“Kosmopolitismo” lezioak Radio Euskaditik (ere)
“Kosmopolitismo” lezioak Radio Euskaditik (ere) –
Radio Euskadi EAEko gaztelerazko irrati publikoa da, Eusko Jaurlaritzarena beraz. Entzule euskaldun asko izan arren euskarari eta euskaldunoi tarte gero eta urriagoa eskaintzen digun irrati honetan, ez da falta gure hizkuntzarekiko batere estimurik ez duen esataririk eta kolaboratzailerik, MQP (Más que palabras) asteburuko saio ospetsuan, adibidez. Urriaren 27ko MQP saioko “malpensando” atalean, “ José Antonio Pérez Lledo nos indica el idioma más adecuado para animar a quienes realizan deporte escolar” dioskute eitb.eus webgunean.
Eta hala da:
José Antonio gazteleradun petoak gogorarazten digu Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen erabilera sustatu nahi duela eskola-kirolean, eta horretarako kaleratu dituen aholkuen artean, familiek euren taldeen alde euskaraz egin behar luketela iradoki duela. Esatariak aditzera ematen du ez dela aholku bat, agindu bat baizik, eta “anbizio falta” leporatzen dio BFAri:
“que padres y madres animen en euskera debería darse por hecho, dado que es una lengua oficial… si queremos que Euskadi siga existiendo en el mundo global e hiperconectado del futuro, que padres y madres animen en inglés. Imaginense ese aita gritando… little mother fucker… o esa madre… son of a bitch… Pediría a las familias que al menos el 50% de sus exhortaciones las hagan en la lengua de Shakspeare. Un pequeño sacrificio por el bien de nuestros retoños y nuestro país”.
Ez da COPE, Onda Cero edo Radio PPSOEVox.
“Euskadiko” irrati publikoan, Radio Euskadin ere, halakoxe “harribitxi” supremazistak eskaintzen dizkigute tarteka… geronek ordainduta.
“Kosmopolitismo” lezioak Radio Euskaditik (ere)
Ingelesdun supremazistak dira planeta guztian mehatxu egiten dutenak, hiztunak mehatxatzen gaituztenak. Berdin dio non egiten duzun tesia… Ingelesez egitea beharrezkoa bide da. Berdin dio non erosten duzun atorra, sudadera, kamiseta… beti (ia beti; euskal ekimen bati ez dagokionean bederen bai), Ingelesezko esapidea izan beharko du. Berdin dio zein kirol praktikatzen duzun. Ligaxka “pleiof” deituko da, tantoak “hat-trik”, kiroldegia “arena” (aruina ahoskaturik), bertakoa bada “masters”, “winter series” eta horrelako ergelkeriez josita egonen da. Berdin dio zer erosten duzun. Marka Ingelesez badu hainbat hobea izanen da, garbikari, lurrin, txakur janari…
Orain artean Euskara arloteen hizkuntza zen, edo artzai hizkuntza ; orain arlote konplexuz beterikoena.
Ondo ekarritako adibidea. ETB2 edota Radio Euskadiren jardunari erreparatzea komeni da. Ez dira euskaldunon aldeko hedabideak hain zuzen.
Jose Antonio soilik jarri du JJk. Deiturarik ez? Edo falangisten sortzailea bururatu zaigun utzi du horrela? Dena dela izen eta deiturak jarriz hasi beharko dugu. Gaizkileen izen deiturak eta nongoak diren jakitea beharrezkoa da. Garaia da
Bai, jarri ditu: Jose Antonio Perez Ledo.
EiTB ganorazko batean, euskararen (euskaldunon) bazterketaren / normalizazioaren auziaz sarri jardun beharko litzateke, saio espezializatuak egon behar lukete (Tribuaren berbak, adibidez), jendeari informazio duina eta tresnak helarazteko. Baina horren ordez, ezereza eta tarteka, euskarafobia ere eskaintzen zaigu.
Hamaika modu lituzke EiTB ganorazko batek hizkuntzaren alde egiteko. Hiztunak zainduz, baina hiztun ez direnak ere animatuz, eta ikustaraziz euskaldunontzat oso inportantea dela “tipologia linguistikoak” hobetuz joatea. Etorkinak euskalduntzea eredu, edo adibide. Euskara hizkuntza osotzat hartuz, eta ez nostalgiarekin loturiko zerbait. Hizkuntzaren beharra behin eta berriro azpimarratuz, eta ez otoizka ibiliz, maitasuna eta sentimenduak eta horrelakoetatik atera gabe. Hemen hizkuntza hil ala biziko kontua da (beste herrientzat den bezalaxe), eta norbaitek esan beharko die gure herriko alferrei gordinki esan beharrekoak, besteak beste ipurdia mugitzen hasteko, ala besterik gabe bazter gera daitezela.
Alabaina, kultura handixkoa behar dugu horrelako jokabideak ugaltzeko, eta egungo giroa eskasa da, murritza, xuhurra.
Nafarroan merituen afera darabilgu askok gaur bertan; eta ez dakigu gauzak bereizten: Euskara ikastea, jakitea eta erabiltzeko prest egotea Meritua da guztiz, eta erabat, lege arauek zernahi diotelarik ere. Euskararen jabe egitea eta aktiboki hizkuntza berreskuratzea Meritua da zinez, berez. Andaluz bat etorri eta euskalduntzea, meritugarria da guztiz. Euskaldunontzat oso garrantzizkoa baita, eta ahaleginak egitea beti eskergarria baita.
Beste kontu bat da halako oposizio eta lanpostu gaietan zenbat puntu emanen zaien oposiziogileei. Beste kontu bat da halako lanpostuan Euskara nahitaezkoa izanen den. Baina beti da meritua, eta hori hedatu beharra dugu. Puntuena, borrokatuko dugu, baldin eta meritua dela sinesten badugu aurretik.
Are gehiago, ezer gutxi egin ohi dugu euskaldunok hizkuntzaz diren lanpostuetan euskaldunak sar daitezen, zernahi diotela arau eta lege eta epaileek. Ez baititugu xaxatzen euskaldunak lanpostuotan sartzeko, punturekin zein punturik gabe.
Nik dakidala, ordea, inongo politikarik ez du horrelakorik esaten, ez karrikan, baina ez Parlamentuan ere. Alegia, Euskara zer zaigun, euskaldunak, bertakoak zein etorkinak, zein garrantzitsuak zaizkigun.
Gaur gaurkoz ez dago alderdi euskaltzalerik, eta alderdi “abertzaleetan” ere, euskaltzaleak gutxiengoa dira, are urriagoa EAJn EHBildun baino.
Badagoena, alderdi euskarafoboak dira, Podemosen hasi eta Voxen buka, PPSOE barne, Sumar hortxe-hortxe.
Gure egoera gaitzaren errua erakunde eta eragile espainiazaleena da, baina arduraren zati on bat alderdi abertzaleena ere bada.
Batzutan pentsatzen dut futbolean bezalaxe gertatzen dela, Osasunazale (edozein talde jarri) asko dira, baina partidetan bakarrik hamaika gorritxoek jokatzen dute. Hizkuntzaren kasuan ere, zale asko baina jokoan gutxi samar… beti begira, eta taldeak puntuak lortzen baditu “irabazi dugu”; punturik ez dagoelarik, “galdu dute”, ala epaileek, legeek, euskarafoboek, alderdi abertzaleek, apaizek, txatxatxak… lapurtu digute partida…
ETB2 eta Radio Euskadi ez dirateke izanen ez balitz euskararen suntzipena normalizatzea. Horretarako sortu ziren eta horretan ari dira. Kasu honetan Joxe Antoniok, gainera, barre egiten digu bere taldean babestuta. Umoretsu dabil, nagusi sentitzen delako.
Ederki laburbilduta, Iparre!