Izenetik izanerako zubiak
Izenetik izanerako zubiak –
Ikurrina, gure ikur kuttuna, bazter guztietan harrotasunez erakusten duguna eta sentimendu asko azal arazten dizkiguna. Bere izenak dioen moduan, ikur egina. Euskaldunok nonahi erabiltzen dugu eta ezbairik gabe beharrezkoa da, ezinbestekoa. Gure bandera guztiz barneratua dugun arren ordea, esango nuke nortasunaren beste oinarrietako bat, tamalez ezetz. Zehazki, gure hizkuntzaren erabilera. Nire aburuz, duen garrantzia ez dugu aintzat hartzen, ez behintzat beharko lukeen bezala, eta jarrera honek izan dezakeen eraginaz jabetzetik urrun gaude. Ez al genioke gure hizkuntzaren erabilerari identitate ikurrei bezainbeste balio eman behar?
Zoritxarrez, azken ikerketen arabera gazteen artean euskararen erabilerak behera egin duela dirudi, esaterako Arrue ikerketaren 2017ko txostenak ondorioztatu duen bezala. Segur aski hainbat aldagaik izango dute eragina, egungo gizarte teknologizatuko kontsumo ohiturek esaterako, euskarak hemen duen presentzia ez baita oso esanguratsua. Gazteek egunerokoan bizi beharko lukete erabilera gizarteko estamentu guztietan, hizkuntzaren biziraupena bermatu nahi badugu behintzat. Agian, erreferentetzat ditugun hainbat programa, pertsonaia, kirolari eta abarrek zeresana izan dezakete, eta hizkuntzarekiko inplikazio maila altuagoa erakutsiz esaterako, erabilera indartzeko bidean aurrerapauso bat eman genezake?
Adibide bat jartzearren, atsekabez ikusi ohi ditut pilotari euskaldunak elkarrizketak gaztelaniaz erantzuten, erdarazko euskal telebistarentzako direla argudiatuz. Norgehiagokak euskaraz soilik eman ohi dituzte, eta beraz, ez ote lituzkete interesatuek elkarrizketa labur hauek euskaraz ulertuko?
Beste hainbat adibide aipa genitzake, eta esango nuke guztiok ezagutzen ditugula ikurrina alde batera eta bestera harrotasunez erakusten dituzten goi-mailako kirol talde edo telebistako programak, baina hizkuntzaren erabilerarekiko inplikazio handiagoa erakutsi lezaketenak. Erdarazko euskal telebistako audientzia gehien duena esaterako. Bertan gazte euskaldunak elkarrekin gaztelaniaz jardunean ikus daitezke, eta batzuk maila kaxkarrean, programaren identifikatzaileetariko gisa erabiliz gainera. Niri, egia esan, bihozmina eta tristezia sortzen dit, jakinik gainera programa hau euskal telebista publikoaren ikur bilakatu dela, honek duen eraginarekin, bereziki gazteengan. Euskaldun petoak, euskal kate publikoan elkarrekin gaztelaniaz egitera behartuak? Kontraesan zantzuak izan ditzakeela esango nuke. Ez al litzateke hobe izango, adibidez, elkarrekin erosoago sentitzen diren hizkuntzan jardun eta behar den kasuetan azpitituluak ipintzea esaterako? Ez al genituzke horrela euskara erabiltzen ez dituzten gazteak gure hizkuntzarekiko gertuago senti araziko, bere erabilera bultzatu eta normalizatuz?
Beste hausnarketa bat luzatu nahi nuke, erreferentzia diren goi-mailako kirol taldeei buruz zehazki. Gazteek, edota kanpotik datozen aurkari eta kirolariek, ikusleek, eta abarrek gure identifikazio ikurra ikusteaz gaindi, hizkuntza entzun ezean, identitate ezberdintasun asko nabarituko dituzte estatuko gainerako taldeekin alderatuz? Zenbait taldeetan gure nortasuna izen hutsera murriztua dagoela esango nuke, azaleko jarrera hutsera.
Orain dela gutxi, aspaldiko lagun baten eskutik, poza sortu arazi didan berri bat jaso nuen. Hain zuzen, Gipuzkoako futbol talde erreferenteenak, Errealak, euskara hutsezko prentsaurreko batzuk egiteko hautua egin duela, erdarazko galderei ere euskaraz erantzunez. Erabaki hau Gipuzkoa Berdinago ekimenaren barruan dago kokaturik, erreferentzialak diren erakunde batzuk bildu eta eredugarri izan litezkeen jokabideak azaltzea du xede. Ez litzateke lekuz kanpo egongo goi-mailako kirol taldeek jokabide hau eredutzat hartu eta gure hizkuntzaren erabileraren erreferente izaten saiatuko balira.