Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa –
Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu gabe), neurri handian ezerezean geratzen ari da ikasketak euskaraz egindako gazteak lan mundura pasatzerakoan.
Izan ere, euskararen hedapena lan munduan islatzen duten datuen argitan egoera oso kezkagarria da. Adibidez, Euskal Herri osoan lanorduetan lankideekin beti euskaraz edo euskaraz erdaraz baino gehiago hitz egiten dutenen ehunekoa 16,5 zen 2021 urtean. 1991 urtean, 30 urte lehenago, 7,9koa zen ehuneko hori. Hobekuntza bai, baina guztiz mantsoa zalantzarik gabe (urtean 0,3 puntuko igoerara ere ez da iristen).
Eremu administratiboaren edo sektorearen arabera hazkunde desorekatua era berean, euskarak eremu bakoitzean duen estatus ezberdintasunaren zein hizkuntza-politika ezberdinen isla. Hau da, igoera gertatu bada eskualde euskaldunenetan eta sektore publikoan zentratuta gertatu da nagusiki. Eremu zehatz hortik kanpo, erdaren hegemonia ia erabatekoa da.
Hori gutxi ez eta errealitate kezkagarri hori iraultzeko erabiltzen diren bitartekoen egoera iluna denik ezin inork ukatu. Adierazle gutxi batzuk aipatzearren: EAEko administrazio publikoetako hizkuntza-eskakizunen egiaztatze-maila aztertuz gero, lanpostu guztien %32,8 dagokiena baino maila baxuagoa egiaztatua dute edo zuzenean horietan lanean dauden pertsonek ez dute euskara ezagutza gutxienekoa ere egiaztatu, administrazioaren euskalduntzea hasi eta 40 urtera.
«Erdaren hegemonia ia erabatekoa da, eta ez dago igoeranzko joerarik, sektore publikoaren eta eskualde euskaldunenen salbuespenekin»
Nafar administrazioari dagokionean, euskara eskakizun bat duten lanpostu publikoak ez dira %10era iristen, gehienak ere irakaskuntzako lanpostuak direlarik. Hau da, langile publikoen %90ari ez zaio inolako euskara eskakizunik egiten. Hori bai, ingelesa edo alemana ezagutzea gero eta gehiago baloratzen da, alderaketa bereziki iraingarrian.
Duela hiru hamarkada abian jarri zirenetik, soilik entitateen %1ak egin du nolabaiteko euskara-plana bere barnean. Hau da, Euskal Herrian dauden enpresa, establezimendu zein lan munduko bestelako eragileen % 99ak ez du inolako neurri planifikaturik hartu euskararen erabilera eta presentzia hedatzeko.
Diagnostiko arin horrek argi adierazten du lan mundua euskalduntzeko tresnak guztiz kamustuta daudela. Argi dago orain arteko bidetik jarraituz gero ezinezko dela lan munduaren euskalduntze osoa lortzea. Eta panorama beltz horri estatuen azken aldiko oldarraldi juridiko-politiko-mediatikoaren kaltea gehitu behar diogu.
«Lan mundua euskalduntzeko tresnak guztiz kamustuta daude, eta oldarraldi juridiko, politiko eta mediatikoak larritasuna geitzen dio egoerari»
Estatuen hausnarketa sinple bezain gordina da: euskalduntzean aurreratutakoa urrunegi joan da, ez daude prest euskararen normalizazio osoa lor dezagun uztera, beraz, makineria martxan jarri dute euskalduntzea galgatzeko. Beste moduan ezin ulertu, besteak beste, hizkuntza-eskakizunen aurka ezagutzen ari garen epai segida amaigabea.
Egoera horren guztiaren aurrean, LABen ustez ezinbestekoa da eragile euskaltzaleon artean euskalduntzearen inguruko herri-akordioa eraikitzea. Premiaz normalizazio-prozesua erasoetatik babestuko duen herri-akordioa, baina horretara mugatu gabe, oinarri horretatik abiatuta Euskal Herriaren berreuskalduntzeari jauzi berria ematea ahalbidetuko duen herri-akordioa.
Horren barruan lan munduaren euskalduntzea azkartu eta hedatzeko ere baliagarria izango den akordioa. LABek eskua luzatzen die gainontzeko eragile euskaltzaleei denon artean akordio hori eraiki eta praktikara eramateko. Euskarak eta euskaraz bizi nahi dugunok ezinbestekoa dugu.