Maria Txibite Nabaskoze andreari
Maria Txibite Nabaskoze andreari –
Maria Txibite Nabaskoze andrea, esan liteke, behartuta sentitu naizela zuri idaztera, egun hauetako, euskaren zuen dekretu murriztailea dela eta. Hasteko eta behin, esanen dizut, pixka batean aritu naizela dokumentatzen zure buruari buruz, eta, hementxe agertu dudan bezalaxe, zure lehen bi abizenak nahita idatzi ditut “Txibite” eta “Nabaskoze”, euskal akademiaren arabera, horrela idatzi behar direlako zure lehenengo bi deiturak, euskaldunak direnez gero. Gero ere, mapan ikusi dut, zuen herria, Cintruenigo, alegia, Tuterako merindadean dagoela, Erriberako hiriburuaren parean, baina Corella baino hegoalderago oraindik, eta, hala eta guztiz ere, zure abizenetan bertan ere, ikusi ahal duzun bezalaxe, hor agertzen da Nafarroa Garaiko euskaltasuna, zuk nahi ala ez. Suposatzen dut ez zarela ausartuko Euskaltzaindiaren izen ona kentzera, ez da hala, Txibite Nabaskoze andrea? Beste froga bat, hortxe duzu Berria egunkaria egunero; begiratzera eta irakurtzera animatzen zaitut, Maria andrea, delako egunkari horrek, Nafarroa Garaian ere, bai baitu egoitza, eta, ez eremu euskaldunean, hain zuzen ere, (zuen iritziaren arabera, betiere), langile mordoxka bat ere badauka, eta, nola ez, baita irakurle asko ere; informa, informa zaitez ongi, mesedez, Txibite andrea!
Onartu behar duzuen dekretu murriztaile eta gaizto horri esker, lan deialdi publikoetatik, desagerrarazita geldituko da, oposizio lehiaketetan euskara meritutzat jotzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin, hau da, ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, bai, meritutzat hartuko dira, baina, euskara, Nafarroako berezko hizkuntza izanik, ez, UPNren garairik hoberenetan bezalaxe, eta, hori guztia, Nafarroako errealitate linguistikoa kontuan hartuta eta errespetatuta, omen; a zer errealitate gezurti eta iruzurgilea ikusten duzuen PSNn, Maria andrea! Gainera, zuk, Txibite Nabaskoze andrea, eztabaida gutxietsi eta garrantzia kendu nahi izan diozu, jakinda, neurri berri horrek eragin handia izanen duela eremu ez-euskaldunean eta mistoan, betiere, zuen terminologiaren arabera, zeren eta, nire iritziz, euskarak ofiziala izan beharko bailuke Euskal Herri osoan, eta, ondorioz, baita Nafarroa Garai guztian ere. Euskara da, Nafarroan, salbuespenezko trataera hori duen hizkuntza bakarra, zuen dohainari; gaur egun ingelesa, frantsesa eta alemana meritu baitira Nafarroa osoko deialdietan, eremu edo postuen ezaugarriak edozein direlarik ere.
Esanen zenidake, mesedez, Txibite Nabaskoze andrea, alemanak, frantsesak eta ingelesak zer presentzia duten Nafarroako toponimian, pertsonen izen-abizenetan edota gizarte-ekitaldi arruntetan? Euskarak, ordea, begira ezazu, zure abizenekin hasita: Txibite, Nabaskoze…; beste batzuk: Goikoetxea, Lakarra eta abar; izenak: Miren, Mikel, Xabier, Ainara…; leku-izenak: Tutera, Azkoien, Erriberri, Zarrakaztelu, Mendigorria, Puiu…; eta, azkenik, gizarte-ekitaldi herrikoiak: Korrika, Nafarroa Oinez, Errigora, dantzariak, txistulariak, Olentzero, dultzaina joleak, trikitilariak eta abar, gehiago ez luzatzeagatik. Konta, konta iezadazu, arren, non dauden frantses, ingeles eta alemanezko parekideak!
Bukatzeko, Maria Txibite Nabaskoze andrea, hurrengo dekreturako, gomendatuko nizuke aitzakia hobeak bilatzeko, zeren eta, zuk eta zerorren alderdi politikokoek eman dituzuenak, oso-oso txarrak baitira; ez dira batere konbentzigarriak; beren pisuarekin lurreraino erortzen dira-eta. Egia esan beharko zenukete, alegia, gehiago maite dituzuela atzerriko hizkuntzak, Nafarroako euskaltasuna baino. Gai honetan, lotsa ematen duzue, Txibite Nabaskoze andrea; demokrazia eta ausardia handiagoak beharko zenituzkete, Maria anderea.
Barkaidak, Xanti, lankidekak izan baikara. Tuterako Merindaderik ez zagok Nafarroan. Zangozakoa, Mendialdekoa, Estellerrikoa, Erriberrikoa eta Erriberakoa.Horiexek dituk geronen merindadeak. Geroago Baxenafarroakoa gehituta. Eta deitura Zibitze duk, Behe Nafarroakoa. Behar da gero!