Kulturaren eragina biziberritzean
Kulturaren eragina biziberritzean –
Iñigo Beitiak izenburu honekin artikulu bat argitaratu du Bat aldizkariaren 122 eta 123. alean. Zer eragina izan du kulturak hizkuntzaren biziberritzean? Galdera hori abiapuntu izanik, hipotesi batzuk marrazten ditu:
- Euskararen biziberritze prozesuan bi momentu klabe egon dira: Euskal Pizkundea eta 60ko hamarkadan hasitako mugimendua. Bi momentu hauetan, hizkuntza kulturarekin batera biziberritu da.
- 80ko hamarkadan, ostera, instituzionalizazio prozesua hasi zen. Haren iritziz, 80ko hamarkadan aurretik batera joan ziren hizkuntza eta kulturaren biziberritze prozesuak -hein batean- banatu egiten dira.
- Euskara eta kultura banatzeak azken hamarkadetan testuingururik gabeko euskara bat lantzea ekarri du eta honek azalduko luke Iñigo Beitiaren iritziz -hein batean, eta esan bezala, beste hainbat faktorerekin batera- egungo euskara erabilera datuon zergatia.
Azterketa egiten du Iñigok eta behin-behineko ondorio batzuk ateratzen ditu (nik hemen ez dakartzat guztiak):
- Kulturak hizkuntzaren biziberritze prozesua azkarrago eman dadin laguntzen du.
- Egun, zein pisu hartzen du kulturak hizkuntzaren biziberritzean? Iñigo Beitiaren iritzian, 80ko hamarkadan ematen den instituzionalizazioaren ondorioz, hizkuntzak aurretik zeukan kultur testuinguraketa -hein batean- galdu zuen eta honek azal dezake -beste hainbat elementuren artean, noski- egungo euskararen erabilera datu baxuen zergatia.
- Euskararen erabilera areagotzeko, beharrezkoa da testuinguruari lotutako baldintzak dituzten guneak sortzea.
- Hizkuntza soziabilitate zaindua (kontzeptua): horrek ez du inor derrigortzen euskara erabiltzera, baina espazio fisiko zein sozial horretan euskarari lehentasuna ematen zaiola aditzera ematen du.
Kulturaren eragina biziberritzean