Miren Gorrotxategi bere burbuilan

Miren Gorrotxategi bere burbuilan –

Egun on Euskadi saioan elkarrizketatu zuen Iban Garatek, Miren Gorrotxategi. Galderak onak, erantzunetan poto. Gorrotxategik adierazi zuenez, eremu erdaldunduetako (Gasteiz, Bilbo, Iruñea…) ume etxetik euskaldunak “euskararen hegemonia absolutu batean” bizi omen dira, “burbuila %100 euskaldun batean sartuta”. Lotsagorritu gabe bota zuen, guraso batzuek “modu egoista batean, haurrak burbuila batean nahi dituzte, (euskarazko) trebeziarik gal ez dezaten”, haur erdaldunei “haien gabeziak estaltzen” lagundu beharrean. Ez zen hor amaitu errezitaldia. Gorrotxategiren esanetan, haur euskaldunen balizko “burbuila apurtzean, beste gauza batzuk sartzen hasten dira… Pluraltasunaren aberasgarritasuna onartu edo ez onartzean” omen datza guraso “egoista” horien kezka.

Miren Gorrotxategi bere burbuilan
Edo bera bizi da burbuila batean, edo gezurra dario emakume honi. Biak ala biak politikari eskasaren ezaugarri. Demagun ez dela gaizto ari, ezjakintasunez baino. Bere burbuilatik irtengo balitz, Gorrotxategik ikusiko luke Hego Euskal Herriko herri eta auzo erdaldunduetan ezinezkoa dela “burbuila euskaldun” batean bizitzea, bai ostera itsaso zeharo gazteleradun batean. Batetik auzoko eta herriko biztanle txiki nahiz handi gehientsuenak erdaldunak direlako, eta bestetik, etxean bertan ere ez dagoelako “burbuilarik” osatzerik, era guztietako dozenaka gaztelerazko pantailez inguraturik bizi garelarik. Apenas daukagu heldulekurik euskaraz elikatu ahal izateko, gaztelerazko eskaintza askotariko eta erraldoiaren azpian. Nola arraio osatuko dugu ba burbuilarik?

Pluraltasunak ez digu beldurrik ematen, baina uniformizazioak eta akulturazioak bai.

Euskaldunak gara , eta Euskal Herrian (ez Santanderren edo Bordelen) geuk nahiz gure haurrek euskaraz bizitzeko eskubideari heldu nahi diogu, hori da dena, Gorrotxategi andrea.

Gure haurrek oso azkar ikasi zuten gazteleraz “euskal” inmertsioko D ereduan bertan. Baina arazoa ez da hori, arazoa da eskola askotan gazteleraren erabilera hedatzen eta orokortzen ari dela D ereduan ere, eta gure haurrek euskaraz egiteko ohitura eta aukerak galtzeko arrisku handia pairatzen dutela, are gehiago etxetik euskaldun direnak sakabanatzen badituzte, euskaraz jardun ahal izatea ukatuz eta euron ama-hizkuntzarekiko uste etsigarriak eraginez.

Horregatik eskatzen dugu ez ditzatela sakabanatu, euren artean euskaraz egiteko aukera izan dezaten, eta bide batez,  haur erdaldunen “gabeziak estaltzen” laguntzeko ere bai, normaltasunez eta patxadaz euskaraz jardungo duten haur multzorik gabe ezinezkoa baita haur erdaldunak euskaraz naturaltasunez mintzatzen hastea (hauen ikasprozesu orokorraren hobe beharrez)..

Arnas Dezagunen proposamenak bermatzen du pluraltasuna, Miren Gorrotxategirenak aldiz, akulturazioa, menpekotasuna, asimilazioa eta uniformizazioa, hara!

Izan ere ez da pluraltasuna kezkatzen duena, gazteleraren erabateko hegemonia baizik. Argi geratu da kazetariak hezkuntza ereduaz galdetu dionean: “nahi dugu gaztelerak presentzia gehiago izan dezan” erantzun du. Hots, ez dute gazteleradunak ez diren beste haur erdaldunen hizkuntza gaitasunak, eta are gutxiago horien ama hizkuntzek kezkatzen. Hor konpon afrikarrak, europearrak, Asiatik etorritakoak… Soilik gazteleraren hegemonia eta nagusitasuna ditu kezka.

Gorrotxategi-eta  españolez bizi bitez lasai, inork ez die aukera hori ukatzen; dena dute alde inperioak prestatu dien burbuila erraldoi elebakarrean. Baina errespeta ditzatela Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugun familien eskubiderik oinarrizkoenak behintzat.

Eta utzi gezurrak zabaltzeari behingoz. Zintzotasun apur bat sikiera!

 

Ernesto Leitza Urrestarazu
(Nafarroa “baskofonoa” zenetik)

Miren Gorrotxategi bere burbuilan Miren Gorrotxategi bere burbuilan

17 pentsamendu “Miren Gorrotxategi bere burbuilan”-ri buruz

  • josu naberan 2022-01-26 12:16

    Bistan zegok, Ernesto

    M.Gorrotxategi bere burbuila espainolean bizi dok, lasai asko; hori bai, berak BESTE BATZUK ikusten ditik burbuiletan sartuta…
    zelan deitzen zaiok horri? “DISTOPIA”

    baina txarrena ez dok andere hori bere distopiaren burbuilean sartuta egotea…
    baizik eta euskaldun “normalak” ere distopia-burbuila horretan sartuta egotea, edo egokituta, kolonizatuta, DOMESTIKATUTA:

    ETBeko eta EHUko Zuzendaritzatetatik hasita, kaleko oinezko euskaldunetaraino.
    EGOKITUTA, KOLONIZATUTA, BEZATUTA, geure euskal edukiekiko enorantzian: euskal historiarekiko, euskal antropologia ezin aberatsagoarekiko… ENORANTZIAREN BURBUILEAN.

  • Mila esker beharrezko artikulu honengatik Ernesto.
    Azkenaldian lotsagarria izaten ari da Podemosen jarrera euskararekin.
    Gorrotzategi andrea burbuila batean bizi da edo gezurti hutsa da…

  • Gorrotxategi*

  • Esan ahal zaio espainola (“gaztelania”) ipurditik gora sar dezala, edo akaso politikoki inkorrektua eta zentsuragarria da?

  • Atx! Podemos:”Zer hintzen et non hago…” solas inperialistak erabiltzen, berdin nork nor zapaltzen duen, nork berea defendatzen duen eta nor den espansionista. Leitzak dioen bezala, guk ezpaitugu gure hizkuntza gure mugetaik kanpo sakatu nahi, ez Amerikara eraman nahi.
    Kolonialismo “klasikoa” ezagutu dugunei ez zaizkigu arrotz egiten maña horiek

  • Gorrotxategi ados agertu zen Espainiako epaileek Kataluniako eskoletan ikasgaien %25 gutxienez españolez ematera behartu izanarekin.
    Podemosek klaseak “ama-hizkuntzan” ematearen komenigarritasunaz diharduenean, espainierari buruz ari da, ez beste ezein hizkuntzari buruz. Hor konpon gazteleradunak EZ diren migratzaileak ere.
    Podemosek gaztelaniaren nagusitasuna eremu guztietarako nahi du, baita eskolarako ere, horregatik baztertzen eta lorrintzen du Arnas Dezagunen proposamena ere. Ez duelako euskara nagusi izango deneko inongo esparrurik nahi, inon. PSOE, PP edo Voxekoak bezain espainiar uniformizatzaileak dira, beste hiztegi bat erabiltzen saiatu arren.

  • Hiztegi “ez-nazionalista” Orrutarikoa

    Ama-hizkuntza: hiru dira, gaztelera, gaztelania eta espainiera.
    Berdintasuna: espainiartasun unibertsala.
    Eskola Publikoa: Espainiaren menpekoa.
    Burbuila: euskaldun elebidunez osatutako taldea.
    Mundu zabala: espainieradun elebakarrez osatutako taldea.
    Egoismoa, berekoikeria: Euskal Herrian euskaraz bizi nahi izatea.
    Eskuzabaltasuna, pluraltasuna: españolez jardutea.

  • Baina oraindik ez duzue ulertu?
    Espainiar eskuindar baten gertukoena espainiar ezkertiar bat da. Miren Gorrotxategi espainiar ezkertiarra da eta traba egiten dio euskarak, traba egiten dio Euskal Herriak. Bere amets lizuna “Iparraldeko Murtzia” bat da. Kastillanoz “arraro” hitz egiten duten toki bat. “oso espainiarra eta asko espainiarra”. Espainiaren batasuna ondasun moral bat da.

  • Gorrotxategi ez da inongo burbuilan bizitzen,naziolista espainiarra da.

  • Nazionalista espainiarra da.

  • Hemen gezurra ez da ordaintzen, dirudienez. Ez dakar boto galerarik euskararen eta euskaldunon kontra gezurretan aritzeak. Joan de mendeetan bezal-bezala gaude, imperoaren hankapean babesik gabe, eta inpunitate osoz ari dira
    Borroka dezagun egunero, atsegingarri bihurtu artio. Borroka atsegina

  • Hezkuntza prozesuan umearen ama-hizkuntza garrantzitsua da oso eta kontzeptu batzuk ama-hizkuntza ez den beste batez azaltzen direnean umeek zailtasunak dituzte ama-hizkuntza gaztelera edo frantsesa denean, euskara, arabiera edo errumaniera denean hori ez da gertatzen, haien buruan gaztelania edo frantsesa ez den beste ama-hizkuntza egotea ez dutelako onartzen. Ideologia ikustezin batek dena bustitzen duenean, ideologia-menperatzailea esaten zaio horri. Hizkuntza bat kolorerik gabe eta ikustezin bihurtutakoak dena bustitzen duenean, nola esango diogu horri? Eta noren alde jartzen da Gorrotxategi eta Podemos? Menperatzaileen edo menperatuen alde?

    Hau da hau, ezta?

  • Bingen Uriarte 2022-01-27 11:06

    Miren Gorrotxategi, Roberto Uriarte, eta beste ilustratu batzuk, euskara lurperatu eta gazteleraren inposaketa betikotzeko lanean. Oso tristea da.
    Gero eta alde txikiagoa dago alderdi espainiazaleen artean. Vox-PP-PSOE-Podemos-IU… koalizioa supremazista osatzen dute. España (h)una.

  • Asimilazionismo espainolistak bi rol jokatzen ditu, polizia gaiztoarena eta polizia onarena.

    – Gaiztoarena erraz identifikatzen dugu denok. Vox, PP eta abarren diskurtsoan ikus daiteke adibidez. Zakarra, oldarkor eta iraintzailea. Erraietatik aterata dago eta batez ere espainiara begira zuzendua.

    – “Onarena” aldiz antzematen zailagoa da. Azkoz ere sutilagoa da. Ezker anizale diskurtsoa dauka. Judolariak borrokan bezala, kontrakoak egindako indarra bere aurka itzularazten du. Horrela euskaldun zapalduen defentsan aritzean, erdaldunen zapalketan ari garela sentiarazi nahi digute.

    Bigarren taldekoak askoz arriskutsuagoak dira gure izaerari eskubide osoz eutsi nahi diogunentzat, haien mezua goxo-goxo sartuz, gure erreakzioa eragiteari izkin egiten baitio aise, eta, ideia hoiek barneratuz, ezinbestekoa dugun ekintzaletasunagatik errudun sentitzera eramaten gaituelako.

    Garbi eduki dezagun. Euskaldunok ERE gure lur zatitxoa edukitzeko eskubide osoa dugu, gure lur zatitxo horretan gure hizkuntzan bizi ahal izateko eskubidea eta horretarako baldintzak sortzekoa.

  • MIErekin oso ados.
    Arazoa ez da espainiarretan bukatzen. Abertzale askok ere, bere egin du Podemos eta enparauen diskurtso ustez progrea, Espainiatik eta Espainiarako pentsatuta dagoena.
    Kolonizazioaren ondorioak gero eta agerikoagoak dira. Konplexuak eta lotsak hezurretaraino dauzkagu sartuak. Gure lurrean gure hizkuntza defendatzeko gauza ere ez gara, eta okerragoa dena, alderdi abertzaleetako buruek “guretzat” jotzen dituzte inposatzen dizkiguten hizkuntzak, espainiera eta frantsesa, horrek “mundutarrago” eta “irekiago” egingo bagintu bezala. Aldiz, egunetik egunera menpekoago eta españolago / frantsesago bihurtzen gaitu jokabide horrek.

  • Erabat ados, MIE. Ezin hobeto azaldu duzu. Podemismoak sitsak bezala barnehusten gaitu. Kolonizazioaren armarik perfektuena da, honen bortizkeria guztia aurpegi zurituaz aurkezten baitu.

  • Eskola “euskalduna, publikoa eta berdinzalea” aldarrikatzen ei du gainera Podemosek, “erdaldunagoa, estatala eta uniformea” esan nahi duelarik. Podemos (Gorrotxategi) ikastorduen %25 españolez ematearen alde agertu da, ikastolen eredua (euskalduna, kooperatiboa, solidarioa) gaitzesten dute, eta gaztelera ardatz hezi (doktrinatu) nahi ditu haurrak eskolan.
    Duela 10 urte ez ziren ausartuko horrelako proposamen uniformizatzailerik egitera, baina egun, proposatu bakarrik ez, kalparra harro ari dira hedatu eta zabaldu, inongo erantzunik gabe. Euskalgintza ofiziala eta alderdi abertzaleak mutu. Nola liteke?