Kulturaniztasunari erantzunak euskal eskoletan
Kulturaniztasunari erantzunak euskal eskoletan –
Gaur egungo euskal gizartea kulturalki oso anitza da, jatorri ugaritako pertsonak bizi dira udalerrietan, eta gure ikastetxeek kulturaniztasun hori nabaritu dute; izan ere, azkenengo ikasturteetan ikasle atzerritarren matrikulazioak nabarmen igo egin dira. Eusko Jaurlaritzak EUSTATen argitaratutako azken datuen arabera Euskadin 2020an Unibertsitatetik kanpoko Araubide Orokorreko Irakaskuntzetan matrikulatutako Espainiako nazionalitaterik gabeko ikasleak 38.661 ziren, horri gehitzen badiogu Espainiako autonomia erkidego desberdinetatik etorritakoak eta gure lurraldean dauden etnia desberdinetako ikasleak, aniztasun kulturala agerian antzematen da hainbat euskal eskoletan. Horregatik, aipatutako egoerari erantzun eraginkorrak emateko premia dago; hain zuzen ere, euskal hezkuntza curriculuma (Heziberri) ez du inolako printzipiorik zehazten kulturaniztasuna kudeatzeko. Hortaz, hezkuntza sistemaren partaidetza osoa ezinbestekoa da, irtenbide bat bilatzeko ikasle guztien integrazioa zein haien kohesioa eta elkarbizitza ahalbidetzeko.
Lehenengo eta behin, abiarazi beharreko ekintzak azaldu aurretik azaldutako egoerari aurre egiteko, kontzeptu batzuk argitzeko beharra dago; izan ere, maiz erabiltzen ditugu, baina haien esanahia ez da zehaztasunez ezagutzen.
Alde batetik, kulturaniztasuna gizartean dagoen aniztasun etnikoa, nazionala, linguistikoa, erlijiosoa eta sozioekonomikoa da eta lurralde batean kultura askok bat egitearen ondorioa da, nahiz eta kulturen artean erlaziorik egon ez. Hala ere, egoera horrek ez dakar aberastasunik ez norberarentzat, ezta ere giza taldeen artean, hain zuzen, elkarreraginik ez dagoelako kulturen artean.
Beste alde batetik, integrazioaz edo gizarteratzeaz hitz egiten dugunean, asimilaziora jotzeko joera dago. Oharkabean, gizarte homogeneo bat eraikitzeko prozesu bat ezartzen da eta etorkinak gizarte hartzailean egokitu eta moldatzen dira, beraien jatorrizko kulturaren berezitasunak alboratuz.
Ondorioz, irtenbide eraginkorra euskal eskoletan garatzeko Kulturarteko Hezkuntza metodo da. Izan ere, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea –UNESCO- egindako hainbat ikerketak frogatu dute Kulturarteko Hezkuntza dela kulturazniztasunari erantzuteko hezkuntza eredurik eraginkorrena. Kulturarteko Hezkuntzaren oinarria dinamikotasuna da, kultur taldeetan erlazio ebolutiboak sortzen baitira. Elkarrekintza kooperatiboko jarduerekin, ikasleek elkarreraginak sortzen dituzte, tolerantziako, ulermen eta elkartasuneko jarrerak azalduz. Ildo horretatik, Ikastetxeek kultura desberdinetarako errespetuzko eta integraziorako jarrerak gauzatu behar dituzte eta gure curriculumean aipatutako ikasgai guztien esku-hartzea garrantzia handia izan behar dute helburu horietan; Baina, Heziberrik kultura artekotasun printzipioak oso gutxitan aipatzen ditu. Aipatzekoa da adibidez, konpetentzia motorraren bigarren osagaia txostenaren hasieran azaldutako kulturartekotasun terminoari egiten den erreferentzia. –Jokabide motorra erabiltzea norberaren kultura-nortasuna sendotzeko, herriaren balioak indartzeko, eta kulturartekotasuna eta intrakulturalitatea onartu eta balioesteko-. Hala ere, eskas geratzen da eta hezkuntza arlo eta gaitasun guztiak bereganatu behar ditu. Horregatik, eredu bikaina Euskal Herrian ezartzeko izango litzateke XX. mendearen amaieran arrakasta handiarekin Kanadako Estatuaren menpe dagoen Quebeceko herrialdea bere hezkuntza sisteman garatutako Kulturarteko Hezkuntza. Quebec Euskal Herria bezala berezko hizkuntza eta kultur nortasunak ditu, jatorri ugariko biztanleak bizi dira eta juridiko zein politikoki eskumen mugatuekin, Estatu baten legeen agindupean dagoen lurraldea da. Hori horrela, Kanadaren integrazio prozesutik desberdintzen da Quebeceko hezkuntza curriculumaren baitan dagoen kulturen arteko hezkuntza programa. Izan ere, kulturala baino hiritarragoa den irizpideak azpimarratzen ditu eta asimilazioaren aztarnak lausotzen duen printzipioak lantzen dira. Hain zuzen ere, begirune kulturen arteko trukeen lanketaren bidez neurriak hartzen dira arrazakeriari, intolerantziari eta diskriminazioari aurre egiteko. Goraipatzekoa da Frantsesaren ikasketa ez dela asimilazio neurri bat, baizik eta berdintasunerako eta integraziorako baliabide bezala erabiltzen da. Hori dela eta, adibide hori gure lurralderako balio du eta euskarak antzeko papera jokatu beharko du euskal hezkuntzan.
Esaterako, euskara eta euskal kultura integraziorako, partaidetzarako eta aukera-berdintasunerako elementu nagusitzat hartzea eta ez gehiengoaren ezaugarri gisa ikustea, baizik eta Euskal Herriko biztanle guztien ezaugarri gisa izan behar du, jatorria edozein izanik ere.
Beraz, aipatutako kontuan hartuta. euskal hezkuntza curriculuma barneratu behar ditu hezkuntza mailan ezarri beharreko hezkuntza proposamen kulturalak, irakasleon formakuntza, trebakuntza, hezkuntza metodoak edo material pedagogikoak. Zeregin bat dago kulturartekotasuna barneratzen duen curriculum eraginkor bat garatzeko. Lanketa horren bidez, ikasleen ikuspegi kultural desberdinen ezagutzak landu, bazterkeria soziolinguistiko eta kulturala deuseztatu eta eskola porrota saihestuko da ikastegietan. Horretarako, irakasleriak kultur arteko printzipioak landuta dituen curriculum batekin euskarri bat izango du ekintzak eraginkorrez ikertzeko, diseinatzeko eta praktikara eramateko ikasgelara jatorri anitzeko ikasleen elkarkidetza, kulturen integrazioa eta ikastaldeak bateratzeko.
Laburbilduz, mundu globalizatu batean bizi gara, non oso kultura eta ohitura desberdinak uztartzen diren. Honek ondorio asko dakartza: ikasleak eskolan kultura eta ohitura desberdinekin dituzten ikaskideekin eta honek eragin handia izan dezakete haien hezkuntza garapen prozesuan. Argi dago, Euskal Herriko hezkuntza curriculuma Kulturarteko Hezkuntza barneratu behar duela ikastetxeetan bizikidetza bermatzeko. Horretarako, beharrezkoa da euskal kultura eta euskara eskoletan erabiltzea ikasleen kulturen arteko; elkargunerako, integraziorako eta berdintasunerako baliabide moduan eta ez kultur asimilazio neurri bezala.