Iñaki Iurrebaso: “Murgiltze eredua ez den beste ezerk ez du funtzionatuko”

Iñaki Iurrebaso: “Murgiltze eredua ez den beste ezerk ez du funtzionatuko” –

Hezkuntza eta Hizkuntza jardunaldian hartu zuen parte Iñaki Iurrebasok apirilaren 22an. Oso ekarpen mamitsua eta trinkoa eskaini zigun, biziki interesgarria eta hainbat alorretan berritzailea. Hemen daukazue bere solasaldiaren bideoa eta bertatik ateratako pasarte batzuk. On egin.

Iñaki Iurrebaso: "Murgiltze eredua ez den beste ezerk ez du funtzionatuko"1960ko hamarkadan gertatutako aldaketa politiko, ideologiko. sozial eta kultural sakonen eskutik, (ordezkapenera) joera hori irauli egin zen. Ohikoa denaren aurka, frankismo betean indarberritze aro bati ekin zitzaion (euskara batua, ikastolak…). Horrek gainera ondorio praktiko bat izan zuen hiztunen eguneroko bizitzan: izan ere, gehienbat inguru urbanoetan bogan egotetik seme-alabak gazteleraz heztea, bogan jarri zen seme-alabak euskaraz heztea, euskarak bizirik jarrai zezan. Alabaina, fase hori ere bukatu zen. Hala, azken hogei urtetako egoera da, ez aurrera ez atzerakoa, saldo argirik gabe. Bestela esanda, aurreko ordezkapen aroak oso egoera zaurgarrian utzi gintuen; euskarak oso toki txikia dauka.

Gure kasuan, erdalduntzea indartsuagoa da euskalduntzea baino.Euskal Herrian bizitzeak, gaur egun, erdaldundu egiten du. Izan ere, etxean euskara lehen hizkuntza jaso zuten ia guztiek ikasi dute gerora erdara. Areago, %5 inguruk euskara ahaztu egin du, eta %55ek galdu du euskarazko nagusitasuna (ondoen menperatzen duen hizkuntza). Aldiz, erdara lehen hizkuntza izan zuen komunitatean gehienek ez dute euskara ikasi, eta erdarazko nagusitasuna galdu eta orain euskaraz hobeto moldatzen direnak %2 baino ez dira.

Hamar hiztunetatik bederatzi, erdara nagusi den testuinguruetan bizi dira.
Arnasguneetan bizi dira herritarren %4, eta euskararen / erdararen nagusitasun argirik gabeko eremuetan bizi dira %6. Gainera, tamalez, arnasguneen eremua murriztuz doa, arnasguneak erdalduntzen ari dira.

Hala, euskaldunrzea gertatuko bada, norbanakoen ekarpenaz gain, euskara nagusi den eremu geografikoak zabaldu beharko dira, bestela ez da gertatuko.

Murgiltze eredua ezinbestekoa da. Gure hizkuntzaren gutxitze eta larritasun mailak hain handiak izanik, murgiltze eredua ez den beste edozerrek ez du funtzionatuko. Euskal Herrian eta EAEn beharko litzatekeena da D eredu indartu bat. D ereduak gabeziak ditu, ez da iristen beharko lukeenera, hortaz behar dugu lehenik orokortu eta bigarrenik birpentsatu, iristen ez den tokietara iristeko.

Arnasguneak ezinbestekoak dira, gune euskaldun sendo bat behar dugu eta hori indartu behar dugu. Arnasguneak galtzen baditugu, jai dugu.

Erdara nagusi den eremuetan, jende gehien bizi den horietan (Bilbo, Donostia, etab) nola asmatu egungo dinamika positiboki gainditzen? Gune horietan, testuinguruak erdaldundu egiten du, hedabideek erdalduntzen dute…

Iñaki Iurrebaso: “Murgiltze eredua ez den beste ezerk ez du funtzionatuko”

Oinezkoa

10 pentsamendu “Iñaki Iurrebaso: “Murgiltze eredua ez den beste ezerk ez du funtzionatuko””-ri buruz

  • Bai, inguruneak erdaldundu egiten du. Eta batzuen utzikeriak eta gaitasun faltak ere bai. Nola liteke gaur egun IVAPek, Hpsk, honakoa onartzea? : .’..Arkautiko akademiak hautaketa prozesuak gaztelaniaz egitera behartzen du, ez baitu azterketa euskaraz egiteko prozedura homologaturik. Arartekoak euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu direla ebatzi du ..’ .Elak salatuta. Ahoa betetzen zaie azterketa euskaraz eginez gero nahikoa frogatzen dela gaitasuna… eta gisako inozokeriekin. Eta suhiltzaileak gaztelania hutsean egitera behartuta gaur egun!! Dekretua aldatu nahian 2 legegintzaldi daramaten horiek dira, … euskarari ofizialtasun sekundarioa eman nahi diotena, eta gaur artean, urtea ezertxo ere egin gabe daramatenak, ez administrazio alorrean, ez besteetan. Hain da erridikulua egoera, legebiltzarrera ere joan beharko dutela ekainean.
    Ez ote dituzte kenduko, kargu nahiz arduradun teknikoak,
    demasako inkonpetentziagatik? Administrazioak asko egin lezake ingurunea euskalduntzen.

  • Administrazioez hitz egin behar genuke, pluralean. Ez baitute berdin jokatzen EAJ-PSE UTE iraunkorrak kudeatzen dituen erakundeek, oro har, eta EHBilduk kudeatzen dituenek, oro har.
    EAJ-PSEk kudeatutakoen artean ere, aldeak izaten dira, eta erakunde beraren barruan ere, alde handiak aurki daitezke, Eusko Jaurlaritzaren sailen artean adibidez, Baita sail bereko zuzendaritzen artean ere, batzuetan.
    EAJ-PSEren Jaurlaritzak ere erdalduntzen du, oro har.
    Hor daude ETB2, ETB1eko ikusleriari emandako tratu iraingarria, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Vocento taldeari dirulaguntza handiak, Lanbide Heziketan gazteleraren aldeko apustua, Ertzaintzan edo Osakidetzan bezero nahiz langile euskaldunei ematen zaien tratua, (EHBildurekin adostu duten) Hezkuntza Legeproiektu berria… eta beste hamaika adibide.
    Euskaldunok euskaldun izaten jarraitu ahal izateko, ezin dugu alderdien zain egon. Antolatu eta ekin beste aukerarik ez dago. Horrela mugiaraziko ditugu batzuk, akaso.

  • Juan Pedro Urabayen Mihura 2023-05-31 09:59

    Ados nago Iurrebasorekin: murgiltze eredua ez den beste ezerk ez du funtzionatuko. Nafarroan Transizioan ez genuen eman EAEn eman zen pausoa: euskara ofiziala izatea eta ikasle guztiek ikastea. Amejoramendua aldatu behar da eta ofizialtasuna lortu behar da ahalik eta laisterren. Bitartean:
    http://juanpedrourabayen.blogspot.com/2022/02/euskaranafarroako-hezkuntzan-traba.html

  • – Hezkuntzan murgiltze eredua da hezkuntzan funtzionatuko duen bakarra, euskararen normalizazio bidean. Luzera begira jakintza arloa normalizatuko du.
    – Arnasguneak ezinbestekoak dira: hau da euskaldunak babesa behar dute.

    Horretan huts egiten dugu.Euskaldunak herritarrak diren aldetik bere eskubidetan babesa behar dute, eta nork babesten ditu eskubide horietan?

    Administrazio publikoan medikuek hala nahi izanda ere ezin dute lan egin euskaraz, ertsapen bide asko dituzte-eta. Ertzain eta foruzainekin ere ezin dute lan egin euskaraz (gainerakoak ez aipatzearren). Hauek, eta antzekoak, tarteko direnean, beraz, zerbitzua euskaraz eskatzea geure buru kalte.

    Espainian zehar administrazioarekin zer?. Eta europan? Arrotzak gara? Edo legeak beharrezkoak ditugu pertsonen eskubideak izateko (gainerako kontinentetan eta erakunde edo antolaketetan benetako babeslerik badugu?

    Beste zerbitzu publikoetan esate baterako: notarioenean ezin dugu egintzarik euskaraz egin (euskara hutsean eta dohainik); unibertsitatean euskaraz ikastea eskatzen ari dira (medikugaiak,besteak beste). Lanbide heziketa nola dagoen e! Arartekoak ez gaitu babesten ez baita bere gaia,antza; fiskaltzak ez du ezer arrarorik ikusten (ez bada euskaldunak garela ertsatzaileak); epaileak aipatzea ere ez dakit merezi duen; elebideko agintariek hizkuntza eskubideak babesten dituzte.

    Dendetan erostera noanean ez dakit katua jatera noan edo katuarentzako prestatutako janaria jatera noan, adibidez…

    Babesik gabe. Bertan behera hutsita gaude. Baztertuak eta marginatuak. Are gehiago jazartuak gara, ezin baitugu horretaz geure herrian hitz egin. Ez da hitz egiten politika delako; bakearen kontrakoa delako; astoramendua sortzen duelako…

    Hortaz, babes hori lortze aldera antolatu beharra daukagu. Gure eskubidea dugu euskaldunak izatea, zer esanik ez geure herrian; eta gainerako munduan ere baditugu eskubideak.
    Beste pertsona eta herrien eskubide berberak ditugu eta ez da etsi behar. Eskubidetan eta legeetan aukera berdintasuna dugu.

  • Adituek berresten dute senak eta eskarmentuak esaten digutena. Hala ere, EHBildu, EAJ eta PSOE, behinik behin, bat datoz hizkuntz eredu hirueleduna (gutxienez) hedatuko duen Hezkuntza Lege berrian:
    https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/993/848/original/20230425_hezkuntza_lege_proiektua.pdf
    Egunetik egunera argiago dago alderdien interesek ez dutela zer ikusi handiegirik herritarron beharrekin eta are gutxiago herri honekin.
    Alderdi abertzaleetan dauden euskaltzaleek ez dute ezer esateko?

  • Bildarratzek bai, hauxe esan zuen atzo:
    “hizkuntza ereduak «tresna bat» izango dira irteera profil hori (B2) lortzeko. Baina ez bakarra: «uste du» ikastetxeek «malgutasuna» izango dutela beste baliabide batzuk ere erabiltzeko… gaztelera nagusi den inguru bateko A ereduko ikasgela batean, «erabaki daiteke eskola orduen %80 gazteleraz ematea, baina umeak barnetegi batera eramatea hiru egun pasatzera, edo eskolaz kanpoko ekintza guztiak edo jangela euskaraz antolatzea, euskara hobeto ikasteko. Aukera asko egon daitezke».
    Hezkuntza sailburuak, edo ez du ideia zorririk, edo barre egiten digu.
    Hizkuntza eredua, hiru eguneko barnetegia, eskolaz kanpoko ekintzak eta jangela ez ditu bada maila berean jarri nolabait?
    Zein hizkuntzatan mintzatuko dira barnetegian A ereduko ikasleak?
    Zein hizkuntzatan mintzatuko dira eskolaz kanpoko ekintzetan?
    Zenbat euskara ikasiko dute alboko jardun horietan gazteleraz eskolatuta dauden gaztetxoak?
    Hezkuntza Legearekin ikuskizun negargarria ematen ari zaizkigu alderdiak, guztiak, sailburua buru.

  • Mikel Haranburu 2023-06-01 18:57

    Bada, ni neu, aspaldi hasi nintzen neure buruan Euskara normalizatzen, eta neure baitan Euskara da hizkuntza nagusia, oso nagusia. Ez nintzen administrazioen zain egon, egunean zehar mulgilduta nago neure buruko X ereduan (edo K, edo nahi duzuena…).
    Gainera, aspertuta nago adituen azterketak aditzen, honez gero berrogei urte edo daramagulako egoera horretan, horrenbeste urte ikusten nola Euskara ordezkatua izaten den. Berrogei urte Euskara biziberritzen; bi belaunaldi kasik, non bi belaunaldi aski izaten diren populazio batean hizkuntza bat beste batez ordezkatzeko. D eredua (murgiltze eredua) da funtzionatu LEZAKEEN bakarra; eta Telebisten afera ere hor dugu, orain berrogei urte sortua…
    Kexu, kexu eta kexu, baina erabakirik ez dugu hartzen…

  • Murgiltze eredua da diotenez, edozein hizkuntza barneratzeko aukerarik onena, baina, eta zergatik ez zaio hori bera euskarari aplikatzen? D eredua eta eskolaz kanpoko jarduerak ere euskaraz izanda, nahikoa lan eta orain Hezkuntza Lege berri hau proposatzen dute? Gureak egin du.
    Urte batzuk ditugunok denetarik ikusi eta entzun dugu. Kexatzen hamarkadak daramatzagu, baina “gure” ordezkari diren horientzat ezer gutxi balio du. Babesik gabe utzi gaituzte, eta antolatu ez ezik, nolabait alderdi abertzaleek ardura hartzera behartu behar ditugu. Gainontzean jai dugu.

  • Nik lasai bizi nahi dut, hori besterik ez, lasai eta neure hizkuntzan.
    Umetandik ARNAS DEZAGUN, espazioak behar ditugu eta euskaldun guztiontzat ARNASGUNEAK behar ditugu.
    Nik lasai bizi nahi dut, hori besterik ez, lasai eta neure hizkuntzan.

  • Ba “lasai” egon gaitezke antza denez.
    Bildarratzek esan du A ereduan ere lor litekeela B2 maila:
    “Deitu A, B edo D, D ingelesarekin edo ez… Ikastetxe bakoitzak definitu beharko duen hizkuntza proiektuak helburu argi bat dauka: B2a lortzea, gazteleraz zein euskaraz.”
    Hori bai maila!
    https://www.berria.eus/paperekoa/1910/006/001/2023-06-03/gu-beti-egongo-gara-itunpekoen-alde-nahiz-eta-gure-ardatza-noski-eskola-publikoa-izan.htm?utm_source=Twitter&utm_medium=Sare_sozialak_CM