MenPSEkotasunean erdaraldia ari du
MenPSEkotasunean erdaraldia ari du –
Eneko Anduezak, pse-PSOEko (sic) buruak, ahal duen guztietan esaten du bere alderdia dela “Euskadin” erabakitzen duena. Gizonaren ahoberokeria gora behera, egia dio. Nafarroan are nabarmenagoa da PSEren boterea. Geroa Bai bazkidea eta EHBildu babeslea belauniko dituela auzi askotan agerikoa da (euskarafobia gordina, fiskalitatea eta politika ekonomikoa, memoriaren auzia, Bardeetako tiro-eremua…). Hamaika adibide jar daitezke, ia astero opa baitigu Chiviteren gobernuak erasoren bat, alderdi abertzaleen otzankeria ikusgarria lagun.
EAEn ere, PSEren eragina eta boterea harrigarriak dira, hauteskunde autonomikoetan lortzen duen babesarekin alderatuz gero. Hezkuntza Legea da adibide argienetako bat. Isabel Celàak 2013an iragarri bezala, EAEko ikastetxeetan eredu eleanitza hedaraziko duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJk eta PSEk (hiru edo lau eleko ereduarekin ados zeuden Podemos eta EHBildu ere, azken unean legea babesteari uko egin arren). EiTBren ildo editorialean edota saio askotako edukietan ere agerikoa da PSEren eragina, areagotzera joko duena, bere agindupeko zuzendariak ere kokatzea lortu duelarik.
Azken adibidea egunotan nozitu dugu. EHBilduk eta EAJk, euskaldunon hizkuntz eskubideen mesedetan Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko akordioa lortu dute Gizpuzkoako Foru Aldundian. Aldiz, proposamen horren beraren aurka egin du EAJk Gasteizko Legebiltzarrean, PSErekin batera bestelako mozio bat aurkeztuz eta EHBilduren proposamena bazterrera utzita.
Funtsean, EAJ-PSE koalizioak administrazio publikoetan lan egiteko Derrigortasun Indizeari (D.I.: zenbat lanpostutan den beharrezkoa euskara maila jakin bat) muga jartzearen alde egin dute, indize hori gutxienekoa izan ordez gehienekoa izan dadin. Hots, adibidez Bizkaiko Foru Aldundian D.I. %50koa bada, lanpostuen erdietan baino ez dadin izan beharrezkoa euskara maila jakin bat egiaztatzea. Esan gabe doa, españolez jakitea derrigorrezkoa dela lanpostuen %100ean.
Ondorioz, euskararen normalizazioa areago atzeratuko da administrazio publikoetan, langileek euskaraz lan egiteko eskubidea errotik trabatuz eta herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzeko eskubidea zailduz.
Espainiaren agindupeko epaileen oldarraldiari, EAJ-PSE koalizioaren babesa gehitu behar zaio orain. Ez da soilik ez dutela euskararen aldeko hizkuntz politika duin bat garatzen, aurrerantzean, euskaldunen hizkuntz eskubideei eraso egiten dieten epaileen jarduna erraztu ere egingo dute.
Arian-arian, PSOEren hizkuntz politika espainiazaleetara hurbildu da EAJ, itxurakeriak itxurakeria, nahita edo arduragabekeriaz; ondorioak larrutik ordaintzen hasita gaude.
Aspaldiko temati marabillosoa. Ez da deus berririk zerupean, salatzea baino ez dagokigu. Emon egurre!!!!!!!