Irulegiko Eskuko testurako interpretazio proposamena I

Irulegiko Eskuaren testurako proposamena –

IRIZPIDEAK ETA METODOA

Irulegiko Gazteluan azaldu den duela hogeitabat mendeko euskarazko inskripzioa ulertzeko ahalegin honetan, honako irizpide hauek izango ditugu gida eta muga:

  1. Ahalik eta gehien atxiki testuari dagoen horretan, inolako aldaketa edo zuzenketarik proposatu gabe, interpretazioa errazte aldera.
  2. Asmalanak ahalik eta gehien saihestu eta hiztegiari ahalik eta atxikien lotu.
  3. Euskalki-mailako koherentziari eutsi ahal bezain tinko, hango eta hemengo berbak nolanahi nahastea saihestuz.
  4. Sinpletasuna hobetsi interpretazio aukera anitzen artean.
  5. Argi eta garbi ezinezko direnak baztertu (latineko mailegu eztabaidaezinak kasu) baina zeharo dogmapean ibili gabe. Esate baterako, ez dugu baztertuko interpretazio egoki bat, errazegia delako eta orduko euskara oso diferentea eta ulertezina izan behar duelako nahitaez.
  6. Testuingurua aintzat hartu.
  7. Gorrotxategi katedradunak proposatutako transkripzioan oinarritu eta oklusiben zehazpakotasunaz esan dituenak aintzat hartu.

 

Irulegiko Eskuaren testurako proposamenaIrizpide hauek aintzat hartuta, testua aztertzeko metodoa, bera egoki zatitzetik hasi behar da ezin bestean. Testua behar bezala zatitzen ez bada, inoiz izan ez diren hitzentzako argibide bila ibiliko gara. Esate baterako gaizki zatitutako hitz batek aurreko hitzaren bi silaba eta ondorengo hitzaren beste bi izan ditzake. “Izanditzake” izandi+tzake zatituko bagenitu bistan da ondorengo ikerlan guztiak ez gaituela inora eramango.

Zatikatze lan honi ekiteko, ezagun zaizkigun hitzak topatu behar ditugu, edota, hitz osoen ezean, hemen gerta daitekeen bezala, deklinazio edo konjugazio markak izan daitezkeenak.

Denek onarturiko haserako Zorioneku ondoren, tenekebeekiratere(n) aurkitzen dugu hurrena. Lehen zatikatze saioa, intuizio hutsezkoa, bi e segidan ikusita egingo dugu, lerroa honela hutsiz: tenekebe   ekiratere(n).

Une horretan lehen multzoko kebe horrek, Cerquand-en Tartalo xiberutar baten ipuinean sarritan irakurritako “ni hebe, ni hebe!” eraztunaren oihua dakar gogora (ni hemen, ni hemen!)  Agian Erronkari edo Zaraitzun ba ote da azken n-rik gabeko hebe horren baliokiderik, k  batez hasita bi eskualde horietan ohi bezala?. Orotarikoan ez, baina zaraitzuerari buruzko material batzuetan aurkitu dugu Bidankotzen,   kebe  horren berria, ipuin xume batean. Badugu beraz lehen proposamena.

Tenekebe  horren bigarren erdirako zer proposatu badugula, hasierako tene-ri ekin behar diogu eta, bide garbirik ikusten ez zaionez,  Gorrotxategiren esana baliatuta dene  bihurtuko dugu, argitasun bila. Orotarikoan egindako bilaketak berehala erakusten digu Jon Mirandek bere poema batean erabilia duela, dena adierarekin. Beraz, gure buruari ipinitako soka motzean ere, erdietsi dugu Zorioneku  hitzaz harago, abegi oneko formula osoa izan zitekeena ulertzea:  Zorioneku tenekebe = Zorioneku dene kebe = Zorioneko dena hemen (zorioneko hemen dagoena). Esanahi borobileko formula, testuinguruarekiko ezin egokiagoa, ekialdeko euskalki usainekoa eta ulergarri samarra euskalki horiek ezagutzen dituenarentzat.

Bigarren lerroko bigarren zatiko ekiratere(n) berriz, genitibo posesibo garbia dirudien bukera du, Ekirate pertsona izena iradokitzen duena.

Hurrengo lerrora pasata berriz, otirtan . eseakarri erakusten du testuak, erdian puntu eder bat duela zatitzeko lanaren aringarri. Nahiko bat-batean suma daiteke, zorioneko puntuaren laguntzaz, bietan flexio bana dagoela, ……….tan, ……………karri, gainera aurreko lerrokoari lot dakiokeena: ………..ren  …………….tan, …………….garri,  eta jada azken lerroari begira jarrita, eraukon aditz bat bada, esaldi oso bat osatzen digu, gaur egungo euskararen egitura berekoa.

Eraukon, fonetikoki antz handikoa duen zeraukon flexioari lotzeko aukera berehala baztertu (aditz nagusirik ez baitlegoke orduan) eta berriro k/g aukera baliatuta, eugon  aditzaren kausatibotzat jo dugu, eugon Orotarikoan aurkiturik, bere kausatiboa behar lukeena asmatzeari gehiegizko ez iritzita, are gutxiago eugon izaki igan  aditzaren aldaera dialektala. Eraugon  beraz, iragan edo igaro moduan itzultzea hobetsi dugu. Itzal bakarra,  Arratiako aldaera dela gaur egun, Arangurendik aldentzen gaituena. Baina XXI mende igaro ostean, ez dugu uste hipotesia baztertzeko adina indarrik duenik, esanahiaren aldetik hain bete-betean asetzen gaituenean.

Zorioneko dena hemen. Ekirateren otirtan eseakarri igaro. Honaino iritsita, eta oso soka motzean jardunik, hasierako formula osoki itzulita eta ulergarri dugu; eta esaldi luzea berriz, ulergaitz izanik ere, oso garbi geratzen da euskara dela bere sintaxian, eta gaurko euskararen oso antzekoa gainera. Hitz ulergaitz horietan zerbait aurreratzea baino ez da geratzen, agian ezinezko izango dena, batetik igarotako denboraren luzeagatik eta bestetik pentsatu behar delako garai hura dela hain zuzen dialektalizaziorik handienekoa euskararen historia osoan, mila urte baitzeramatzaten norbere muinoan sartuta, elkarrekintza eta trukaketa sozialerako aukera oso murriztuekin. Garai horretako dialektalizazioaren zati handi bat galdu bide zen gero erromatarren garaian giroa lasaitu, komunikazioak ugaldu eta hizkuntzak baturantz jo zuenean. Saiatu egin behar halere zorioneko Ekirate, otir eta eseakarri  horiekin.

Ekirate pertsona izena da, genitibo posesiboak ez baitu beste aukerarik uzten, eta toponimo baten itxura eta usaina ditu. Gaur egungo euskal deitura askoren antzera beraz, lekuak eman bide zion izena pertsonari. Ekirate toponimorik ez da ageri argitaratuta dauden toponimiako datu baseetan, bai ordea oso hurbileko den beste bat: Ekiraso. so atzizkiak ekira uzten digu bistan, – eguterako iratzea edo-, Irulegikoa ekira-ate ulertu behar dela iradokiz. Izan ere ekiraso toponimoa Martxate mendatetik 500 metroetara dago, Aezkoako Hiriberrin eta Euskal Herri osoan ekira erroa ageri den toponimo bakarra denez, pentsa genezake Ekirate  noizbait gaur Martxate den mendatearen izen zaharra izan zela, eta bertakoa genuela Irulegiko eskuak aipatzen duena. Irulegitik Ekirasora hogeita hamar kilometro baino gutxiago daude, lerro zuzenean.

Otir dugu zalantzarik gabe, denetan zailena, batik bat ez dakigulako T hori, baskoiek iberiar alfabetoari egindako eranskina izaki, benetan t bat den ala beste fonemaren bati dagokion.

t bat balitz, testuingurua aintzat hartuta, mahai kontuetara garamatzan ot aurrizkia bilatuko genuke bertan (otordu, oturuntza, e.a.), abegikortasuna adierazten bide duen mezua delako eta euskal kulturan jan eta edateko jardunak izan duen eta duen garrantziak iradokita. Bigarren zatirako dir proposa liteke, brilloa adierazten duen monosilaboa, dirdaitsu eta distira bezalako hitzetan aurkitzen duguna, balizko ot-dir = banketea iradokitzeko. Halere, ez dugu horren alde egingo, ezarritako soka motzetik askatuta baino ezin garelako horra iritsi. Ez dago dir hitzaren funtzio horretako erabilpen ezagunik euskaraz eta hiztegiari estu lotuta jarduteko eta sinpletasuna hobesteko atxikimenduaz ari gara. Eta izan ere, hiztegian badugu gainera bigarren zatiari asmalanetan sartu gabe interpretazio txukun bat emateko bidea: irra, alegia. Irra, Orotarikoak dioskunez, dantza da, orain arte kitatu ez dugun Pirinio inguruko eskualde berean (Baztan, Luzaide, Naparroa Behere, Xubero, erri bakoitza bere irra-iauziekin. Or QA 208.). Ot-ir izango genuke orduan, (otordua+ dantza) esanahi begi bistako samarrarekin: Festa. Urrun samar joan gara agian, aspaldiko hitz zaharra asmatu nahian, baina Orotarikoaren hesi barruan gaude oraino. Eta zorioneko T ikurra t ez dela gertatuko balitz azkenean, ir bukaerak bakarrik badu bere horretan nahikoa indar hitz osoa, dena dela ere, festa kutsuz blaitzeko.

Jan-edanekin edo jan-edanik gabe (harritzeko samarra litzatekeena dena den) dantzarena sendotzera datorkigu aztergai dugun azken hitzak: eseakarri. Berriro Orotarikora jota, atxiki aditzaren Xiberuko aldaera den etxeki aditzetik sortzen da etxekarri. Hiztegian ez dauden etxeaki eta etxeakarri  beharko genituzke zalantza izpirik gabeko interpretazioa proposatzeko, baina azken urratsean egonik eta aurreko guztia aintzat hartuta, ez dugu irudikatzen etxekarri baino proposamen egokiagorik. Izan ere, etxekarri, elkarri estu lotuta edo itsatsi-itsatsita egotea du esanahia. Atxiki aditza esanahi anitzeko hitza da, elkartasuna edo  batasuna adieretan hasi eta itsaste fisikoa adierazteraino. Orotarikoak halere ez digu etxekarri  sarreran itsaskor adiera baino proposatzen, hain zuzen ere Erroibarren bildutako adibide bakarra plazaratuz. Ez du argitzen gauzei buruz ala pertsonei buruz esaten den, baina esan bezala atxiki aditzaren espektro zabala lagungarri zaigu. Kokapenaren aldetik bete-betean gaude hizkuntz eremu berberean.

Beraz, honela geratuko lirateke testuaren transkripzioa eta gure proposamena:

Zorioneku dene kebe Ekirateren otirtan eseakarri eraugon

Zorioneko dene kebe Ekirateren festetan etxekarri igaro.

Zorioneko dena hemen Ekirateren festetan elkarri itsatsita igaro

Lehen lerroan transkripzioa, bigarrenean idazkera lodian, interpretatu behar izan diren hitzak (gainerakoak gaurko euskarak dituen hitzak dira), hirugarrenean, euskara estandarrera itzulita. Hiruretan sintaxia berbera da, ia osoki gaurko euskararen berbera (dena hemen v. hemen dena litzateke zalantza bakarra).

Ukitu hedonista duen mezua ematen du, burdin aroko herri harresitu batean aldez aurretik nekez imajina genezakeena, baina brontzezko eskuak eta alfabetatze mailak iradokitzen duten aberastasun egoerarekin ezin hobeto ezkontzen dena. Ekirate bere abegikortasuna harro aldarrikatzen duen gizaki aberatsa izan zitekeen, edota herriko ostalaria, edo agian ere herriko musikaria, bere doinuaz festa jartzen zuena. Irakurleari utziko diogu irudikatzea iberiar alfabetoan ez dagoen T hori hasperen hotsa balitz zer ote litzatekeen Ekirateren etxea.

Irulegiko Eskuaren testurako interpretazio proposamena II

Irulegiko Eskuaren testurako proposamena

42 pentsamendu “Irulegiko Eskuko testurako interpretazio proposamena I”-ri buruz

  • OT…ia!
    OTarrainxka ere jango ote zuten baskonikoek?

  • Bai, noski; otarrainxka gaziak. Gero, ardo gehiegi hartu eta, tente ibili ezinikan, zure galdera bezalako saiakerak egiten omen zituzten.

  • zorioneko
    denek heben giraten
    onetan etsea ekarri eraukon

    Felices
    todos los que estamos aquí y quien sea traído a esta casa

    Hemen itsasten dut nirea, zein izan baita lehena.

    Oharra:
    girate = garateque: somos, seamos, estamos, estemos
    eraukon nor-nori da = zaion, jakon, dagokion, baina z-gabe aoristo indeterminatua.
    karri eraukon = traído le sea / fuera.

    Adeitsuki

  • “Orotarikoan egindako bilaketak berehala erakusten digu Jon Mirandek bere poema batean erabilia duela, dena adierarekin.”

    Non agertzen da dene hori, neuk ezin ukan dut topatu!

    Adeitsuki

  • juan inazio hartsuaga 2022-11-18 19:00

    Gabon Josu. Honatx bertso osoa: Nurk daki bekhatia zer dene? / Ez zuk, ez nik!… Zerbait dakit hale / zirela eder badakit doi-doi. Mde Po 48. Orotarikoan “halere” sarreran ageri da eta baita Klasikoen Gordailuan ere, esteka honetan: https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/M/MirandePoemak030.htm.
    Bide batez, herenegun bidali nizun mezu pribatua idatzi hau argitaratu aitzin zurekin hainbat gauza komentatzeko baina bistan da FBen ez zarela sobera sartzen. Pozik kontu hauetako hizkide zaitudala.

  • “Eraukon, fonetikoki antz handikoa duen zeraukon flexioari lotzeko aukera berehala baztertu (aditz nagusirik ez baitlegoke orduan)”

    zeraukon edo derauko batek ez du zertan aditz laguntzailea izan behar.
    Eraduki aditzari legokioke = edukiarazi, eman.
    Dembora hartan ez zegoen NORK ergativorik. Beraz, nor nori çan behar.
    Xalbadorrek zait esateko zaut edo zeraut erabiltzen zuen.
    zaukon edo zerauko litzateke HARI denean orainaldian, hau da: zaio, zaiko, jako, dagoko / dauko.
    eraukon = eukon, zeren RA askotan predativo bat (nori-aurreko) baizik ez baita.
    eukon = zaikon, jakon, jagokon, hots, zitzaion, zegokon.

    Adeitsuki

  • Juan Inazio,

    “Nurk daki bekhatia zer dene?”

    Dene hau ez da “dena”, “den ere” baizik.

    josulavin@gmail.com

    Igor herenegunekoa, othoi.

    Adeitasunez

  • juan inazio hartsuaga 2022-11-19 08:15

    Diostazu :”“Nurk daki bekhatia zer dene?”.Dene hau ez da “dena”, “den ere” baizik. Horrela izango da zuk badiozu eta beste argibideren bat aurkitu beharko. Dena den, “Zorioneko” eta “hemen” artean izan aditzaren formaren bat ez den beste ezer ezin dut imajinatu. Irudimena zorroztu beharko.
    Asteazkenean bidali nahi nizuna hauxe bera zen, argitaratu aitzin apur bat komentatzeko. Pasa asteburu on!

  • Juan Inazio,

    dene(k) izan daiteke, baina Miranderen aipuak ez du balio.
    Besterik ez.
    Adeitsuki eta mila esker!

  • kirateren horretan ikus leiteke:
    giratenen destinativoa = giratenentzat
    : para los que estemos aquí
    gira = gara

    Adeitsuki

  • Baina “girate” irakurtzen baduzu zer egiten duzu aurreko “e” horrekin? Bakarrik utzi ala “kebee” idatzi?

  • EN = ENTZAT

    Eta guertha cedin, hec partitu ciradenean harenganic: Pierrisec erran baitzieçón Iesusi, Magistruá, on duc gu hemen garen, eguin ditzagun bada hirur tabernacle, bat hire, eta bat Moysesen, eta bat Eliasen: Etzaquiala cer minço cen.
    Luc 9:33 Leiçarraga

    hire = hiretzat
    Moysesen = Moysesentzat
    Eliasen = Eliasentzat

    Adeitsuki

  • Bai, kebee edo ebee.

    tenekebee = denek ebee
    denek hemen

    Adeitasunez

  • zorioneko
    denek heben giratenen
    honetan/horretan etsea ekarri eraukon

    Felices/Dichosos
    Para todos los que estemos aquí y para quien traído sea a/en esta casa

  • juan inazio hartsuaga 2022-11-19 14:31

    Eta bada horrelakoren erregistrorik? Orotarikoan ez da ez Kebee ez Hebee ez Emee balizko aldaeron abibide bakarra ere ageri.

  • heben eta hebe existitzen dira.
    Ahoska /hebee/. Bion arteco cerbaixca date.
    Kontutan har euskara hori ez dela euskara oraino, esku-ara edo esku-era baizik.
    Adeitsuki

  • 1899 seriea ikussi dugu netflixen
    Nire aitona jaioric cen jada urthe horretan.
    Hogueita bat mendetan 21 aitona amonarequin Irulegico escurat helcen dira euscaldunac.
    Sinhestaraci nahi deraucute euscara hura osso differenta cela?
    Neuc ez dut sinhesten.
    Adeitsuqui

  • juan inazio hartsuaga 2022-11-19 22:54

    Dena de abiadura kontua. Gaurko erdaldun espainiar batentzako belaunaldi kopuru bera da, baina ez dut uste Sertorioren legionariekin latinez hizketan moldatuko zenik. Halere nik ere esango nuke duela ehun urteko zaraitzuar batek Ekirateren etxeko hizkerari laster antzemango ziola nondik norakoa, nahiz eta hitz berri mordoa ikasi beharko zuen. Hizkuntzen bilakaera-abiadurarena dogmaren bitrinatik atera eta eztabaidagai jartzeko balioko al du Irulegikoak! Bide batez, Mendigorriako testuari begiratu bat eman diot eta Irulegikoan euskara nonahi ikusten dudan bezala, hangoan berriz inon ez.

  • Josu naberan 2022-11-19 23:37

    Eskerrik asko, Hartzuaga, hire arau-oharpenengatik. Hona ene deziframendua:

    SORIONEKU(N)
    *ZORION-EIÑ-EN-UKU-ON
    —–SORION-EU-IN-UKU
    “ZORIONEKO LEKUA”
    edo “LEKU ZORAGARRIA”

    E T N BE E KIR
    *EKUZU-EIÑ-EN-UNE-BEH-KIR
    “IKUS ZEIÑ GUNE BIKAINA DEN”
    “ikus (EKUZU) zein (EIÑ-EN) gune (UNE) den (E) bikaina (KIR)”

    BE I E S E ER
    *BEHA-ETSEA-ER
    “BEHA ETSEA ATERGUNE”

    E RA U KO N
    *ERA-UN-UKU-ON
    “EGOKIA EGOTEKO”

    “egokia (UKU-ON) egoteko (ERA-UNE)”

    T N E

  • Josu naberan 2022-11-19 23:43

    Testu honetan
    Bi erro iberierazko ageri dira argi-argiak tartean:

    EKUZU (ikus ezazu), eta KIR (bikaina)

  • Josu naberan 2022-11-19 23:57

    Sorioneku ostean datozen bokalak (a, e) edo kontsonanteak (T, N) eta silaba solteak (be, ta)
    Berba-Kodeak dira, egileek aski ondo ezagutzen zutelarik kode horien atzean zegoen berbak.

    “Irregulartasunak” ere
    badira:
    jatorrizko Z (zorione)
    S (sorione) bilakatzen da, eta arrazoia beti da bardina: bi bokal elkartzea, kasu honetan E-U bokalak

  • Agustina Pontesta 2022-11-21 09:02

    Zerbaitetarako lagungarri bazaizue hona hemen nik ulertzen dudana.

    Zorioneku ni ta eneak
    emen eki -aterrien (eguzki-ateraren) o (edo)
    tirtan (eguzkia ezkutatzerakoan)
    esera (etxera) karri (ekarri) diezaion.

  • Agustina Pontesta 2022-11-21 09:32

    Barka iezadazu Hartsuaga baina nik uste beste adiera har lezakeela EKI-ATERRI
    EDO TIRTAN esaldi horrek eta honokoa litzateke: EKI BABESEAN EDO GALGATAN.

  • juan inazio hartsuaga 2022-11-21 10:04

    Barkatu beharreko ezer ez aspaldiko! Zer moduz habil? Hemen denak ari gaitun nor bere hondar aletxoa plazaratzen. Larunbat arratsaldean interneteko Orotarikoa blokeatzearaino berotu zela uste dinat.

  • Juan Inazio,
    Dakikezunez, hemen

    https://www.amaata.com/2022/11/irulegiko-eskua-ii-propuestas-de.html?m=1

    orain arteko interpretazioneak ari dira komentatzen.

    Adeitsuki

  • Joder. Iruña-Veleiakoak berrantolatzen ari dira. Iruzur argi bat babesten ibili ostean, orain interpretazioaren aukera askeak baliatzen. Jostailu berria badute.
    Edozer gauza, metodo zientifikoa izan ezik.
    Ez dugu ikasten. Ez dugu ikasi nahi.

  • juan inazio hartsuaga 2022-11-21 14:58

    Bai, metodo zientifiko gaixoa ez dabil aparrean. Batzuk nahiago dute nolanahiko txorakeriak esan eta beste batzuk berriz, nahiago dute autoritatea aldarrikatu, Garai zailak zientziarako,

  • Horixe egia esa duzuna, Juan Inazio. Autoritatea aldarrikatzen da, bai. Autoritate testikularra: “Nire potroengatik hau hala da”.
    Se non è vero, non è vero.

  • Ez da Mendigorriakoa, Muruzabal Andiongoa da, aski da babukeriaz.

  • juan inazio hartsuaga 2022-11-21 20:29

    Baita ere, Ba Ote, baita ere. Behingoz ados aspaldiko partez.

  • Irulegiko Aztia 2022-11-21 22:08

    Kaixo, Irulegiko Aztia naiz, nire nick-a da,
    Oso ausartak zarete zuen interpretazioetan. Nik hitz bakar bati buruz egin dut nire proposamena -AGA izenburua duena, Irulegiko eskuko hitz bakar bati buruz, azkenaurrekoari buruz. Nire interpretazioa “etxeagari” da, gaur egun “etxeari”. -aga mugatzaile singularra zela justifikatuz idatzi dut nire proposamena.

  • Irulegiko Aztia 2022-11-21 22:08

    Igo dut, irakur dezakezue

  • Mikel Haranburu 2022-11-22 11:54

    Ez da Mendigorriakoa, Mendigorrikoa da, aski da babukeriaz.

  • Ezta hurrik eman ere! Mendigorriako udala, Mendigorriatik, Mendigorriaraino, Mendigorriara

  • Mikel Haranburu 2022-11-23 09:36

    Euskaltzaindiak ez dio zuk bezala irizten, baina ziuraski zu zaude zuzen…
    https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1161&task=bilaketa&lang=eu&id=1102

    “Nafarroako herri-izendegia eta herritarren, eta eskualdeen eta merindadeen izenak
    155. arauan daude jasota. Nafarroan asko dira herri-izen berezi artikuludunak (Iruñea, Mendigorria, Otsagabia…); baita eskualdeak ere (Urumealdea, Bortziriak, Baztanaldea…). Horiek izen arruntek bezala hartzen dituzte kasu-markak: Mendigorritik, Mendigorrira… (*Mendigorriatik, *Mendigorriara…)”.

  • Hori idatzi zuenak ganbara arras pipiak janda zeukan, esaera giputza bada ere. Urumealdea ez da usatzen, ez ezagutzen Nafarroan, are gutxiago Baztanaldea asmakeria itsusi hori. Bortziriak ez dugu izen berezia, plural arrunta da, iruindarra bada gentilizioa ez daiteke Iruñea, Iruinea baizik. Eta ttitoa nondik erori da, habitik ala habiatik. Mendigorria mendi soildua baldin bada, zer ote Aizkorri?

  • Elias Goñi 2022-11-24 00:17

    Hartsuagak eta Lavinek esandakoa elkartu nahian:

    sorri onekun (4)
    tene kebe (4)
    ekirateren otirtan (8)
    eseakari eraukon (8)

    Sasoi onean
    denak hemen
    ginatenontzat jaian
    etxea eman zigun.

    Arazorik?

  • Elias Goñi 2022-11-24 01:34

    Garai haietan brontzea egitea ez zen merkea izango. Beraz, brontzean idaztekoa garrantzitsua izan behar zen. Eta zer garrantzitsuagorik jabetza “titulu” bat baino?

    Bestalde, nork “eman zigun”? Irulegiko tontorrean, gaur egun dagoen gazteluaren azpiko lurretan bizi zenak, agian. Falta ote den eskuineko eskuan egon daiteke idatzita bere izena. Daukagun ezkerreko eskuaren eskuineko aldean, koska luze bat dago erdian. Hor egon liteke lotuta eskuineko eskua, mezuaren beste erdiarekin.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2022-11-24 15:55

    Ekiratek deitu dit arestian zera esateko: “Nor tuk adiskidi koriek? Okupak ala? Etxia enia duk, E-ki-ra-te-re-na! Alaurtzia!!! Ez dakit baina haserre samar zegoela iruditu zait.

  • Elias Goñi 2022-11-25 19:49

    AKATS BAT AL DAGO TRANSKRIPZIOAN?

    Kaixo, Hartsuaga jauna.

    Galde al diezaiokezu Gorrotxategi katedradunari, zergatik transkribatu duen bigarren lerroko azkeneko ikurra “e[n]” bezala eta ez, besterik gabe, “e” bezala? Aurkitzen ditudan iberiar alfabeto guztien arabera, bigarren lerroko azken ikur hori “e” bat da, besterik gabe.

    Bestalde, Gorrotxategik bi ene jarri ditu ikur berezien artean. Lehen lerroko azken ikurra “{n}” bezala transkribatu du. Bigarren lerroko azken ikurra “[n]” bezala transkribatu du. Zergatik dago lehen lerroaren amaierako “n” ikurra “giltzen” artean, baina bigarren lerroaren amaierako “n” ikurra “kortxeteen” artean ordea? Zer esan nahi du giltzen eta kortxeteen arteko desberdintasun horrek?

  • Elias Goñi 2022-11-25 20:47

    Antton Erkiziak ondorengoa esan dit.

    Joaquin Gorrotxategiri berari irakur diodanez: lehen lerroaren bukaeran eskuin aldean azaltzen den “N” hori bigarren lerroari omen dagokio, baina hor bigarren lerro bukaeran tokirik ezean, gaineko aldean ezarrita omen dago.

  • Elias Goñi 2022-11-25 20:56

    BESTE GALDERA BAT TRANSKRIPZIOARI BURUZ

    Eskuaren lehenengo lerroan, “sorioneku” adierazpena ondoren, goitik beherako hiru puntu daude.

    Eta berdin gertatzen da testuaren amaieran, “erraukon” ondoren.

    Zer esan nahi du hiru puntuen ikur horrek? Esaldi amaiera al da?

    Esaldi amaiera izango balitz, “sorioneku” adierazpena esaldi baten amaiera izango litzateke, eta esaldi hori falta den testu zati baten egongo litzateke.