Medikuntza fakultate eleaniztuna
Medikuntza fakultate eleaniztuna –
Mundua Bilbo bezalakoa dela esan omen zuen Unamunok, Osasun sailburu eta Bilboko alkate izan zen IƱaki Azkuna medikuak hainbeste estimatzen zuen bilbotar ospetsuak. Bilbo bezalakoa, baina handiagoa. Ez dakit nik ba, Bilbo ez ote den mundua bezalakoa, bere txikian anitza hitzez eta ohituraz. Gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa eta hainbat hizkuntza entzun daitezke kalean, bi ele ofizial egon arren, bata bestea baino ofizialagoa.
Albiste anitz nola munduan hala Bilbon eta, horien artean, ezustean, ezohiko berri on bat: Basurtun medikuntza fakultate berri bat eraikiko da. Bazen garaia! Aniztasunean, zenbat buru hainbat aburu eta hona hemen nirea: bada garaia medikuntza fakultate berria pentsatzeko, gure eremuari (izan Bilbo edo Euskal Herria) erantzun egokia emango dion unibertsitatea.
Salabururi jarraituz, unibertsitatearen helburua ikerketaren eta eztabaidaren bitartez ezagutza sortzea da, hau da, sorkuntza. Ez nolanahikoa, baizik eta zientziaren baldintza zorrotzak beteko dituena, eta orotarikoa. Aldi berean, ezagutza horren gordailua da, gaudenean egon baino daukaguna zabaltzera emango duena, jendearen ongizatea helburu. Azkenik, gizarteak behar dituen profesional trebatuak ekoiztea. Eta Euskal Herriak gaur egun osasun langile eleaniztunak behar ditu.
Batzuek medikuntza gradu osoa euskaraz ikasi nahi dute; beste batzuentzat euskara inposaketa bat da. Izango dira Euskal Herri euskaldun bat aldarrikatzen dutenak, edo Espainiatik etorri diren ikasle erdaldun elebakarrak.
Medikuntza euskaraz edo gazteleraz ikastea eskubidea izan daiteke, baina lehentasuna pazienteari eman behar zaio beti. Egun, eremu elebidun batean jarduteko, bi hizkuntzak ezinbestekoak dira. Horrenbestez, ikasleek ezin dute gradua amaitu elebakar gisa.
Hartutakoaren ordaina eman behar du unibertsitateak: gurea bezalako eremu elebidun batean, bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko gauza diren profesionalak ekoitzi behar ditu. Euskaraz eta gazteleraz lan egingo dutenak, pazienteei maila goreneko arreta emateko; ingelesez ere moldatuko direnak, lingua franca ingelesa delako, eta, beraz, ezagutza eta gaitasunak eskuratzeko eta partekatzeko ezinbestekoa. Beraz, ez dugu behar bi gradu medikuntza fakultatean, ez bi adar, bat gazteleraz eta bestea euskaraz. Eredu hau garestiegia da eta, batik bat, ez da eraginkorra. Gradu edo adar bakarra behar dugu, eleaniztuna: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Ikasle guztientzat, baita erdaldun elebakarrentzat ere. Ikastea ez baita eskubide bat soilik, betebehar bat baizik.
Unamunorekin hasi naiz, berarekin amaituko. Izango dira, Unamuno gogoan, unibertsitatea euren tenplua dela esango dutenak. Lehorrean egon direnak, bere ibilbide profesional osoan medikuntzan jardun gabe. Pazientea da arretaren funtsa. Harroputza gero, ezjakina, osasun arreta bere hizkuntzan eta ez pazientearenean eman behar dela dioena. Itsua gero, eremu elebidunetan unibertsitateak mediku elebakarrak ekoitz ditzakeela uste duena. Medikuntza baita nire esparrua, nire ogibidea, medikua naizenez gero. Eta osasungintzan hizkuntzak duen garrantziaz zerbait badakit, egia esan gehienek baino apur bat gehiago.