Marka berriak euskanglish-eraz, gustatzen?

Marka berriak euskanglish-eraz –

Nabaria da jardueren izen edo marka berriak ingelesez izendatzeko dagoen joera. Mundu osoko jaidura da eta Baskonian ere errotu da.  Baina egun hauetan fenomeno berri batekin aurkitu gara euskaldunok, euskal erroa duten markak ingelesarekin nahasturik sorturiko deiturak agertu dira.

Marka berriak euskanglish-eraz

Honen lekuko Biqain edo Ideckia izen berriak dira. Ideckia izenak, erabiltzen duen StreamDeck sistemaren identifikatzailea, txertatzen dio idekia euskal hitzari. Biqain, Bizkaia Quantum Advanced Industries-en akronimoa da eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailak bultzatzen duen BasQ izena duen estrategia berrian lerraturik dago.

Ideckia izena, bere sortzaileek diotenez, euskaratik sortua da, Idekia hitzari erabiltzen duten software teknologiaren ingelesezko deitura itsatsirik garatu dute, izen biribila lortuaz.

Biqain izenaren kasuan, ez dut ezagutzen zein izan den deitura aukeratzeko prozesua, lehenengo izan den Biqain deitura sortzea, ondoren Bizkaia Quantum Advances Industries azalpena egokitzeko, edo alderantzizkoa. Dena den biribila ematen duen izen bat asmatu dutela dirudi.

Izen biak euskal kutsua dute, euskara darabilte eta aldaera txiki batekin ingelestu egiten dira. Fenomeno honen aurrean zer esan, niri gustatzen zaizkit izen berri bi hauek. Ematen du euskara konplexu gabe erabiltzen hasiak garela, hau da egoera normalizatu bateko hizkuntzak jokatuko lukeen moduan portatzen dela gure hizkuntza ere. Euskaratik abiatu eta mundu moderno batera begiratuaz.

Alternatiba baldin bada dena ingelesez izendatzea, administraziotik sortuak diren hainbat marka moduan, bide hau askoz ere bikainagoa iruditzen zait. Gogoratu, tamalez, izen ugari euskal administrazio ingurutik ingelesez garatuak izan direla, ikus, honen frogagarri, Gari Araolaza-k, @garaolaza, sortu duen “Basque Naming Obsession Spreadsheet” zerrenda.

Horrelakoa da ere, goian aipatu BasQ izena, euskal nortasuna adierazi nahi du, baina ostera, ingelesez hutseko izena da. Txertatu egiten du quantumeko Q hori bere Bas aurrizkian, Bas+Q uztartuz, horrela ingelesezko izena lortuaz. Nahiz eta egokiago litzatekeen Bask+Q balitz, hau da Baskoniarekiko identifikatzailea garbiago geratuko litzateke BaskQ erabilita. Kontutan izan behar da ere bi hizkitako BA hori, ISO kodeetan okupatua dagoela eta, horregatik, BK erabiltzera jo beharko litzatekeela eta, gainera, merkatuan Basq izenarekin hainbat marka daudenez, esan daiteke, askorik ez dutela pentsatu eta, gutxiago, errespetatu.

Marka edo izena ipintzerakoan bi oinarritik hasten da ia beti, zer produktu edo zerbitzu eskaintzen den eta zer publikori zuzendu behar zaion saltzea nahi den ondasun horren onura. Begiratzen da ere izen hori zer punturaino onartua izango den merkatuan edo merkatuetan, gustatuko den, transmititzen duen irudi imajinarioa zein den, arbuiorik sortuko ez duen hizkuntza zein gizarte desberdinetan, eta beste inork ez duen izen bera, libre dagoen.

Askotan adierazi dut, euskal munduari zuzendutako marka bada, izena ingelesez ipintzea absurdua dela. Eta, era berean, mundu zabalari zuzendua bada, gure “made in” erakusteko euskal kutsua beharko lukeela, euskara izanik horren ikur. Guzti hau esanik, ingelesa dela munduko hizkuntza standarra ere onartu beharra dago eta hasieran esan moduan, berretsi, mundu osoko joera dela markak ingelesez edo ingeles kutsuarekin izendatzea. Eta noski, mundu zabal horretan, izenarekin ere lehiatzen dute euskal markak.

Izen bi hauek, Ideckia eta Biqain, oinarrizko baldintza horiek gainditzen dituztelakoan nago, sona oneko izenak dira, euskal kutsua dute eta edozein merkaturako balio dute. Gainera mundu mailan hain hedatua dagoen ingelesa erabiltzean, modari erantzuten diote neurri batean. Euskaldunak dira eta ingeles ukitua dute.

Badakit zenbait kritika jaso dituztela, ez direla ez euskara ez ingelesa eta gure hizkuntza desitxuratu egiten dutela diotenak daudela, euskanglisha sortuaz. Baina, horrek adierazi dezake ere, sakonean ditugun konplexu eta kadentziak.

Denborak esango du, deitura hauek zuzenak diren ala ez, baina nik nahiago ditut horrela ingeles hutsean ipintzen direnak baino. Zuk zer deritzozu?

Marka berriak euskanglish-eraz  Marka berriak euskanglish-eraz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude