Iruñeko Euskalgintza, Kontseiluaren azaroaren 4ko manifestazioaren alde

 

IRUÑEKO EUSKALGINTZA, KONTSEILUAREN AZAROAREN 4KO MANIFESTAZIOAREN ALDE

Euskalgintzaren Kontseiluak manifestaziora deitu du azaroaren 4rako, 17:00etan, Bilboko Euskalduna jauregitik, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren aurka.

Iruñeko Euskalgintzak bat egiten du mobilizazio horrekin eta gogoratu nahi du hamaika arrazoi ditugula Nafarroan horretarako.

Administrazio Auzitegiko Aretoak Nafarroako Gobernuari bere hizkuntz politika egiteko mugatu zion, euskara baloratzeko orduan (2017ko Dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu zituen), Euskararen Legeak ematen dion ahalmenaren aurka. Ondorioz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak Udaletako Euskararen Ordenantzak zalantzan jartzeko aukera izan du.

Udalek onartutako hizkuntz profil elebidunen aurka jo du askotan Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Euskara meritu gisa puntuatzearen aurka ere jo du. Berriobeiti, Antsoain, Berriozar, Atarrabia, Uharte, Zizur Nagusia, Lizarra eta Orkoiengo Udalak izan dira horren lekuko.

Eta hori guztia, Euskararen Legeak eremu mistorako aurreikusten duenaren aurka egin du. Beraz, badugu protestarako arrazoi ugari. Nafarroatik ere erantzuna eman behar dugu.


IRUÑEKO EUSKALGINTZA.

Administrazioan Euskaraz Taldea