Lan-deialdi publikoetako probetan euskaldunei gazteleraz egitera behartzen zaie
Lan-deialdi publikoetako probetan euskaldunei gazteleraz egitera behartzen zaie –
Lan-deialdi publikoetako probetan gazteleraz egitera behartzen da
- Lanpostu publikoetako prozesuetan euskaraz parte hartzeko oztopo eta zailtasun gehiago jartzen zaizkie hautagaiei, salatu du Behatokiak.
- Euskotreneko kasuan, hautaketa eramateko azpikontratatutako enpresak gazteleraz eta ingelesez egin ditu probak baina ez euskaraz, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izan arren.
- Hautaketa prozesuetan euskaraz parte hartu nahi duten herritarrak diskriminatzeari uzteko eta aukera berdintasuna bermatzeko eskatu du Behatokiak.
Azkenaldian, lanpostu publikoetako hizkuntza-eskakizunen gaiak zer esan handia eman du. Izan ere, administrazio publikoan, bai eta zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten azpikontratatutako enpresetan egiten diren deialdietan, zerbitzua euskaraz eskainiko dela bermatzeko neurri garrantzitsuena dira hizkuntza-eskakizun horiek. Lanpostuak elebidunak izatea beharrezkoa da herritarrei euskarazko zerbitzua bermatzeko, baita langileen euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko ere. Herritarren eskubide kontua da, beraz, administrazioak bermatzeko betebeharra duena.
Hautaketa prozesuetan, gaztelerara jotzera behartuak
Hala ere, gutxitan hitz egiten da hautaketa prozesuez eta berauek euskaraz eta gaztelaniarekiko berdintasunean aurrera eraman ahal izateak duen garrantziaz, bereziki euskara jakitea nahitaezkoa den lanpostuetan. Izan ere, hainbat dira gaur egun hautaketa prozesuetan euskaraz parte hartzeko dauden ezintasun eta oztopoak.
Alde batetik, hainbat prozesutako probak, azterketak zein bestelakoak, teorian euskaraz egin ahal izatea ahalbidetzen den arren, errealitatea oso bestelakoa da. Adibidez, proba psikoteknikoen kasuan azterketa euskaraz egitea eskatu arren, gaztelaniaz pasatu behar izaten dituzte hautagaiek. Administrazio publikoetatik ematen diren erantzunetan, hainbat aldiz aipatu izan da era honetako probak ez daudela euskaraz egin ahal izateko homologatuak, baina urteak joan ahala ez zaio konponbiderik eman. Honi lotuta, azterketak euskaraz egin nahi dituzten pertsonek ahalegin berezia egin behar izaten dute, izan ere, hautagaiaren esku jartzen diren ikasgai, material, liburu zein bestelakoak gehienetan gaztelaniaz bakarrik izaten dira eta horrek ziurgabetasuna eta berdintasun falta eragiten die hautagaiei. Edota, hainbat deialditan gertatu den bezala, euskarazko galderak ulergaitzak izan dira eta hautagaiek gaztelaniazko galderak ere eskatu behar izan dituzte, zalantzak sortzen zituztelako. Ondorioz, lan deialdi publikoetako hainbat hautaketa-prozesutan, hautagai euskaldunei probak gazteleraz egitera behartu zaie.
Bestalde, titulartasun publikoa duten enpresetan ere sarritan gertatzen dena salatu du Behatokiak. Izan ere, enpresa hauetako askotan hautaketa prozesua enpresa pribatuei esleitzen zaie, eta esleipen kontratu horietan zerbitzua euskaraz eman ahal izateko baldintzak ezarri daitezkeen arren, ez dira horretarako neurri egokiak hartzen. Ondorioz, arazo ezberdinak sortzen dira hautaketa prozesua euskaraz egin daitekeela bermatzeko, edota ez da inolako neurririk hartzen euskarazko zerbitzua behar bezala baloratuko dela bermatzeko.
Euskotreneko kasua, onartezina
Adibide argia dugu Euskotren enpresa publikoan aurreko hilabetean gertatutakoa. Irailean, Euskotrenek 15 barne deialdi ate zituen guztira; horietatik lauk soilik izan dute nahitaezko hizkuntza-eskakizuna, enpresa honen izaera dela eta, kalitatezko zerbitzu bat emate aldera euskararen ezagutzak berebiziko garrantzia duen arren. Barne-deialdi horiek aurrera eramateko esleipen prozesuaren oinarrietan argi ezartzen da enpresa horrek gutxieneko batzuk bete behar dituela prozesua euskaraz egin ahal izateari begira. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa izan da:
- Izen-emate prozesua eta argibideak gaztelania hutsean ezarri dira.
- Fase psikotekniko osoa gaztelaniaz edo ingelesez egin behar izan zuten hautagaiek, ez baitzen euskaraz egiteko aukerarik eman. Gainera, gaztelaniazko ortografia eta gramatikari buruzko galderak ezarri dira, baina euskarazkorik ez.
- Nortasun-testa ere gaztelaniaz egin behar izan dute.
- Prozedura eramaten zutenen azalpen guztiak gaztelaniaz izan dira, eta zalantzak euskaraz argitu nahi izanez gero, gaztelaniaz egiteko eskatu zaie hautagaiei.
Behatokiaren iritziz, onartezina da 400 hautagai baino gehiagok parte hartzen duten enpresa publiko batetako hautaketa prozesuan euskarari tratamendu hori ematea. Gainera, alor publikoko beste hainbat enpresatan antzerako kasuan eman dira, Behatokiak jaso dituen kexen arabera.
Administrazioei eskaera zehatzak
Azkenik, Behatokiak eskaera zehatzak luzatu dizkie administrazio eta enpresa publikoetako arduradunei, hautaketa prozesuetan euskaraz parte hartu nahi duten herritarrak diskriminatzeari uzteko eta aukera berdintasuna bermatzeko. Besteak beste, Behatokiak eskatu du behingoz euskarazko proba psikoteknikoak homologatzea, azpikontratatutako enpresek egiten dituzten hautaketa prozesuak euskaraz egin ahal izateko klausulak txertatzea eta betetzen direla gainbegiratzea, ikasgaien materiala euskaraz eskaintzea gaztelaniazkoen kopuru berean, eta euskarazko probetako galderen hizkuntza-zuzentasuna zaintzeko neurriak jartzea.