Lanbropeko anbiguotasunean

Lanbropeko anbiguotasunean –

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Ikaskuntzak duela 75 urteko aldarria berritu du, Baionako herriko etxean, Euskal Herria zatitzen duten hiru administrazioetako erakundeetako ordezkariekin eta halaber, euskalgintzako egituretako kide eta ordezkari politiko eta sozial ugarirekin. Berria egunkariko kazetariak izenburu arretagarria paratu dio: “Euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukera bermatzeko eskatu du Eusko Ikaskuntzak” (2024-11-27).

Lanbropeko anbiguotasunean
Arg: Xabier Otegi

Eskari hori irakurrita, honako galdera datorkit: nori egiten dio, bada, Eusko Ikaskuntzak eskari hori?, EAEko Eusko Jaurlaritzaren ordezkari bat han zegoen; Nafarroako Foru Erkidegoko gobernuko Euskara kontseilaria; eta halaber, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari anfitrioia ere. Horiei eta Espainako Gobernuari eta Frantziakoari?

Eusko Ikaskuntzako lehendakariak aditzera eman zuen ezen 1866an %57 zirela euskaraz mintzatzeko gai eta egun %30. Oroitarazi zuen denok dakiguna, hots, euskarak frankismoan pairatutako jazarpen eta debeku gogorra, eta ondotik, azken urteetan egindako aurrerapausoak aipatu zituen: “azken 75 urteetan handituz joan da euskaraz dakitenen kopurua, eta euskarak beste esparru batzuk irabazi ditu; besteak beste, hezkuntza sisteman, esparru publikoan eta arlo sozioekonomikoan. «Bide luzea eta malkartsua izan da, baina baita emankorra ere»”.

Zehazki zer eskari egin zuen Eusko Ikaskuntzak?

  1. Euskal hizkuntza komunitatea trinkotzeko eta saretzeko jauzia ematea.
  2. Globalizazioak, digitalizazioak eta errealitate soziodemografiko berriek dakartzaten erronkei aurre egiteko, elkarlan aktiboa sustatzea eta indartzea erakunde publiko-pribatuen eta herritarren artean.
  3. Euskal lurralde guztietan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko aukerak suspertzea eta bermatzea.
  4. Euskarari arnasa emango dioten politika sendoak martxan jartzea, etorkizunean funtzio guztiak euskaraz betetzeko aukera emango duen berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko.

Helburu onak dira, aitzakiarik gabekoak. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak esan zuen euskara “larrialdi egoeran” dagoela. Baina denon arteko elkarlana beharrezkoa dela adieraztetik landa, ez zuen besterik esan. Rober Gutierrez euskaltzalearekin bat nator ni, honako hau dioenean:

Larrialdi linguistikoaren aurrean, egoera itzulikatzeko lehen eginkizuna auzi hau agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea da, eta instituzioek, agintariek, eta, oro har, eragile politikoek, sozialek eta ekonomikoek euskararen normalizazioa eta biziberritzea lehentasunezko ekinbidetzat hartzea. Guztiok behar gaitu prozesu honek” (“Larrialdia” Berria. 2024-11-28).

Ematen du baina, inpotentzia berberetik mintzo garela Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, Gutierrez euskaltzalea eta hirurok. Egunkari berean, non irakurtzen dudan honako hauxe: “Duela gutxi jakin dugu 2022an Arkautin suhiltzaileentzako izan ziren oposizioetan zenbait hautagairi ukatu egin zitzaiela azterketak euskaraz egitea”:

Bitxia, hautaketa prozesua 2022ko azaroan izan zelako eta horren berri ia urte bi igarota izan dugulako; non ezkutatu ote da albistea urte bian. […] Bada… hara non, XXI. mendean, Europako hizkuntzekiko errespetuak goranzko bidea hartua zuela uste genuenean, 1982an euskararen erabilera normalizatzeko prozesu bat abian jarri zuen administrazioak, Eusko Jaurlaritzak berak, ukatu duen oposizio bat euskaraz egitea. Eta ELA sindikatuak jarritako helegiteari erantzuteko Eusko Jaurlaritzaren abokatuak Espainiako konstituzioak 3. artikuluan jasotzen duena erabili du legezko oinarri; alegia, historian euskarari debekua debekuaren gainean jarri dion estatuaren araudia. Araudi horrexek berak, baina, ofizialtasuna aitortzen dio euskarari  EAEn eta Nafarroan; hala beraz, Eusko Jaurlaritzak historian ez Frantziak, ez Espainiak egin ez dutena egin du: euskaraz egiteko eskubidea ukatu, euskarak ofizialtasun-estatusa duela. Eta historian lehenengoz Frantziak eta Espainiak ezarri dituzten debekuen zerrendari gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak berak ezarri duen debeku bat. (“Hibridazio baten ordezkari” 2024-11-28).

Oldarraldi judizialari erantsi beharreko beste kasu bat. Nafarroa Garaira joaki, zehazkiago Iruñera, Eusko Ikaskuntzaren berria zekarren egunkari eta ale berean, beste titular hau:

Haur eskolen auzian, UPNren <<politika grisa>> alboratzeko eskatu diote Asironi […] Iruñean, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak euskaraz eskolatu nahi izatea oztopo lasterketa da kasu askotan, eta oztopo horien berri ematen duten testigantza batzuk bildu ditu Iruñeko Euskalgintza plataformak. […] Euskarazko haur eskolen arazoari konponbidea eman nahi diote, eta neurriak eskatu dizkiote Iruñeko Udalari. (2024-11-27)

Iruñeko Udalean arduradun politikoak aldatu badira ere, euskarazko haur eskolen egoeran aldaketarik ez, atzera egin omen da! Hor Geroa Baiko eta Nafarroako gobernuko bozeramailea ez baizik eta EHBilduko Asiron da arduradun nagusia, baina adibideak berdintsu balio du, diodanerako.

Eta zer esan Joanes Leizarragaren herrikide den Jean Rene Etxegarai frantses hiztunaz? Macronen alderdikidea denari ez zaio iruditzen, beharrik, hizkuntza gutxituek Frantziaren batasunari kalterik egiten diotenik; baina zer esango zenukete dariela honako esaldi hauei: “Euskara eta gaskoia defendatzea frantsesa defendatzea ere bada; gure hizkuntza defendatzea da. Hizkuntza aniztasuna aberastasuna da”, onenean, euskararen edo euskaldunen aldera errukizko jarrera edo sumatzen diot nik, ez benetan euskaraz (eta gaskoiz) hitz egiteko eta bizitzeko aukera bermatzeko borondate eta asmorik.

Laburbildurik, hitz onak bai, baina eragin praktikoa goiz lainotu bateko lanbropean bezala, eta larrialdi egoeratik irteteko ganorazko hizkuntza-politikarik inon ez. Eta, jakina, erakundeen jokabide, onenean, anbiguoaren menpean, euskaldun guztion gain baino ez, ondorengoei –Europako jaiotza-tasa txikienetakoa dugularik; halere, biztanleria gora doakigunean!– euskara transmititzeko lantegia. Ba al daukagu ezer ospatzekorik, festarako inoiz falta ez dugun gogotik aparte?

Lanbropeko anbiguotasunean  Lanbropeko anbiguotasunean  Lanbropeko anbiguotasunean

Saiakera-idazlea

5 pentsamendu “Lanbropeko anbiguotasunean”-ri buruz

  • Egun on, Pako.

    Beti bezala, eskerrik asko zure artikuluengatik. Nihaurrek ere uste dut aterabidea ez dela soilik politikoa, instituzioei dagokiena alegia. Ikuspegi holistiko baten zantzuak ikusten dizkiot zure artikuluari, borondate politikoen eta epaiketa jurisprudentzia-bide arriskutsuen tartean gizarteari dagozkien aspektu ugari irakurtzen baitira.

    Zerorrek esana, gure eskualdean biztanleria gora joan arren jaiotza tasa Europako urriena da, eta berezko hazkundea, nik dakidala, negatiboa. Horrek esan nahi du, proportzioan, geroz eta atzerritar gehiago dagoela, “atzerritar” hitz horren adiera ezberdinak gorabehera.

    Nahiz eta gure lurraldearen zati batean euskara lanpostu publikoetarako derrigortu edo meritu gisara hartu, horrek ez du atxikimendurik dagoenik esan nahi. Halaber, berdin euskara dakitenen kopuruari dagokionean. Zenbatek ez ote du euskara lanpostu bat lortzeko edo zerrendetan gora egiteko ikasi? Horrek ez du esan nahi euskarari begirunerik diotenik, derrigortasun hutsagatik egin da. Hori egin eta hizkuntzari sekulako herra dionik ezagutzen dut. Zein punturaino jarraitu dezakegu ilusio horrekin? Proportzioan, zenbat jatorrizko euskaldun behar dira erdaldunen azken errebolta heldu aurretik? Ni ez naiz baikor, eta hazkunde natural negatiboa duen herri honetan helduko da egun bat non D eredutik igaro diren eta oposizioetarako ikasi duten “euskaldunen” zati bat ere jatorrizko euskaldunen aurka altxatuko den, maileguan hartu ditugulako, guretakoak bailiran, hizkuntzarekiko inolako atxikimendurik ez dutenean.

    Denbora gure kontra daukagu eta afera ez da soilik instituzioek zer egiten dutenaren araberakoa, guk euskal gizarte moduan egiten dugunaren araberakoa baizik, gu gabe gure politikariak ez baitira deus. Bozen merkatua aldatzen doan heinean, ideologikoki erdaldunaren patxadan bizitzea gailentzen doan heinean, hizkuntzak instrumentu eta ez gogo-arima bezala hartzen ditugun heinean ez dugu irabazterik.

    Aitortza politiko-instituzional zintzoa ez da inoiz estatusik izan ez duen hizkuntza baten alde gailenduko baldin eta euskaldungo hori osatzen dugunok batera, norabide berean, abant egiten ez badugu.

    Aitortza konkistatu egin behar da.

    Adeitasunez,

    Eneko.

  • Eskerrik asko Eneko

  • Non sinatu behar da?

  • Benat Castorene Orain dela ordu bat

    Merezi du Etchegarayen hitzei erreparatzea: Lehenbiziko esaldiak ““Euskara eta gaskoia defendatzea frantsesa defendatzea ere bada;” ez du zentzurik. ez baitugu konprenitzen nola debru euskara defenditzea frantsesa defenditzea izan litekeen. Izan ere frantsesa defenditzea euskara defenditzea ote litzateke?
    Aldiz harentzat inportanteena “gure hizkuntza defendatzea da” hau da frantsesa.
    Azken esaldia argia da euskara edergailu bat besterik ez da eta euskara defendi daiteke hizkuntza aniztasuna gatik.
    Etchegray ez bada sekula mintzatu euskaltasunaren izenean ez du sekula gorde bere frantsestasuna. Arrazoi osoa du frantsesa da eta; euskaldunok ditugu sobera ilusio egiten hari buruz. Gure ilusioek galduko gaituzte.
    Adeitasunez

  • Milesker Benat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude