Jatorrizko euskara, jatorrizko bekatua ala delitua?
Jatorrizko euskara, jatorrizko bekatua ala delitua? –
Yolanda Elorriaga Iturri irakasleak Berria egunkarian.
Zurtz eginda geratu naiz Bilboko Arriaga antzokian Martutene nobelaren irakurraldi publikoaren aurkezpenean Ramon Saizarbitoriak botatakoekin (BERRIAn irakurri nizkion ekainaren 3an): «Zin dagizuet hobeto ulertzen ditudala besterik gabe nagikeriaz euskara abandonatzen dutenak, jatorkeriaz, harrokeriaz beren bailarako edo mendi puntako euskerie aldarrikatzen dutenak baino. Beti uste izan dut euskara salbatzekotan, desagertzeko arriskuan baitago, bikaintasunari eta prestigioari lotuta izan daitekeela bakarrik, ez baserritarkeriaren eta jatorkeriaren bidetik». Eta Anjel Errok bere hitzak goraipatu ditu hurrengo eguneko BERRIAko artikuluan. Beste idazle honek «euskararen background beltza» aipatzen du.
Eta hau guztia baserritarrak guztiz desagertzen ari direnean (debalde lan eginda), eta mendi puntetatik ere euskara guztiz desagertzen ari denean (nik ezagutzen dudan inguruan euskaraz bizi den 80 urtekoen belaunaldia hiltzen denean, dena espainieraz hitz egingo da). Baina euskara abandonatzeak ez du ardura. Ulergarria da.
Bikaintasuna versus baserritarkeria. Baserritarrengan bikaintasunik ez, bere hizkuntzatik hasita dena txarkeria. Eta zelan ez, baserritarra prestigio bakoa ez eze desprestigiatu beharrekoa. Halako kolperik!
Injustiziak ez dauka mugarik.
Zurtz eginda nago. Euskara Aurrera-koek euren jatorrizko euskara erabiltzeagatik dira hitzak? Sinistu ezinik nago. Zer demontre gertatzen da?
Bada, nik ezagutu izan ditudan baserritarrengandik badugu zer ikasi. Baserritarrak dira mendeetan zehar gure hizkuntza ez eze gure lurraren alde egiteko bizimodua eraman dutenak: kontsumismo zorotik guztiz urrun; hegazkin, AHT… beti bidaiatzen ibili behar noraez aseezin konpultsibotik guztiz urrun; bere lurrarekin guztiz bat eginda; beste inoren beharrizan barik gurdia, mahaia zein etxea konpondu zein eraikitzeko gaitasun harrigarriarekin; ingeniaritza lanetan, lurgintzan zein abeltzaintzan gozatuz eta gozaraziz; eguneroko biziraupeneko borroka, abentura, poz eta nekean mundua eraikiz, eta mundua euskaraz eta euskaratik eraikiz, biziz, gozatuz eta gozaraziz.
Nik euskarari diodan atxikimendua baserrian geratu ziren aitite-amama eta izeko-osabei diet zor. Hirira, Bilbora egin zuten guraso eta beste familia kideek espainieraz eraikitako munduan murgildu behar izan zuten, euskarari gero eta esparru txikiagoa utziz. Lau neba-arrabok eta lehengusu-lehengusina gehienak Bilbon jaio eta hazitakoak gara. Umetan Bilboko porlanetik baserrirako jauzia ikaragarria izaten zen. Baserrian nire medioan sentitzen nintzen, libre eta basati.
Nik euskara behar-beharrezkoa dut. Idazten ari naizen une honetan euskara batuan ari naiz idazten, eta euskara batuan irakurtzen dut ia guztia. Baina beste uneetan nire jatorrizko euskara behar dut. Ezin dut ulertu euskara batua eta jatorrizko euskara elkarren kontra jartzearena elkarren aldekoak direnean, ze euskara guztiak dira euskararen aldekoak, eta bere aniztasuna da euskararen edertasunetako bat.
Ezin dut ulertu Euskara Aurrera-koek jatorrizko euskara erabiltzeagatik sortutako haserre eta iskanbila. Euskara batuaren gurasoak eta lehenengo erabiltzaileak, Aresti eta Txillardegi, jatorrizko euskararekin guztiz sentiberak eta begirune handikoak izan ziren. Gabriel Aresti ezagutu zuen batek kontatu zidan Bilbon bizi ziren euskaldun zaharrekin euskaraz hitz egiteko desioz egoten zela, eta «…herriaren ahotik hartu nuen debalde eta debalde ematen diot herriaren belarriari» dio bere poesiari buruz. Txillardegik jatorrizko euskararako izan zuen sentiberatasun eta begirune handia neuk ezagutu nuen Euskal Filologiakoei euskarari buruzko hitzaldia ematera etorri zitzaigunean. Patxi Zabaletak arrazoia du Txillardegi giza eskubideen aldeko ekintzailea zela dioenean (otsailaren 11ko artikulua BERRIAn). Nire ustez, Elsa Scheelen bere nobelako emakumezko pertsonaiarengana hurbiltzeko izan zuen sentiberatasun eta begirunea izan zuen bere bizitzako beste esparruetan ere.
Euskara batuaren egitekoa euskarari bideak zabaltzea da, eta ez euskarari bideak ixtea. Eta jatorrizko euskara ez da txarkeria, ez da jatorrizko bekatua ez delitua. Jatorrizko euskara jatorrizko hizkuntza da, eta une oro begirunea eta errespetua merezi du.
Guztiz ados nago egunkari honetan Euskara Aurrera dinamikaren bultzatzaileek, Lorea Agirre eta Begoña Garaikoetxeak, maiatzaren 19an esandakoarekin: euskarak aurrera egiteko beharrezkoa da euskaraz bizitzeko beharra sentitzea eta euskaraz bizitzea.
Intelektual batzuk euskararen jabe sentitzeak eta eurek erabiltzen ez duten euskara eta haren hiztunenganako gorroto adierazpenak egiteak ez du euskara salbatuko. Euskarak denak behar ditu: hiritarrak eta baserritarrak, euskara batua eta jatorrizko euskarak, eta askatasuna behar du hizkuntza bizia izateko, ez oztopo eta debekuz josiz batzuek ezarri gura duten diktadura edo kartzela absurdoa.
Jatorrizko euskara, jatorrizko bekatua ala delitua?
eta gainera, “mendipuntako euskerie” hain zuzen gure baserrian ikasi nuena esaten.
Mendipuntako edo “Nabarnizko euskerie”
Erdiguneko (Donostia barne) “Euskara Batua” deritzana, bai dela euskera “estandarra” (estandar bat premia-premiazkoa genuelako) baina ez pentsa “Euskara Batua” danik. Ez oraingoz behintzat “Batua”, zeren baitu barneratu euskalki “periferikoen” altxorra: zuberoera, nafarrera, leputera eta bizkaieraren altxorrak (“mendipuntako euskerie” barne)
Ez diagu behar beste Salomon-Mitxelenarrik.
Eta erdigune estandarrak (Donostiakoak barne) konpon bitza lehenik beren aberiak: BERTAN/BERTON bereizten jakitea eta abar eta aber.
Ene esperientziatik euskalkiekin dutan zailtasun handiena dator zalutasunetik eta ahoskeratik. Hiztunek hitzak motel eta ongi ahozkatu beti nahi balituzte ez litzateke arazorik.
Horrez gain, legozkeen hitz edo adizki exotiko batzu erraz argitzen dira testuinguruari esker..
Duela 50 urte euskera kantariña nentzuen Arratiako tranbian.
Orain, hori jada galduta dagoenez, sasoia dala uste diat azentu prosodikoa erabiltzeko, ahoskera nahastu daitekeen hitzetan.
Zerk eragozten ziguk, Euskaltzaidia zaintzaile badaezpadako hori?
Jatorrizko euskara. Zer ote da hori? Eta galdera bat. Nola erraten da aniztasuna jatorrizko euskaran mendebaldeko lurralde urrun haietan?
Nagore, ekialdetar urruneko,
Badá Far West honetan “aunitz” erraiteko ez diagu “anitz” esaten, baizik “denetariko”
eta sarritan “TZA” anizkoiaz baliatuz: jendeTZA, sasiTZA…
ah, eta “jatorrizko euskera”…
Horri “ofizioko” hizkuntzalari sasi-jakintsu batzuek “aitzineuskara” deitzen diote, hau da gizakiaren lehen espeziea mintzatzen abiatu zen “lehen euskera”.
eta horri buruz, nola ez bá, diskutia dago, NOIZ-NON-NOLATAN.
UPVko “ofizioko” horiek uste baitute, zeharo erratuta, “aintzineuskara” Cromañoin-Sapiens-Sapiens deritzotena dala, hots, KAR, KER, KIR, KOR, KUR, KAS eztarrizko berbaro barbaroa (“barbaroa” euskal ahoskera jatorrizko sabaikaria danarekiko).
Baina hori (eztarrizko Ertain Paleolitiko den hori– duela 40.000~ urtekoa EZ duk jatorrizko euskerea, ene aburuz, noski.
Jatorrizko euskera Behe-Paleolitikoa duk (-150.000-120.000 bitarteko) silaba-bakar xistukaria: SHU/SU; SHI/ZI; ISH/IZ; USH/US… eta beste horrelako 28 erro (orain arte isolatzea lortu izan dudanez.
Horiexen gainean oinarritua datza duela -18.000 urteko euskera modernoa, bisilabazkoa.
Ezen EZ duela -40.000~ urteko seikote eztarriakoan. Azken hau aski baztertuta geratu zan euskeran, eta hala jarraitzen dau.
Izan ere, Sapiens-Sapiens delakoa inbaditzailea izan duk euskeraren paleo-historian, jatorrizko “H” ahoskera “K” eztarrizko bortitza bihurtu zuena.
Halere euskerak, mendez mende, “K” eztarriako bortitz hori
“G” bilakatu zuen, KARA–>GARA, etc.
eta ondoren “J” eta barriro “H”
eta orain “H” hori jada galdurik (Zuberoan-edo izan ezik),
“Z”, “D” eta “B” bihurtu duk. Horixe duk euskeraren “jenioa” deitatu ohi dena.
Baina “jeniorik” ingenteena duk ezen EUSKERA dala, eta izan bedi luzarorako, ezagutzen ditugun hizkuntzetan bizirik iraun duen bakarra, giza espeziea berbetan hasi zenetik gaur arteino. Biba euskera eta euskaldunok!
eta segi gozatzen Eguzki Amandreaz.
Saizarbitoria miretsi egiten dut eta esaldi honekin zeharo bat nator:
“Euskara salbatzekotan, desagertzeko arriskuan baitago, bikaintasunari eta prestigioari lotuta izan daitekeela bakarrik, ez baserritarkeriaren eta jatorkeriaren bidetik”
Hala ere, askotan (behin, modu orkestatuan ere bai, Bernardo Atxagarekin batera) erabili izan du ideia zuzen hori auzo-euskalkiei (ez da kasualitatea hau Bilbon esan izana) eraso egiteko. Eta horretan guztiz oker dabil, izan ere, sinesgarri gertatzeko, auzo-kritikan hasi aurretik, lehendabizi AUTO-KRITIKA egin behar da. Besarkadak denoi (baita Saizarbitoriari ere).
Besarkadak, abrazos. Ez da euskaraz hala esaten, ordea. Eta nazkatuta, bo, zerrenda amaigabea izan liteke. Euskara Gipuzkoan eta vizkai horretan. Dagoela.
Josu eta Nagoreri. Barkatuko didazue, badakit nire aipamen hau ez doala, zuzen-zuzenean, zuen eztabaidarekin, baina ekialdeko hitza aipatzen duzue. aunitz (N), ainitz (L), anitz (L barnealdean), hanitx (Z)… eta mendebaldean? asko. Bitxia da gero.
Iparraldean bada aldaera bat askotan erabiltzen dena: aunizko, ainizko…Adb:- Aunizko andere jin dira.
Eta nire galdera: ez ote da asko hitza aunizkoren laburpena?
Izan ongi, adiskideak.
Hagitz makur. Bertan berton errateak ez dakarkio deus ere euskarari. Euskerie eta esas chorradas tampoco. Y el jatorrismo una puta mierda, que sólo puede conseguir que muchos Jovenes bien formados, que hablan y saben mucho más que Los jatorras manden el euskara a la mierda. Eta pena izugarria ematen dit, ezin sufrituzkoa.
Eredu bikaina zeurea Nagore, iruzkin ia osoa erdera hutsean eginda. Esaten duzunari indar handiago emango diozulakoan edo?