Jakintza (Atik Zra)
Jakintza (Atik Zra) –
Biziberritzearen inguruan gero eta jakintza gehiago dugu, bai gurean bai nazioartean (hala ere, oraindik jakintza handiagoa dago hizkuntza galtzearen inguruan, baina tira). Itxaropen iturria da Miguel Rodriguez Carnotarentzat, zenbat jende on ari den soziolinguistika egiten Galizian, zenbat jakintza pilatzen ari den han. Uste dut gurean oraindik jakintza handiagoa dugula han baino (nahiz eta ez dut uste nahikoa denik).
Miguel Rodriguezek, baina, uste du hedapen sozial txikia dutela Galizian soziolinguistika egiten ari direnek. Hizkuntzak, bere ustez, informatutako herriek salbatzen dituzte. Eta ikerketek bere lekuan kokatu dute galizieraren arazoa, bere koordenatu historiko, sozial eta politikoetan.
Egia da hori, gurean ere. Inoiz baino ikerketa gehiago dugu gurean hizkuntza biziberritzeari buruz, kuantitatiboak zein kualitatiboak. Unibertsitateetan ikerketa talde gutxi badabil ere, hor dugu Soziolinguistika Klusterra, gure biziberritzearen ikertegia, hor ditugu ere handik eta hemendik lanean ari diren ikertzaileak (haietako batzuk frankotiratzaileak), hor dugu Bat aldizkaria, eta beste hainbat kontu.
Baina .. galdera bat: posible al da horrenbeste jakintza pilatu arren biziberritzea ez gertatzea? Asko jakin daiteke gaiari buruz eta egoera aldatzeko mekanismo eta palankarik ez aurkitzea? Miguel Rodriguez Carnotak uste du jakintza hori sozializatu behar dela, jendarteratu eta akademiaren mugetatik kanpo hedatu. Eta bat nator, baina, gainera, uste dut jakintza eta ekintza errimatu behar ditugula. Ekintzetatik jakintza berria sortzeko eta jakintzatik ekintza berriak sortzeko. Eta sortzen, eta asmatzen, eta ausartzen, eta ikertzen, eta informazioa hedatzen, eta iritzi pausatuak eraikitzen jarraitu behar dugu, gura zein gura ez.
Azken finean, denborak baino ez du erantzungo: jakintzak irabaziko du ala inertziak, kapitalak eta gutxi batzuen interesak gailenduko dira?
Jakintza (Atik Zra)