Laido euskarari
Laido euskarari –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Euskarari laido egiten diote antolatzaileek, euskarazko kultura ikusgarri baten hasierako agurra eta aurkezpena frantsesez egiten dutenean, eta euskara ondotik sartzen dutenean.
Euskarari laido egiten dio euskarazko ikuskizunaren zuzendariak, esker oneko mintzaldia frantsesez –eta frantsesez bakarrik– egiten duenean.
Euskarari laido egiten zaio euskarazko film bateko ingelesezko elkarrizketen azpitituluak espainolez edo frantsesez bakarrik jartzen direnean.
Euskarari laido egiten zaio euskaraz mintzatzea erabaki duen hautetsi bati ez zaionean itzultzailerik ezartzen, eta eskatzen zaionean berak egin dezan erran berri duenaren itzulpena.
Euskarari laido egiten diote bertsolariari frantsesez kantatzeko eskatzen diotenek.
Euskarari laido egiten diote gris argiz eta bazter batean agertzen denean euskarazko itzulpena.
Euskarari laido egiten zaio printzipioagatik bakarrik jartzen denean hitz bat, “betiko horiek” kexa ez daitezen.
Euskarari kalte egiten zaio kultura sortzen eta zabaltzen laguntzeko jartzen diren dirutzak espainolezko edo frantsesezko ekoizpenentzat direnean, eta euskal kulturari porroskak baizik ez zaizkionean gelditzen.
Euskarari laido egiten zaio bigarren mailako bezala tratatzen denean.
Euskarari ez diogu batere mesederik egiten jarrera horiek eragiten duten mina gutxiestean, zenbait ohitura justifikatzean, deus ez baino hobeki dela sinestean…
Euskara bigarren mailan dago, lehen mailan daudelako frantsesa eta espainola. Frantsesa jakin behar da Ipar Euskal Herrian irakasteko; espainola jakin behar da Hego Euskal Herriko sare publikoan irakasteko. Euskara ez da beharrezkoa Donostian frantsesa edo ingelesa irakasteko. Espainola bai.
Alabaina, euskara bigarren mailan dago, lehen mailan daudelako espainola eta frantsesa. Hizkuntza politika horrek erakusten du nork agintzen duen herri honetan. Eta Frantziak eta Espainiak agintzen duten bitartean, euskarak ez du salbamendurik.
Euskaraldia iragan berri da. Korrika dator laster. Batzuek horrelako aukerak baliatu nahi izaten dituzte euskaltzalearen itxurak egiteko.
Martxoaren 8an denak feministak edo maiatzaren lehenean denak langileen aldekoak diren bezala dira euskaltzale Euskaraldian eta Korrikan.
Ele ederrak ahoan dituena elezuri hutsa da, gainerako egunetan euskara zokoratzen badu, Frantziaren eta Espainiaren ikurrak, balioak eta hizkuntza politika babesten badituzte.
Frantsesa eta espainola dira euskararentzat, emaztea jotzen duen senarra emazte horrentzat.
Frantsesari lehentasuna ematen dioten horiek, euskararen alde mintzatzen direnean, jendartean itxura ona eman nahi duten senar bortitzen pare dira, euskararentzat.
Edo frantsesa eta espainola dira euskararentzat, katua saguarentzat bezala.
Euskarak ez du behar lekuño bat erdararen –nagusiaren– ondoan. Euskarak ez badu bere leku osoa, ez bada duintasunez erabiltzen, ez da biziko. Denek dakigu frantsesa edo espainola, eta hainbatek biak. Euskara ez da beharrezko, komunikazio hizkuntza nagusia bi horietako bat baldin bada eta euskara forma hutsagatik erabiltzen bada. Ez bada beharrezko, ahultzen segituko du. Eta epe ertainera desagertuko da.
Garraio publikoarekin bezala gertatzen da: gure mugimenduetarako trabak baizik ez badizkigu ematen eta autoak erosotasun eta malgutasun guztia, garraio publikoa desagertuko da.
Ados goitik behera eta behetik gora.
Ñabardura bakarra, laidoa eskaldunoi egiten zaigu, baina ados gaude horretan ere.
Euskara eta genero indarkeria nahastu dituzu, eta ez dakit baina agian jendea gainera eroriko zaizu.
Arrazoi duzu, diglosia egoeran gaude euskaldunok, deskribitzen duzun moduan.
Ohar txiki bat: Donostian (edo Gasteizen, Bilbon …) eskola publiko gehien-gehienetan euskera jakin behar da frantsesa edota ingelesa irakasteko, gainontzeko ikasgai gehienekin gertatzen den bezala. Euskara beharrezkoa da EAEko eskola publikoetan aritzeko, bai Lehen Hezkuntzan, bai DBHn.
Hats berri bat!!!
Diskurtso berri bat!!!
Noiz ?
Denbora gure kontra dugu bere joanean. Ekiten ez badiogu eta denborak azkartzen ez baditugu, polliki polliki zulora pirrika irristatuko gara!!
Ados ñabardurarekin, euskaldunok (giza taldeak) sufritzen dugu injustizia, zokoratzea eta laidoa, ez hizkuntzak.
Hau “espainola jakin behar da Hego Euskal Herriko sare publikoan irakasteko”, gezurra da.
Zorionez, Joseanek dioen bezela, lan egin nahi badezu euskara egiaztagiria aurkeztu behar dezu.
Ez da gezurra. Hau eskatzen zaie “Espainiar” nazionalitatea ez duten hautagaiei: “6.1.– Oposizio-aldiko probak egin aurretik, nazionalitate espainiarrekoak ez diren hautagaiek proba baten bidez egiaztatu beharko dute gaztelaniaren ezagutza, hizkuntza hori behar bezala ulertzeko eta ahoz eta idatziz erabiltzeko gai direla egiaztatzeko.”
Ondorioz, bai, espainola jakin behar da. “Espainiar” nazionalitatea dutenek espainola dakitela begi bistakotzat jotzen dute.
Ez iezaiozu zerorren buruari ziririk sartu, Gaztelania jakin gabe inor ez daiteke langile publikoa izan, euskararena gehigari soila da. Are gehiago, neronek ezagutzen ditut eta; badira euskaraz ez dakiten “euskal” maisu eta maistrak, eta hilero 2.000 eurotik goitik kobratzen dituztenak.
Aspaldi ez dela Oihartzungo udalek liburutegirako lanpostu bat atera zuen. Lanpostua erdietsi zuena lapurtarra zela esanen nuke, euskaraz eta frantsesez moldatzen zen, baina estatuko abokatuak errekurtsoa jarri eta lanik gabe gelditu zen, zergatik? Gaztelania ez zekielako.
Zure mezu horretan badira zenbait kontu nahasgarri. Irudiko luke Hego Euskal Herria Vascongadak direla, baina hori ez da hala. Bestela, asko dira zure Hego Euskal Herrian D eredua ez duten eskolak eta kolegioak, eta agiria aurkeztekotan batuan aurkeztu, Gipuzkoatik aterata bezala, dezu eta horrelakoak ez baitira onargarriak ikastetxe batean, Gipuzkoan berean ere ez.
Nagore, diozu:
“Aspaldi ez dela Oihartzungo udalek liburutegirako lanpostu bat atera zuen. Lanpostua erdietsi zuena lapurtarra zela esanen nuke, euskaraz eta frantsesez moldatzen zen, baina estatuko abokatuak errekurtsoa jarri eta lanik gabe gelditu zen·
Estekatutko al duzu horren erreferentziaren bat, mesedez?
Eneko Bidegainek dio: “Euskarak ez du behar lekuño bat erdararen –nagusiaren– ondoan. Euskarak ez badu bere leku osoa, ez bada duintasunez erabiltzen, ez da biziko.”
Euskarak bere lurralde eremuan hizkuntza nagusia izan behar duela adierazteko erabiltzen duzun modua atsegin dut: Euskarak bere leku osoa behar du.