Irulegiko eskuan, gatozenetik goaz

Irulegiko eskuan, gatozenetik goaz –

Ongi etorri etxera, abegira, sutondora, aterbera, babeslekura. Urrundiko garaietatik ereindako hitza, giltza, giltzarria etorri zaigu gurera; gurean zegoena baina okuluan, ixilean, itzalean egona agertu da eta lehena gaurkoratuz argi-eredu eta gero baterako akuilu bihurtu zaigu.

Irulegiko eskuan, gatozenetik goaz
EITB

Euskara biziberrituz doakigun paregabeko hizkuntza dugu eta hortxe besteak beste berebiziko berezitasuna. Geure nondikoa ezin aurkitutako edo ezin argitutako arrastoan murgildu izan gara gure eginkizunetan eta non kokatzen ote dugun zalantzapean beti. Eta hala ba, orain eta hemen, antzinatea ulertzeko, azaltzeko eta geuganatzeko arrastoa. Aldarria eginez, izan ginena eskeintzeko gailua dugu eta geroari eskeintzeko argi izpia.

Irulegiko eskua, harri, iltze, zizelkari, arnas, bihotz, indar bizia eta ametsen emaria dugu; badugu bai abegi oneko aldarri horretan zer aztertu eta zer eskeini, badute bai adituek hor lanik. Aurkikuntzak eragina izan du guztiongan eta zientzilariek, ikertzaileek, hizkuntzalariek argi bezate. Kasualitateak kausa bihurtzen dira eta lur azpian zegoen hark beste kausalitate ugari dakarzkigula. Hala bedi. Beraz, bide luzea eginez gatoz, bidea eginez goaz eta bidean dihardugu.

Ikertzaileei ondo katalogatzea dagokie, zeren, neroni beti sinesgaitz egin zait gure antzinako horiek analfabetoak zirela, idazten ez zutela entzutea. Gure hizkuntzaren sintaxia, aditza, egitura oso da zehatza eta era berean konplexua, beraz, ahoz ahoz hedatu bada ere, ez dut zalantzarik antzina baten ere, era baten edo bestean idatzia izango zela. Bestela, nola ulertu?. Hain adimen handikoak ote ziren ba gure aurrekoak, hain ahuldu ote da ba gure memoria, adimena eta ezagupena?

Sorioneku ez da hitz soil bat, Sorioneku eta berarekin batera letozkigukeenak esaera eta izaera argia dute. Arau edo biziera baten azalpena dugu geure gain, pentzuz, oharpenez eta borondate onenez eta zaintza ageriz jarria izango zena, itxaropenari atea irekiz milaka urte geroan zentzu bera hartzen duena. Zoriona euki dezagula orain eta geroan.

Hitza eta esanahia ondo interpretatzea dagokigu. Hitza ez da goroldioari lotua eta galkatua dagoen belar hosto geldia. Haizeak mugiarazi eta indartutako lekuan lekuko aire desberdinak hartuko ditu. Baina sustarrak tinko baditu, enbor berean darrai,  beti hosto eta adar berriz, emari.  Hizkuntzak, beraz, ez daude geldi, eta gure bizibidean oraina eta geroa aztertzeko eta gogoz ereiten jarraitzeko, eraikitzeko, kodeak eta gailuak behar ditugu. Eta hala da, Irulegin, geure lurpean milaka urteetan izandako kode ederra agertu zaigu.

Hitz askok arrastre bat izan zuten matriarkadutik, patriarkadura.  Orain ez hain aspaldiko elkarrizketa batean, gaur egungo Franzisko aita santuari iraultzailetzat hartzen ote duen bere burua galdetu zioten, eta harriduraz eta gogoz hartu nituen beronen erantzunak: «Benetako iraultza erroetara joatea da eta gaurko globalizazioaren aurrean, nortasun kulturalaren garrantzia azpimarratu beharra dugu. Aldaketa nabarmenak egiteko modurik egokienak sakoneko identitatetik datoz, bizitzan ezin da urrats bat bera ere egin atzetik ez bada, nondik natorren, zein abizen daukadan, zein abizen kultural edota erligiosoa jakin gabe».

Aipamen interesgarriak benetan. Eta gu hemen eta orain, globalizazio honen aurrean, arduraz eta zalantzapean nola burutu eta sakondu geurea?, nola indartu eta berpiztu hizkuntza?, nolatan iraun?. Galdera horien aurrean gaude eta gogoan dut nire adiskide eta maisutzat izan nuen Bittor Kapanaga euskaltzale eta ikertzaile trebearekin bera hil aurreko hilabetean izadako elkarrizketa:

-Zer Bittor, burutuko dogu ala?
*Burutzen ari gara.
Eta handik lasterrera
-Non gagoz Bittor?
*Hemen gagoz..  “sopas en la mano y hablando castellano”.
– Nora goaz Bittor?
*Bagenki! inteligentzia pazientziaren ama da, eta hain dago gitxi
Zentzua aldatu beharra dago.
-Non gagozan ez konturatzea… grabea da
benetan zer nahi dogun ez jakitea, grabeagoa da.
-Nork, Noiz eta Zelan aldatu daikegu hau?
*Nork?  -Geuk
*Noiz? -Momentu guztiak dira aprobetxagarriak
*Zelan? -Burua hotz eta hankak ibilian.

Nor gara Bittor? -Izandako belaunaldi baten irlatxo bat, haien ondorengoen arlo bat.
Zer dugu? -Adar eta mezu ugari dituen erroa. Balio unibertsaleko fenomeno bat. Erro horien mezuak aztertzea eta interpretatzea dagokigu. Nahiz eta irentasun asko dagoen. Bittorrek gure galderei erantzun zehatzak botatzen zizkion. Aspaldi bateko pentsakeraren euskal senari lotua egon izan den arketipoa genuen Bittor.

Modu berean zioskun Joxan Artzek. «Gatozenetik goaz, goazenetik gatoz».

Beraz, hizkuntza, ibilian dabilen harria da, darabilguna eta garabiltzana.

Irulegiko eskuan, gatozenetik goaz Irulegiko eskuan, gatozenetik goaz Irulegiko eskuan, gatozenetik goaz Irulegiko eskuan, gatozenetik goaz

Musikaria, abeslaria. Zeanuri.