Iruñeko Euskalgintzak gogor salatzen du Gimenok bi urteko gelen sorreraren aitzakiarekin euskararen aurka egin duen jokaldia

Iruñeko Euskalgintzak salatzen du  – 

Iruñeko Euskalgintzak gogor salatzen du beste behin ere Gimenok bi urteko gelen sorreraren aitzakiarekin euskararen aurka egin duen jokaldia.

Azken asteetan Hezkuntza Departamentuak 2 urteko gelak eskoletan txertatzen hasiko direla zabaldu du. Aurrematrikulen atarian, Gimeno Hezkuntza kontseilariak asteazken honetan bertan egin dituen adierazpenetan, gela hauek Nafarroako 3 eskoletan irekiko dituztela aitortu du.

Kasualitatez, edo ez, hiru kasuetan gaztelania hutsean zabalduko dira lerro berriak. Hauetako bi, gainera, Iruñean. Beste behin ere euskaldunak alboratuak izanik.

Gaztelaniazko eskaintza zabaltzen doan heinean, euskarazkoa zapaldua izaten ari da. Zoritxarrez, berri honek ez gaitu ustekabean harrapatzen. Iruñeko Euskalgintzak gogor salatzen du erabaki hau. Urteak daramatzagu Iruñeko Haur Eskolak euskaraz eskatzen.

Iruñeko Udalak iada aditzera eman du datorren ikasturtean Iruñeko Haur Eskoletako hizkuntza eskaintzak azkeneko ikasturtean bezala jarraituko duela, hau da, euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen Haur Eskola bakar batekin. Tartean, aldaketarako denbora falta argudiatuz. Nafarroako Gobernuak berriz, denborari erreparorik jarri gabe, azken momentuan eta informazio eskasarekin eman du 2 urteko gelak eskoletan txertatzeko asmoaren berri.

Honen aurrean, desoreka linguistiko nabarmen hau orekatze aldera, eta oraindik aukerak badaudela ikusita, Iruñeko Udalari eskatzen diogu berriro ere gai honen inguruan hausnar dezan eta euskararen aldeko urratsak eman ditzan datorren ikasturtean bertan aldaketak egon daitezen.

Euskalgintzak Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua eskatzen duen arren, oraingoan, gutxienez, Haur Eskola bat gehiago euskalduntzeko eskaera egiten dugu. Gainontzean Iruñeko Haur Eskoletan dagoen hizkuntza eskaintzaren desorekak areagotzen jarraituko du euskaldunon kaltetan.

Horretarako, Donibaneko Haur Eskola berreraikitze lanetan dagoela aprobetxatuz, bertako eskaintza euskara hutsekoa izan dadin eskatzen dugu irailetik aurrera.

IRUÑEKO EUSKALGINTZA

(AEK, IKA, LAB, ELA, STEILAS, SORTZEN, ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA)

Iruñeko Euskalgintzak gogor salatzen du Gimenok bi urteko gelen sorreraren aitzakiarekin euskararen aurka egin duen jokaldia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude