Mariano Mendigatxa Ornat eta uskara
Mariano Mendigatxa Ornat eta uskara –
Duela mendebete, 1918ko garilaren 31an, Mariano Mendigatxa Ornat zendu zen Bidankozen. Berari esker, euskalkirik arkaikoenaren, alegia, Erronkariko uskararen ezagutza mamitsua badugu, pinuari ‘ler’ deitzen zion hizkera, udaberriari ‘bedatse’, larunbatari ‘neskaneguna’ edota ilargiari ‘goiko’, besteak beste. Mendigatxa eta bere lana, ordea, nahiko ezezagunak dira oraindik.
ERRONKARIERAREN INGURUKO IKERKETAK
Mariano Mendigatxa Bidankozen jaio, bizi eta hil egin zen, Erronkaribarko herri txikienetako batean. Bere bizitzako baldintzek Erronkariko uskararen ikerketarako iturri nagusietako bilakatu zuten.
Horrela, 1862an Louis-Lucien Bonapartek bere aholkulariei Erronkariera aztertzeko bailarako zein herria izango zen egokiena galdetu zienean, hauek Bidankoze aukeratu zuten, ziur aski isolamendu geografikoak lagunduta uskara hobe mantentzeagatik. Bertan, bi laguntzaile paregabe aurkitu zituen: Prudenzio Hualde apeza, berarentzat Astete Aitaren Katixima eta Ebanjelio Saintiua segun San Mateok itzuli zituena, eta Mariano Mendigatxa, 1869ko udan zehar Donibane-Lohitzunen berarekin Erronkariko uskararen aditz-taula osatu zuena eta baita hiztegiko hainbat berba bildu ere. Lapurdiko egonaldi honetan Bonapartek Mendigatxa erretratatu zuen (artikulu honetan dagoen irudia), argazki hori erronkariar baten zaharrena izanda.
Urte batzuk geroago, 1878an, Arturo Kanpion izan zen Mendigatxarekin harremanetan jarri zena, kasu honetan Orreaga balada Bidankozeko uskarara itzularazteko.
Hizkuntzalariei dagokionez bi hamarkada zuri eman ondoren, 1902an Resurrekzion Maria Azkue izan zen dagoeneko zaharkitutako Mariano baten mesedeak eskatu zituena, era honetan lan akademikotik haratago joango zen harremana hasiz. 1902ko udako Santa Graziko topaketaren ondoren, urte horretan hasi eta 1916ra arte luzatuko zen gutun trukea egin zuten, eta haietan, Azkuek horrela eskatuta, Mendigatxak uskaraz eguneroko Bidankozeko kontuez idazten zuen, garaiko bizimoduez, egun desagertutako ohiturez eta ospakizunez, esaera-zaharrak, ipuinak, abestiak… Horregatik, Mendigatxa eta Azkueren arteko gutunak hizkuntza ondare garrantzitsua izateaz gain, etnografiako benetako altxorra badira ere.
MENDIGATXA ETA USKARAREN GAINBEHERA BIDANKOZEN
Marianoren bizitza euskalkiaren gainbeheraren laburpen gisa har genezake. Mendigatxa 1832an jaio zen uskara sasoi onean zegoen eta nagusi zen Bidankoze batean, nahiz eta gizonetako askok gaztelania ezagutu (artzainek Nafarroako hegoaldeko Bardeetan neguak igarotzeagatik eta almadiazainek zura ibaian behera saltzeko beharragatik, Nafarroako hegoaldean, Aragoin edo Katalunian), kontu hau aurreko belaunaldi batzuetatik ohikoa izanda. Emakumeek, ordea, ia ezezagun izango zuten gaztelania.
Karlistadek hizkuntzaren erabilerako atzerapausu handiak ekarri zituzten, azkenak (1872-1876) bereziki, Bidankozen dirudienez hainbat kasutan familia-transmisioaren etena ekarri zuena. Guda amaitu ondoren, gainera, herriak izan zuen azken parroko uskalduna hilko zen, Prudenzio Hualde bidankoztarra, honekin Erronkariko uskara elizatik ere desagerraraziz. Horrela, Mendigatxa etxean Marianoren seme-alabek uskara ikasi zuten, 1854 eta 1863 bitartean jaioak izanda, baina ez, ordea, bilobek, 1883tik aurrera jaioak.
Horrela, uskara eremu publiko gehienetatik desagertzen joan zen eta etxera baztertua izan zen, zaharrek besterik ez hitz eginda. Fase honetan zegoen hizkuntza Azkuek Mendigatxa ezagutu zuenean, eta hortik Marianok aipatzen zituen uskarazko hitz batzuk gogoratzeko arazoak, ez baitzen geratzen erronkariera bera bezala menperatzen zuenik. Hala eta guztiz ere, Mendigatxa bere ama-hizkuntza bilobei irakasten saiatu zen, baina amore eman zuen, etsita.
Gaur badakigu Bidankozen uskara ez zela Mariano Mendigatxarekin desagertu, baina hilzorian bazegoen.
MENDIGATXARI OMENALDIA
Dagoeneko 1932an Azkuek, Euskaltzaindiako lehenengo lehendakariak, Mendigatxari oroitarri bat jartzea proposatu zuen bere jaiotzaren mendeurrena aprobetxatuz. Akademiak onartu, baina ez zen bere etxean ipini, ziur aski garaiko kontuak zirela eta.
Hamarkada batzuk beranduago, 1975ean, Bidankozen bertan eskaini zien omenaldi txiki bat bai Mariano Mendigatxari baita Prudenzio Hualderi ere, Erronkariko euskarazko meza bat eginez, eta ekitaldi hau lau urte beranduago Hualderen heriotzaren mendeurrenean aurrekaria izan zen. Baina Mendigatxak ez zuen Hualderena bezalako ez omenaldirik ez oroitarririk izan.
Oso lan polita egiten ari zarete!
Eskarrik anitx! Pozten nau gustukoa izateak!