Metodologia indigenak
Metodologia indigenak –
Bat aldizkariaren 129. zenbakiak besteak beste honako artikulu hau dakar “Yune´`sit’in komunitatearen esperientzia Nenqayni ch’ih biziberritzen: Nexwejeni naghulchud yenid´` zen (gure hizkuntza berreskuratzen ari gara)”, Paula Laita eta Russel Myers-ek sinatuta.
Ikerketa Paula Laitak egin zuen eta, egiten hasi orduko, marko etikoa osatu zuen hainbat puntutan zehaztu zena:
- ikerketa-hitzarmen bat garatzea;
- komunitatearekiko konpromisoa sustatzea;
- herriaren kodeak, protokoloak, dinamikak eta egiteko erak errespetatzea;
- nagusien eta komunitate horretako beste adituen rolak ikerketan aitortzea;
- bi aldeentzako onurak lortzea, ekarpen akademikoaz gain, komunitatean aplikazio praktikoa izateko aukera ere sortzea;
- komunitatean ikerketa egiteko gaitasuna garatzea, beste momentu batean antzeko ikerlana komunitateak berak jorratu ahal izateko; eta
- emaitzak herriarekin partekatzea.
Aurreko marko horretan oinarrituta, ikerketarako metodologia indigenak erabiltzea planteatu zen. Hori egiteko honako hau egin zuen ikerlariak:
Beharrezkoa izan da ikerlariaren eta komunitatearen eta lurraren arteko benetako harremana garatzea, komunitatea bisitatuz eta elkarren istorioak partekatuz, baita lana egiteko motibazioa ere. Horrek, elkarrekiko lotura bat sortzen laguntzeaz gain, ikuskera eta hizkuntzarekiko eta lurrarekiko harremanaren izaera hobeto ulertzen lagundu dio ikerlariari, eta ezagutza hori oso onuragarria izan da ikerketaren alderdi guztiak garatu eta aplikatzeko orduan.
Metodologia indigenen parte, honako hauek erabili ditu ikerlariak datuak biltzeko:
- Behaketa-metodo parte-hartzailea hasierako faseetan erabili dugu, batez ere azterlan honen testuingurua sortzeko. Ikerlaria ikerketan zuzen-zuzenean inplikatzeak, komunitateko kideak bisitatuz, ekitaldietan parte hartuz, eskolan boluntario gisa lan eginez eta komunitatearen bizitzaren parte izanez, azterketaren errealitatea hobeto ulertzen lagundu du (Campoy eta Gómez Araújo 2015). Hala ere, metodo horrekin jasotako oharrak ez dira ondorengo azterketan erabili, emaitzak komunitatearen ikuspegia jasotzea helburu nagusi duelako ikerketak.
- Erdi-bideratutako solasaldiena izan da ezagutzak biltzeko metodo nagusia. Thomas (2005) eta Bessarab (2008) aditu indigenen arabera, solasaldiaren bidezko kontaketa da indigenen ezagutzara hurbiltzeko teknikarik egokiena, tradizionalki ezagutza transmititzeko era hori izan delako (King 2010; Bishop 1999) eta solasaldian parte hartzen dutenen arteko harremana sendotzen duelako (Kovach 2010, 43). Metodo horrek erosotasun-maila handiagoa ematen die parte-hartzaileei, euren ezagutza zer, nola eta zenbateraino partekatzen duten kontrolatzen baitute. Ikerketa honetarako guztira 23 solasaldi antolatu dira.
- Partekatutako zirkuluak batez ere gazteen ikuspegiak biltzeko erabili dira, erosotasun-maila handitzeko, eskolan era horretan aritzen ohitura baitute. Kultura indigenetan, partekatutako zirkuluak esperientzia kolektiboak dira elkarri entzunda ikasteko (Lavallée 2009); beraz, metodo hori egokitzat jo dugu talde-ikuspegiak biltzeko. Yune?it’in-eko eskolan zirkulu bat egin da, artearen bidezko hausnarketa-metodoak lagunduta (Lavallée 2009, 30): parte-hartzaileek gaiaren inguruan zituzten ideien adierazpen bisuala sustatu da, ondoren, haien esanahia zirkuluan partekatzeko.
- Azkenik, dokumentuen azterketa ere jorratu da. Metodo horrek azterketa kualitatiboei testuinguru sendoa ematen die. Dokumentuak denboran zehar gertatutakoaren erregistro baliotsua dirak (Bowen 2009, 31); horrez gain, azterketa egiteko tarte txikiagoa eskatzen du, eta ez da oso modu intrusiboa datuak biltzeko (Mayan 2009, 82). Ikerketa honetarako, hizkuntza proiektuekin lotutako bileren agiriak eta beste dokumentu batzuk analizatu dira. Halaber, Yune?it’in-eko eskolan aurkitu diren material linguistikoen inbentarioa ere egin da, eskura zeuden hizkuntza-baliabideei buruzko datuak erregistratzeko.
Uste dut metodologia indigena hauetako asko oso erabilgarriak izan daitezkeela geure ikerketa soziolinguistikoak aberasteko eta, era berean, horietako batzuk geure praktiketara egokitzeko. Oso inspiragarria iruditu zait.