Merezimenduen Dekretua: PSNk sekulako gola Geroa Bairi
Merezimenduen Dekretua: PSNk sekulako gola Geroa Bairi –
Gai hau ia oharkabean igaro da (gaztelaniazko hedabideetan, adibidez, ez da deus argitaratu honetaz), baina Merezimenduaren Dekretuaren ondoriorik handiena da:
Merezimenduaren Dekretuak izugarrizko murrizketa ekarriko dio euskarari Nafarroako udaletan:
-Eremu euskaldunean, hemendik aurrera, lan deialdiaren puntuazio osoaren %3,3 izanen da gehienez euskararen balioa.
-Eremu mistoan, deialdiaren puntuazio osoaren %2,1.
“Demokrazian” gaudenetik, udalek ez dute gehieneko puntuaziorik izan euskara baloratzeko. 1985eko Erregelamenduak eta Euskararen Legeak ahalbidetzen zien nahi beste baloratzea euskara eta, jakina, udal askok %2,1 baino askoz gehiago baloratu dute.
Geroa Bai ez da jabetu orain arte. Eztabaida guztia Gobernuaren administrazioan izanen zituen ondorioez izan da.
Baina gaia ez aipatzeak edo beste alde batera begiratzeak ez ditu gauzak konponduko. Hemendik gutxira udal askok hasi beharko dute beren Euskararen Ordenantzak eta plantilla organikoak aldatzen (murrizketa handiak egiten, euskarari dagokionez), Merezimenduen Dekretura egokitzeko. Ez da beharrezkoa izanen UPNk edo UGTk errekurtsoak jartzea.
Hanka-sartze handia izan da, eta Geroa Baik gai honi heldu beharko dio, eta konpondu.
ELAk, STEILASek eta udal batzuek errekurtsoa jarri dute, baina ikusteko dago irabazten duten, eta epaia noiz emanen den.