Justizia euskararentzat

Justizia euskararentzat –

Justizia euskararentzat

Ikasleei baxoa euskaraz pasatzea debekatzen zaiela salatzeko, joan den maiatzaren 17an bost euskaltzalek Baionako Suprefeturaren kanpoko horman “Geldi euskara zapaltzea” idatzi zuten. Ekintza horretan esku hartzeagatik, irailaren 10ean Baionan Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide den Gorka Roca Torre epaituko dute.

Baionako prokuradoreak, joan den larunbatean, agorrilaren 24an, euskararen aldeko Bizkaia Zubia ekintzan esku hartzeagatik ere irailaren 10ean Gorka epaitzea erabaki du. Hain zuzen, 2022 eta 2023an, euskarari lehentasuna emaitea eskatzeko, hainbat euskaltzalek, Nafarroa Behereko hamaika herritan bide seinale erdaldunak kendu eta Portugaleteko Bizkaia Zubiaren ondora eraman zituzten.

UNESCO-k zubi hori Gizateriaren Ondare Kultural izendatu zuen. Ekintzaile euskaltzaleek, euskara, munduko gainerateko hizkuntza guziekin, gizateriaren ondare kulturala dela adierazi zuten; frantziar eta espainiar Estatuen agintariek euskara zapaltzen dutela eta egoera horren aitzinean UNESCO mutu egoten dela salatu zuten ere.

Euskararen aldeko beste ekintza batzuetan esku hartzeagatik, martxoan Gorka jada epaitu zuten. Epaiketan, euskaraz deklaratzea debekatu zioten. Horiek hola, epaiketa bidegabe horretan ez esku hartzea erabaki zuen eta epaitegitik atera zen. Hala ere, epaiketa segitu zuten eta gogorki kondenatu zuten: hilabete bat presondegi atzerapenarekin eta 500€-ko isuna.

Irailaren 10eko epaiketan ere Gorkak euskaraz deklaratzeko asmoa du.

Epaiketa egunean, auzitegi aitzinean elgarretaratzea eginen dugu, ikasleei baxoa euskaraz pasatzea debekatzen zaiela salatzeko, frantziar eta espainiar Estatuetako agintariek euskara zapaltzea geldi dezaten eskatzeko, euskararentzat justizia gauza dadin eskatzeko eta Gorkari elkartasuna adierazteko.

Iparraldeko, Nafarroa Garaiko eta EAEko Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide ohiek eta gaurko kideek, prentsaurreko nazional honen bidez, irailaren 10ean Baionako auzitegi aitzinean 13:30etan eginen dugun elgarretaratzera euskaltzaleak gomitatzen ditugu.

 

Geldi euskara zapaltzea !

Justizia euskararentzat !

Justizia euskararentzat

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude