Maitasunez zaindu
Maitasunez zaindu –
Kartel batzuk ikusi ditut nonbait: “Zaindu nazazu bi orduz, (gutxienez)”. Liluratuta utzi nau. Hau zelan doa? Umeekin egunean 2 ordu besterik ez duzu egiten, astean zehar? Edo zure aitona-amonekin astean bi ordu pasatu? Logikoa ez da, ez? Gure senideak bi ordu baino gehiago zaintzen ditugu musu-truk, behar denean.
Baina soldatapean gaudenean? Erresidentzietan (adibidez) lan egiten dute emakumeak bi orduz zaintzen dute bakarrik? Edo gehiago? Ea: goizeko 7etan esnatu, altxatu, dutxatu eta jantzi. 10 minutu ematen dizkie langileei, eta berdin du menpekotasuna izan edo ez, mugikortasun arazoak izan edo ez. Araua denentzat dago: 10 minutu. Gosaldu, eta egongelan erabiltzaileak utzi, trasteak bezala. 12etan denak lerroan jarri eta bata besteen atzetik komunera, ardiak bezala. Txizagurarik ez? Ba txanda pasa, hurrengoa. Txizagura 11etan? Pixoihalean egin, ez da momentua, zaindaria logelak garbitzen dabil eta.
Bazkaldu, siestara eraman, eta komunerako lerrora berriro. Merienda eta afaria eman, edo lagundu behintzat, eta beste 10 minutu oheratzeko, asko jota, ze zaindari batek 15 agure inguru bi ordutan oheratu behar ditu. Maitasuna bai, baina ezertarako denborarik ez dago.
Bi ordu pasa dituzu erabiltzaile bakoitzarekin? Txantxetan ere ez. Leher eginda zaude, zure 8 lan orduetan ez zara gelditu, baina agureekin bi ordu ere ez zara egon. Bitartean agureak telebista ikusten , aparkatuta.
Ados zaude zaintza honekin? Eta zure senidea bada?
Eta neke eta frustrazio hau hilean mila euro ez kobratzeko… ze ez pentsa, zaindariak maitasunez beteta egiten dute lan, baina ez maitasun truke. Bizkaian eta Gipuzkoan greba egin dute eta 1400€ kobratzea lortu dute eta ia 1600 ordu urtean lan egitea. Araban ia 1800 ordu sartzen dituzte urtean lanean. Leher eginda daude, bizitzarik ez dute eta hala ere maitasunez zaintzen dituzte gure aitona-amonak, nahiz eta denbora ez izan.
Baina lan baldintzak ez dira inportanteenak, nahiz eta oso garrantzitsuak izan; niri inporta zaidana zaintza mota da, zenbat denbora eta zer egiten dugun gure adineko jendearekin. Traste zahar moduan uzten ditugu erresidentzietan edo maitasunez eta denboraz zaintzen ditugu (erresidentzietan ere). Hau egiteko denbora eta jendea behar da. Gure mundu kapitalista honetan, horrek dirua ere suposatzen du.