Justizia euskaraz eta euskaraz justizia

Justizia euskaraz eta euskaraz justizia –

Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez galdegin nion. Ez zuela eskuratu erantzun zidan. Eskribauak, gutuna epaileak eskuartean zuen txostenean zela adierazi zuen. Epaileak, eskutitza ez zuela irakurri erran zuen. Gauzak hola, epaileari euskaraz deklaratu nahi nuela jakinarazi nion. Ukatu zidan. Martxoko auzian bezala, zergatik euskaraz deklaratu nahi nuen frantsesez azaltzen hasi nintzaion. Berriz ere berehala hitza moztu zidan eta ez ninduela euskaraz deklaratzen utziko berretsi zidan. Horiek hola, ez makurtzea erabaki nuen eta epaitegitik atera nintzen. Epaiketak ni gabe segitu zuen. Berriz ere bidegabeki, 3.268 euro ordaintzera kondenatu ninduzuen.

Justizia euskaraz eta euskaraz justizia

Berriki kondenazio agiria igorri didazue. Gutun honekin batera itzultzen dizuet, kondenazio hau ez delako zilegizkoa. Ezarri didazuen isuna ez dugu ordainduko, euskaldunen aurka eragiten duzuen zapalkuntzari erresistentzia egiten diogulako. Hain zuzen, Euskal Herrian euskaraz deklaratzea ukatzea zapalkuntza da, euskara Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza delako eta lurralde honetan beti bizirik delako, nahiz eta frantses Estatuko agintariek gutxiengoan ezarri duzuen. Euskara Baionako jatorrizko hizkuntza da, eta bertan euskaldunak ez dituzue isilaraziko.

Zuen iritziz hizkuntzen ainiztasunak balore kulturalik ez duela ohartzeak tristatzen gaitu, eta ainiztasun hori hiltzen duzutela ikusteak asaldatzen gaitu.

Georges Brassens eta Vincent Rocaren hizkuntza biziki maite dut. Autore hauek, beste hainbatek bezala, frantses hizkuntzaren edertasuna agerian ematen dute, eta bereziki, frantsesa justiziaren aldeko hizkuntza bilakatzen dute. Aldiz, epaitu nauzuen Baionako epaileek eta frantses Estatuko agintari ainitzek, frantses hizkuntza desohoratzen duzue, frantsesa hizkuntza hiltzailea bilakatzen duzue, zuen ahoan frantsesa gutxiespenaren eta zapalkuntzaren hizkuntza da, euskaldunon duintasuna zangopilatzen duen hizkuntza. Hizkuntza guziak ederrak dira, salbu injustiziaren hizkuntzak bilakatzen direlarik.

Epaitegietan euskaraz deklaratu nahi dugu eta euskara justiziaren aldeko hizkuntza izaitea nahi dugu: justizia euskaraz eta euskaraz justizia.

Gure aldetik aihergorik gabe, euskara eta frantsesa ohoratzera gomitatzen zaituztegu.

Epaile andere-jaunak, har itzazue nere agur zintzoak.

Justizia euskaraz eta euskaraz justizia

3 pentsamendu “Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”-ri buruz

  • “Hizkuntza guziak ederrak dira, salbu injustiziaren hizkuntzak bilakatzen direlarik”, ederra.

  • Beraz, frantsesa- gaztelera ez dira ederrak injustiziaren rola jokatzen dutenean baina maite ditugu;baina batzutan bai ta bestetan ez; beraz ederrak dira bai ,baina era berean ez, edota batzutan ez…baina…

    …oso kuantikoa…

  • Halere gaiaren kuantikotasunaz gaindi Gorka zoriondu nahi dut ekimen honengatik.

    Oso indartsua iruditzen zait ” frantsesa desohoratzen duzue” hori.

    “Gaztelera desohoratzen duzue” “frantsesa desohoratzen duzue”

    Bikaina, oso indartsua iruditzen zait argudioa, ildoa, sentimendua, dena delakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude