den ikuspegia euskararekiko zein den, inboluzioa edo dagokigun euskara eskubideari bermea ematea.

Heldu da unea neurri zehatzekin erakusteko Nafarroako haurrek hezkuntza prozesuaren hasieratik bukaera arte dutela euskaraz ikasteko eskubidea. Eta orain da unea 0-3 Hezkuntza Zikloaren egiazko aitortza egiteko, bertan dihardugun profesionalon lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko, eta ez beti bezala hitz polit hutsetan gelditzeko. 0-3 bitarteko haurrak ere eskubideak dituzten hiritarrak dira.

Eragiten ahal duten indar euskaltzale eta progresistei eskatzen diegu gu zapaltzen ez uzteko eta euskarari babes guneak eskaintzeko.

Ez dugu itxaropena galdu behar eta borrokan jarraitu behar dugu gure eskubideen urraketak zuzentzeko. Eta lor daiteke, bai horixe!! Hortxe dugu Mendigorriako kasua. Atzo jakin genuen 21-22 ikasturterako lortu dutela herrian D eredua ezartzea. Hamaika borroka eginda eta gizartearen eta zenbait erakunderen laguntzarekin, jakina, baina lortu dute. Argi dago Nafarroan euskarak denon kemena behar duela, eta horretan dihardugu. Zorionak Mendigorria!!

Azkenik, gogoeta bat luzatu nahi diogu jendarteari eta bereziki euskaltzaleei. Gizarte zibil antolaturik gabe euskarak etengabe jasango ditu erasoak. Irtenbide politikoa eta eztabaida eskatu behar da, bai. Baina zuetako bakoitzak, neurri handi batean, badu ahalduntzeko eta eragiteko aukera ere, beste inori baimenik eskatu gabe.

Animo eta eskerrik asko etortzeagatik.

Nafar Gobernuak eta PSN-k dute azken hitza euskarazko haur eskolekiko, beraien esku dago