Mariari, adeitasunez: euskalduna euskara dakiena da
Euskalduna euskara dakiena da –
Arrasatearra izanik eta asmo onenarekin, gure alkate izan den eta orain Jaurlaritzako kontseilari eta bozeramaile den, Maria Ubarretxena-ri bere adierazpen batzuetan “euskaldun” kontzeptua erabili duen modua ez dela zuzena, argitu nahian nator.
Baskoniako eremuetan hitz batzuekin dugun nahasmena nabaria da. Aspaldi idatzi zuen Saint Exuperyk bere Printze Txikian “Hitzak gaizki ulertzeen iturri dira”. Eta hori gertatu da Mariak egindako adierazpen hauetan esan duen esaldi honekin, hain zuzen “denok gara euskaldunak, baina ez denok euskal hiztunak”, denok hori Baskonia Mendebala/Euskadiko biztanle orori asignatuta.
Ideia hau, sakonean, honetatik dator “basko es todo quien vive y trabaja en Euskadi”, ideia horri jarraituz baieztatzen du goian aipatu esaldia. Baina ideia hori euskaraz erabiltzean, itzulpen zuzena baino fintasun gehiago eskatzen duelakoan nago. Gogoratu zer iskanbila sortu zen Egibarrek esan zuenean “euskara da euskaldun egiten gaituena”, hemen horren gainean idatzi nuena “Zelan itzuliko zenuke ´euskara da euskaldun egiten gaituena´? ”.
Ez baldin baditugu zorroztasunez esanahiak finkatzen, azken baten Egibarrek zionaren eta Ubarretxenak dionaren artean kontraesana dago, eta ez dut uste, alderdi berekoak izanik, inongo asmorik dutenik beraien artean talka egiteko.
Ez da gauza bera, euskaldun izatea edo basko zein euskotar izatea. Eta ez diot hau inongo bigarren intentzio batekin edo sarritan etsai politikoak erabili duten moduan, ez, inondik ere ez. Eta horretarako ideia argitu behar, saiatuko naiz.
Orain dela hiru hilabete idatzi nuen artikuluan, “Aclarar el gentilicio del país de los baskos y sus partes”, argitzen nuen zela erabili genezakeen “euskaldun” kontzeptua. Urte larregi, behar bada gizaldi, daramatzagu hitz batzuen esanahia zehaztu ezinik.
Behar bada, hainbat mendeetan, euskal eremuaren biztanle kopurua, neurri haundi baten euskal hiztunez osatua zenean, ez zen beharrezko hain ongi zehaztea kontzeptua. Gaur egun, gizarte osaketa aldaketarekin eta ezagutza areagotzearekin, premiak aldatu egin dira, eta gehiago aldatuko dira.
Gure etxeetan, euskaldun zaharrak izanik ere, sarritan ez ditugu ondo zehazten hainbat kontzeptu eta horietako bat “euskaldun” hitza da. Askotan argitu behar izaten ditugu esaldiak, esaterako hori euskalduna da, baina ez daki euskaraz. Edo hori ez da euskalduna, nahiz eta hemen bizi aspalditik, edo hori kanpokoa da baina ongi euskaldundu da, zein hura euskalduna da baina Parisen bizi da aspalditik.
Jakina, “euskaldun” hitzaren etimologiara joanik, “euskara+dun” baldin bada euskaldun hitzaren esanahia, garbi dago euskara ez dakiena ez dela euskaldun, aspaldi ezagutu nuen bere abizen guztiak euskal iturrikoak zituen, hemen bizi, baina euskaraz ez zekien emakumea, bere buruari esaten ez zela euskalduna. Era berean euskaraz dakiena nahiz eta japoniarra izan, han bizi, eta ez eduki inongo asmorik hemengo herritartasuna lortzeko, euskalduna dela, euskaradun den neurrian.
Orain galdera, zer da hobe ideiak zehaztu eta argitzen joan, ala daudenetan nahasmena sortu dezaketen moduan utzi? Nik argi daukat erantzuna, kontzeptuak ongi zehaztu ahal baditugu kalte handiagorik sortu gabe, lan hori egin. Horregatik saiatu naiz, nahasmenen hauei irteerak eskaintzen.
Eta bide horretan lehen legea: Euskalduna euskara dakiena da. Eta ez beste inor.
Saiatu gaitezen ba, euskal eremuetan bizi edo herritartasuna duenari zela deitu zehazten, inongo mespretxurik gabe eta onarturik euskal lurralde eremuak, ia betidanik izan dituela bertan bizi baina euskara jakin ez duenik.
Hemen koherentzia eta zehaztasuna duen proposamena euskal herritarra zehazteko
Gazteleraz: Basko
Frantsesez: Baske
Ingelesez: Baske
Euskaraz: Baskoa
Euskotarra (era alternatiboan)
Horrela esan genezake “baskoa naiz baina ez euskalduna”, edo norbait minduta sentitzen bada, era peioratiboa ikusten badu edo nahiago badu, esan lezake, euskararik ez baldin badaki, “euskotarra naiz baina ez euskalduna”.
Urte askotan hitz hauek arerio politikoa iraintzeko erabili dira, eta hor dago koska. Baina uste dut ongi azalduta, gainditu genukeela gaizki ulertzea.
Inork edo askok esan dezakete, ez, ez zabiltza ondo. Ingeles dakien edonor ez da ingelesa, edo espainiera dakien edonor ere ez automatikoki espainola. Beraiek ez daukate gehiago zehazteko beharrik. Eta egia da.
Ingalaterran nekez bizi daiteke ingelesera jakin gabe eta Espainian espainiera jain gabe, Baskonia/Euskalerri osoan, ostera, ongi bizi daiteke euskara jakin gabe. Eredu dira bizi guztia gure eremuetan bizi den eta euskara ikasi ez duen jende andana.
Logika honekin adierazi daiteke euskara dakien edonor ez dela automatikoki euskalduna, herritartasuna adierazi nahi bada, noski. Horretarako bilatu dira herritartasuna adierazteko basko edo euskotar hitzak.
Guri dagokigu esfortzu gehigarria egitea zehaztasun bila, orain eman genezakeen urratsa denbora pasa ahala gure alde jarriko delakoan nago. Kontzeptu biak zehaztu behar direnean, esan lasai “euskotarra naiz baina ez euskalduna” edo “ez naiz euskalduna baina bai baskoa”. Eta euskara dakitenek baina herritartasuna eduki ez “euskalduna naiz baina ez baskoa”, zein “euskalduna naiz baina ez euskotarra”. Euskalduna, euskaraduna, izan eta euskal herritartasuna duenak esan dezake “euskalduna naiz eta baskoa” edo “euskalduna naiz baita euskotarra ere”.
P.D.
Uztailaren 31n, Berria egunkariak eginiko elkarrizketan Joseba Diez Antxustegi, EAJko parlamentuko eledunak, berriro adierazi du «Euskara da euskaldun egiten gaituena», https://labur.eus/Ht6tr, zertan geratzen gara? Nire sakoneko galdera da ia on egiten digun anbiguokeri honek, ezetzean nago.
Egun on, Iñaki!
Konplikatu zaigu afera ezen jende andana bizi baita euskal nortasunera estekaturik. Azkenengo hau borondate kontu hutsa izanik edo kontu geografiko soila, nola esan jende horri: ez, zu ez zara euskotarra eta euskalduna ezta ere! Identitateak daukan apeta latzenetako bat hori da, norberak bere buruari ezarri nahi dion izenak pisu handiegia daukala, egitateak gorabehera. Eta gure artean daukagun nahaste-borraste honek ez du laguntzen.
Bestetik, euskotar eta bertako euskaldunen artean ere badago ñabardura garrantzitsu bat geroaldi politikoari dagokionean. Baskoa erregionalismoa da oraindik, euskalduna nazioa dateke. Haatik, komunitate borondatea berebizikoa dugu gurean, ez norbera zerbait izateko borondatea baizik eta batera izateko borondatea. Eta batera izateko tresna bakar eta behinena euskara da.
Ondo izan!
Eta ez hori bakarrik… Erdara da erdaldun egiten gaituena! Baina Erdalerria, present egonik ere, inork ez du aitortu nahi…!
Nafarroako euskaldunak Euskara dugu hizkuntza; alabaina, legez ere Euskara bertako hizkuntza dela aitorturik ere, eta hiztunak (neurri ttiki batean) euskal hiztun berezkoak direla aitorturik ere, ez dugu erraz aurkituko baskotasunaren arrastorik. Euskara jakin egiten den hizkuntza baita askoren aburuz, baina eta ez gizabanakoaren hizkuntza propio eta bakarra.
Elebitasuna ez baita, oraindik, derrigortua…
Egun on Iñaki, eta ados zurekin: hori aditzea maila horretako euskaldun politikari baten ganik bitxia da. Hori eskuarki aditzen dugu hemen bainan frantsesez : “je (il est) suis basque mais je (il) ne sais (sait) pas le basque!”.
Baina aitortu behar dugu “euskaldun” hitza lausoa izan daitekeela edo ez zehatza. Beraz, segitu behar dugu gaia sakontzen. Ez dakit irakurri duzun Hartsuagaren “Kirrioiloa”;? zu sobera moleztatu gabeiInteresatua nintzateke jakitea zer pentsatzen duzun horretaz.
Animo
Eneko bAt. Diozu: “Baskoa erregionalismoa da oraindik, euskalduna nazioa dateke”. Zela azalduko zenuek erdaraz?
Mikel. Ados diozunarekin. Egia da Baskotasun kontzeptua galtzen doala Nabarran. Uste dut Baskonia Mendebalak duela erru handia. Erru hori, nire ustez, neurri baten konpondu daiteke, gure herriari deitzen diogun izena ongi bideratuko bagenu. Sakonean dagoena izan daiteke asko ez direla sentitzen País Vasco-koak ez Euskadikoak.
Beñat. Irakurriko dut eta zeozer esango.
Basko, euskaldun eta euskal hiztun. Niretzako, holan beharko luke bereizketa.
Barka baina ez da hala inola ere! Baskotasuna, zer hitz itsusia, ez dut uste inongo hiztegirik jasotzen duenik, ez dut begiraru hala ere, zerorrek asmatua? Ez nuen aditua ez irakurria. Zer gertatzen da azken milaurteko honetan? Hara! Nazio bakarra, euskaldunok izan duguna eta duguna Nafarroa da. Gipuzkoa, Araba, baita bizkaitar handiuste horiek, zuberotar eta lapurtar nafar eskualdeak baino ez dira izan. Irakur bedi Códice Calisti… Nafartasuna hain dago errotua, hain da sendoa, hain espainartua gizatalde batzuetan, bai, baskoiberismo hori eta eusko ez dakit zer horrek eZ sute zipitzik ere balio. Finean, zer gara? Euskaldunak, nafarrak. Euskara ez dakiena zer den? Erdalduna, hitz horrek bide luzea egina du. Artaxoan abizen izatera Iritsi zen, Martin Erdalduna. Vascoena frantsesek asmatu zuten erromantizismoan, bai, lehenago ere bazen Tierra de Vascos, iparraldekoak, eta mendebaldekoak nafar izateari utzi eta galdera. Orduan gu zer gara? Vascongadoak, mende luzera, bizkaitar ere bai. Eta halako batean buru argitsu bati bururatu egiten zaio Euzkadi, eusko eta halako babukeriak asmatzea. Utikan!
Kaixo, Iñaki
Ez dakit zein den erdaraz azaldu beharraren zentzua, are gehiago, zein erdaratan azaldu? Espainolez, frantzesez… Ingelesez?
“El vasco es el regionalismo, euskaldun sería la nación.”
“Le basque est le régionalisme, euskaldun serait la nation.”
Ideia honen muinean dagoena da vasco eta basque direnei Euskal Herritar (nazio bateko kide) deitzeak ez daukala, niretzat, zentzu handirik.
Deseuskalduntze eta desnazionalizazio prozesu luzean zehar gertatu da euskara bazterraraztea eragin diotela jende askori, egun gauden egoerara heldu arte. Bada euskaltzaletasun hori ostera berreskuratu edo lortu duenik, baina euskal hizkuntza berreskuratu edo lortu gabe. Badira izan zirenaren zantzuak, baina izan zirenaren muina galdurik dago. Vasco (es) edo basque (fr) etnonimoak arrotzak ditugu, euskaldun etnonimoa, ordea, gure gurea. Vasco hitzak Espainiarekin lotzen gaitu baldin eta horrek espainieraz mintzo diren Euskal Herritarrak izendatzen baditu. Halaber, basque hitzak frantzesez mintzo diren Euskal Herritarrak Frantziarekin lotu. Euskalduna da tendentzia hori hautsi dezakeen bakarra, bere hiztun komunitatea ez baita 1000km-tara aurkitzen, Andaluzian edo Normandian; nazio integritatea Errioxako bat Zuberotar batekin euskaraz mintzatu daitekeenean lortzen da. Hego EHko eta Ipar EHko biztanle banak, haien arteko hitz trukaketa bat egiteko saikeran, batek espainolez soilik eta besteak frantzesez soilik egitearen muga aurkitzean, esan al genezake nazio bereko kideak direnik? Biak al dira Euskal Herritarrak? Ala borondate partekatu bat izan dezaketen bi Estatu-nazio ezberdinetako kideak? Nola da posible nazio bereko bi kide hauen elkar ulertu ezina eta, bestetik, haiena omen ez den nazio bateko kideekin hain ongi ulertu ahal izatea? Hausnartzekoa da egitan. Horregatik diot vasco edo basque ezin direla espainiar edo frantzes erregionalismoaren ikur baizik izan. Euskarak ez gaitu euskaldun egiten bakarrik, Euskal Herritar egiten gaitu, euskararen bitartez soilik batu daitezkeelako euskal lurraldeak eta euskal jendeak.
Nire ustez horrela beharko luke bereizketak. Euskaraz.
Barka lehenago ez erantzunagatik eta barka bat ez etortzeagatik. Euskalduna ez da euskaraz dakiena, euskaraz (ere) bizi dena baizik. Euskaraz dakiten erdalzaleen kopurua etengabe hazten ari den honetan ezin besteko deritzot zehaztapena egiteari. Politikarien mezuen anbiguotasun eta kontraesanei dagokienez berriz, politika boto arrantza hutsa bilakatu denetik, garrantzitsuena sarearen luze-zabala emendatzea da eta horrek dakarren koherentzia mentsa eguneroko ogia dugu dagoeneko.
Juan Inazio. Eskerrik asko, iradokizun guztiak ate zabalik jasotzen ditut. Bat ez datozenak ere, noski.