Jendaurreko lanpostuetan euskara % 10 puntuatzea onartu zen
Jendaurreko lanpostuetan euskara % 10 puntuatzea onartu zen –
Lan deialdietan jendaurreko lanpostuetan euskara % 10 puntuatzea eta gainontzekoetan % 5 puntuatzea onartu zen Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzan.
Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.
26 alegazioetatik bakarra onartu zen: Zortzigarrena. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.
.
ZORTZIGARREN ALEGAZIOA
17.1 artikulua:
“Balorazioa merezimendu gisa.
1.- Udalak funtzio publikora sartzeko egiten dituen deialdietan, haietan Ordenantza honen 13. artikulua aplikagarri ez bada, euskararen ezagutza honela baloratuko da: Sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean balorazio hori % 7koa izanen da, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu lehiaketetan % 6koa, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez. Zenbait lanpostuk herritarrekin duten arreta- edo tratu-maila kontuan hartuta, horietarako sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten bada eta Euskara Zerbitzuaren aldez aurretiko justifikazio-txostena izanik, haren baloraziorako esleitutako ehunekoa % 14 bitartekoa izan daiteke, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta, merezimendu-lehiaketa bidez betetzen diren lanpostuetan, berriz, % 12 bitartekoa, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez”.
“17.1 puntua aldatzea, horrela uzteko:
“Herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiako puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da”.
Helburua: Antsoaingo Udaleko Euskararen Ordenantza eredu moduan hartzea.
Alegazio hau onartu zen. Puntuazio zehatza ezartzen du. Beraz, aplikatu beharrekoa.
Hauxe zen alegaziorik garrantzitsuena. Hau onartzean, Euskararen Ordenantza berriaren inguruko gure balorazioa aldatu zen. Aurka egotetik alde egotera igaro ginen.
.
IRUÑEKO UDALAREN BAIEZEZKOA ZORTZIGARREN ALEGAZIOARI.
103/2017 Foru Dekretuak honako hau ezartzen du 33. artikuluan: Euskararen ezagutza nahitaezkotzat jo ez den eremu mistoko toki entitateetan, euskara merezimendutzat hartzea erabaki bada, hari balorazio gehigarria emateko Foru Dekretuaren 31. artikuluan ezarritako balioak har daitezke erreferentzia moduan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan euskara merezimendu gisara baloratzeaz bezainbatean).
Bestalde, Nafarroako Administrazio Auzitegiak berresten du zenbait ebazpenetan (besteak beste, R18-00033an) Iruñeko Udalak ezar ditzan Ordenantzan euskara merezimendutzat baloratzeko egoki jotzen dituen ehunekoak. NAAren aipatu ebazpenak dio orain indarra duen erregelamendu-arauak ez duela oztopatzen eremu mistoko toki-entitateetan euskara merezimendutzat baloratu ahal izatea edozein lanpostu betetzeko, plantilla organikoan jaso gabe eta hura arrazoitzeko beharrik gabe, merezimendu kualifikatutzat baloratzen den kasuetan izan ezik. Esaten du, baita ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan euskara merezimendu gisara nahitaez baloratzeko 31. artikuluan ezarritako haztapenak erreferentziazko izaera daukala, eta ez aginduzkoa, eremu mistoko toki-entitateetarako. Izan ere, horiek beren ehunekoak ezartzen ahal dituzte, “betiere Konstituzio Auzitegiak exijitzen dituen arrazionaltasun- eta proportzionaltasun-printzipioei men eginda”. Amaitzeko, aipatu ebazpenak Iruñeko Udalari aholkatzen dio Ordenantzan ezar dezala euskara merezimendu gisara baloratzeko ehunekoa, deialdi bakoitzaren zoriaren mende ez geratzeko, eta adibidetzat ematen ditu eremu mistoko zenbait toki-entitatetan ezarritako ehunekoak.
Horregatik guztiarengatik, alegazioa baiestea proposatzen da.
.
ERANTZUNAREN BALORAZIOA
Aurretik aipatu moduan, alegazio hau onartuta, Euskararen Ordenantza berriaren balorazioa aldatu dugu: Orain alde gaude. Balorazio zehatz horrek badu garrantzi aski horretarako.
Tamalez, Udalaren borondatea ez zen garbia. Ordenantza onartu ondoren, indarrean sartu aurretik, lan deialdiak atera zituen euskara puntuatu gabe. Kezkatzekoa zen. 2019ko maiatzaren 29an Euskararen Ordenantza indarrean sartu zen eta ondoren beste zazpi lan deialdi atera zituen, euskara puntuatu gabe. Dagoeneko gora jotzeko helegiteak jarrita daude Nafarroako Administrazio Auzitegian, Euskararen Ordenantza betearazteko. Deialdi horiek aldaketaren aldeko gobernu taldearen azken erabakiak izan ziren. UPNk oraindik ez du deialdirik atera.
Alegazio honen historia behean dator:
“https://www.facebook.com/adm.euskeraz.taldea/posts/2355076034609266”.
“
Jendaurreko lanpostuetan euskara % 10 puntuatzea onartu zen