Katalanei esker!!

 

Garrantzitsua al da euskara Espainiako Kongresuan baimenduta egotea? Galdera hau egin zioten euskal ordezkari batzuei. Noski, bai, ondo dago. Baina hau urrats txiki bat da, guk beste toki batzuetan normalizatu nahi dugu batez ere.

Ez ziren kementsu ageri lorpen hori gauzatzeagatik. Izan ere, euskal ordezkari politikoek ez zuten espreski eskatu edo negoziatzeko baldintzatzat jarri. Antza, aurrekoetan EAJak eta alderdi katalanek ez zuten baldintzatzat ezarri Espainiako gobernuei. Baten batek ez du ondo ikusiko, espainiar erakunde eta sistemaren pean daudelako.

Nire ustez behintzat, oso garrantzitsua da kongresua bezalako toki batean gaztelania ez den beste hizkuntzan aritzeko debekua kentzea (aurretik hizkuntza koofizialak erabili ahal ziren soilik momentu puntualetan, denbora mugatuan eta kongresuko presidentearen iritziaren arabera). Hori bai, atzerriko agintariak -Macron, Zelensky…- edo kongresista ez den beste edozein, parlamentuan beste hizkuntzetan aritzeko ez zegoen arazorik “gaztelania ez zekitelako”. Baina aurrekoarekin bueltatuz; Zer dela eta garrantzi hau? Aldeko botoak eman ahal izateko. Eta zer diote honetaz euskal herritarrek? Euskaldunek? Euskaltzaleek?

Batetik, ikusgaitasuna. Hizkuntzak plazara ateratzean, ilunpetik ateratzen dira. Armairutik ateratzen dira, antzina homosexualak bezala zeudelako, lotsatuta edo beldurtuta. Hizkuntza horiek bizirik daudela, existitzen direla, lau haizeetara zabaltzen da. Kazetari, politikari eta ikus-entzule edo irakurleen begietara eta belarrietara heltzen dira hizkuntzok.

Prestigioa. “Euskara soilik behiekin hitz egiteko balio du.” Hori esaten duenari, orain Espainiako kongresuan erabiltzeko ere balio duela esan ahal zaio. Ofizialtasuna ematen zaio. Prestigio soziala eta politikoa irabazten dute.

Normalizatzea eta naturalizatzea. Hizkuntza bat erabilgarri eta baliagarria dela ikusarazten da milioika pertsonen aurrean. Gune eta esparru berri bat zabaltzen da, mintzatu, idatzi, entzun eta irakurria izan dadin. Ez soilik entzuna izateko, pantailetan eta paper ofizialetan ere irakugai jartzen baita. 

Politikariak eta kazetariak hizkuntzan trebatzeko balio du. Gabriel Rufianek “oso katalan kaskarra duela” adierazi dute, kritika egin nahian. Baina, ez kezkatu!, adierazi behar zaie kritikari horiei. Izan ere, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeto hitz egingo baitu. “Ibiliz ikasten bada oinez, has gaitezen bidea egiten”. Horrela dio Urtz-eko Ez gaitu inork geldituko abestiak. “Andando se hace el camino”, gaztelaniaz esaten den bezala.

Ez ahaztu lorpen hau katalanei esker dugula. Haiei ondo etorri zaie gure eta galiziarren aldekotasuna, baina guri are hobeto etorri zaigu eurek erakutsi duten determinazioa. Hortaz, eurei bat zor diegu.

Katalanei esker!!

4 pentsamendu “Katalanei esker!!”-ri buruz

  • Ez nago inola ere ados. Idatzi izan bazenu euskaraz, bo. Baina soilik erdaraz entenditu daiteke testu hori. Eta neronek espainiar parlamentario ekin ez dut euskaraz egin nahi. Mediku, zinegotzi, diruzain eta gainontWkoekin bai. Hoa apapa!

  • Guztiz ados, Leire! Mila esker!

    Euskal Herrian euskaraz bai, eta Espainiako Kongresuan, bertan parte hartuz gero, ere bai.

    Baina uste dut ikusgarritasun gutxi irabaziko dela. Zergatik? Ele bitan eginen dutenez, hedabide gehien-gehienezk erdarazko “korteak” bakarrik hartuko dituzte.
    Konponbide bat? Diputatu batzuek soilik euskaraz egitea, edo aste batzuetan soilik euskaraz egitea, eta horrela “kortean” euskaraz izanen dira nahitaez.
    Bestalde, oso zakarra da ordezkari abertzale askok egiten dutena:
    Diskurtso berean jauzika ibili euskaratik erdarara eta erdaratik euskarara.

  • ““korteaK” euskaraz izanen dira nahitaez”

  • Gakoa hor dago, katalanek presioa egiten dutela katalana defendatzeko, lotsarik gabe. Eta ez naiz politikariez ari bakarrik. Gizabanakook kontzientzia handiagoa hartu behar dugu, gurea defendatzeko, oztopoak oztopo.

    Zorionak sariagatik Leire, espero zentzuz erabiltzea irabazitakoa.