Irabaziak eta galerak

Irabaziak eta galerak –

Gurasoak erdaldunak ditut. Anaiak eta ni euskaldunak gara. Gaur egungo milaka euskal hiztun bezala, eskolan euskaldundu ginen hirurak. Gure kasuan, ez ikastola batean, euskalduntzeari dagokionez garai hartan ohikoa zen bezala, baizik eta ikastetxe erlijioso batean, Donostian, nire jaiolekuan. Nire hizkuntza-autobiografia mentalki errepasatu, eta konplexuen eta ahalduntzeen segida bat gailentzen da.

Irabaziak eta galerak
Arg: InfoTimisoara

Lehen Hezkuntza (OHO-EGB) B ereduan egin nuen, erdaldunak nagusi ginen ikastalde batean. Kontuak gaizki ateratzen ez bazaizkit, 10-15 izango ziren etxetik euskara zekartenak 80 haur inguruk osatutako 1975eko kinta hartan. Esan beharrik ez dago euskara guretzat irakasleekin hitz egiteko tresna baino ez zela garai hartan, topiko guztiekin bat eginez, eta “itxegin” ere hala moduz hitz egiten genuela. Txepetxen motibazioa-erabilera-ezagutza hartatik, ezagutzak eman zion hasiera nire ibilbideari, nik hala ez eskatu ez erabaki gabe, eta motibazioa agertu zen handik gutxira, oso modu lausoan bada ere. Ez dut gogoan irakasleek euskara maita genezan sermoirik botatzen zigutenik, baina bai “Txoria txori”, “Bizkaia maite” edo “Euskal Herrian euskaraz” jarri eta ikasarazten zigutela, eta guk, edo nik bai behintzat, halako emozio estetiko bat sentitzen nuela kanta haiek entzutean, sumarazten zidana bazela hor nonbait mundu oso bat, niretzat ezezaguna, erakargarria zitzaidana eta neure egin nahi nuena.

Lehen lilura hark bazuen lotsatik ere, noski. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuko pasarte batean bezalaxe, badut nik halako oroitzapen lauso bat, nola amak akuilatuta aitonarekin bizpahiru esaldi trukatu nituen inoiz euskaraz ?lau aiton-amonen artean euskaldun bakarra?, eta zer frustragarriak gertatu zitzaizkidan inkomunikazio une haiek. Erraz irudika dezaket orain Mugiroko gizon gogor haren harridura deseroso baina aldi berean ?pentsatu nahi dut? harrotasun puntu batez zipriztindua, biloba berarenetik hain urrun zegoen euskara trakets hartan lotsa-lotsa eginda mintzatzen entzutean.

BUPen nabarmen aldatzen zen gelako paisaia soziolinguistikoa gure ikastetxean. Ordura arte nagusiki Donostiako Loiola, Martutene eta Amara auzoetako haurrez betetako ikasgela haietara, ama hizkuntza euskara zuten gaztetxoak iritsi ohi ziren batxilergoa egitera, Astigarraga, Andoain, Oiartzun eta Hondarribitik, besteak beste. Gure ikaskide berriek “ona do” eta “bakizu ze?” esaten zuten, eta euskaraz mintzo ziren euren artean, natural. Guretzat mundu berri bati begiak zabaltzea izan zen hura. Esan nahiko nuke Txepetxen triadako hirugarrena, erabilera, orduan iritsi zela nire bizitzara, baina gezurretan arituko nintzateke. Ez dut gogoan gu, erdaldunok, lagunartean euskaraz egiten hasi ginenik garai hartan. Bestela esanda, Andoaingo, Oiartzungo eta Hondarribiko gure lagun berri haiek erdarara pasatzen ziren gurekin hitz egiteko. Horratx ifrentzua.

Denbora luzez konplexuz beteta bizi izan nuen nire erdipurdikotasun linguistikoa, eta lotsatu egiten ninduen nire pedigri falta agerian geratzeak. Nire ikaskide euskaldunen mundu erreferentziala ezezaguna zitzaidan: nik ez nuen anaia zaharragoen zintetan Hertzainak entzuten, eta sekula joan gabea nintzen Kilometroak-era, are gutxiago Herri Urratsera edo Durangoko Azokara. Aurrerago, jada unibertsitatean, Euskal Filologiako nire ikaskideen arteko solasaldiren batean euskaldunok hain gustuko ditugun erakustaldi dialektal horietako bat sortzen zenean ?“gure etxean di-da esaten da”, “a, ba gurean ti-ta”, “gurean betidanik di-dau”…? niri mahai azpian ezkutatzeko gogoa sartzen zitzaidan. Eta ondo grabatua dut oroimenean zeinen ezdeusa sentitu nintzen Ahozko Literatura ikasgaiko eskola batean, bertsolarien artean ahotsak zer funtzio jokatzen duen ilustratu nahian Joan Mari Lekuona “Egañak honela” eta “Lizasok honela” bata eta bestea imitatzen hasi zenean eta nire inguruan ikaskide guztiak dibertiturik buruarekin baiezkoa egiten sumatu nituenean; nik, noski, justu-justuan bainekien bertsolariak zirela, eta ez besterik.

Gaur egun euskaraz bizi naiz. Euskaldunberri/euskaldunzahar etiketak aspaldi samar ahaztu nituen, eta konplexu gutxi dut jada (horretan adinak ere lagunduko zuen ziurrenik). Euskal Filologia bukatuta, euskarari lotuak izan dira eduki ditudan ia lan guztiak, irakaskuntzan, itzulpengintzan zein liburugintzan. UEMAn dagoen udalerri batean bizi naiz, azken urte hauetan asko erdaldundu den arren Donostia nire jaioterria baino euskaldunagoa den herri batean. Bikotekide bizkaitarra dut, arnasgunetzat jotzen den herri batekoa, eta gure bi semeek, nik ez bezala, euskara eta euskal mundua jaso dute etxean zuzenean. Gure etxeko hizkuntza euskara da. Nola aldatu diren gauzak, kamarada.

Edo beharbada ez horrenbeste. Gure bi semeak erdarara pasatzen dira etxetik euskara ez dakarten beren lagunekin ari direnean, eta tarteka baita beraien artean ere. Horretaz idatzi nuen duela urtebete pasatxo, blog honetan bertan, nik espero baino erreakzio handiagoa sorrarazi zuen artikulu batean ?norberaren ahuleziak aitortzea bezalakorik ez dago arrakalarik gabeko bizitzak dituztenen aholkuen iman bihurtzeko?. Batzuek hala ulertu ez bazuten ere, kezkatu eta amorratu egiten nauen kontua delako idatzi nuen testu hura, noski, inork ez baititu bere bizitzako ordutxo batzuk ematen munta gutxikoa iruditzen zaion gai bati buruzko ideiak buruan antolatzen eta paperean jartzen (ez naiz oraindik hedonismoari emanda bizi, baina alferreko masokismoa behintzat nahiko kontrolpean dut aspalditxotik).

Eta, hala ere, aitortu behar dut semeak noiz edo noiz gazteleraz mintzo direla-eta edo bizi naizen herria oso denbora gutxian nabarmen erdalduntzen ari dela-eta arranguratzen naizenean/garenean, deabrutxo baten ahotsa entzuten dudala ezinbestean, belarrira ezti xuxurlatzen didana: “tira, erdaldunagoak zineten zu eta zure ingurua haien adinean”. Nire bizitzan dena izan baita irabaztea, euskarari dagokionez. Aho txikiarekin esaten dut esan berri dudana, ez baitut nahi inork ulertzea garrantzia kendu nahi diedala azken urte hauetako datuei. Baina ausartu nahi dut ikusarazten euskara ikasi dugunontzat ez dela erraza izaten batzuetan, edo niretzat behintzat ez dela erraza izaten, irabazi indibiduala eta galera kolektiboa bereiz mantentzea. Eta euskararen auzian kontzientziazioari eta aktibazioari dagokionez kontuan hartu beharreko faktore bat dela esango nuke. Euskara irabazi dugunok beharbada ez dugu berdin hautematen arriskua.

Irabaziak eta galerak  Irabaziak eta galerak  Irabaziak eta galerak  Irabaziak eta galerak

4 pentsamendu “Irabaziak eta galerak”-ri buruz

  • Hori da, ez duzue hsutematen arriskua. Baina, Ultzamalde guzian azken euskaldun ziren herriak galdu ditugunean, bihotza erdibitzen zaigu. Arriskua ez, hil ezkilak aspaldian entzun ditugu, haurrak D eredura joaten dira eta 12 urtetan ez da ez direla ari nahiz jakin. Ez, ez, kontua larriagoa da. Euskaraz ulertu ere ez dutela ulertzen

  • Isabel, zure biografia linguistikoan irabaziak konta ditzakezu. Nire bizitzan denak dira galerak, eta badakit nire zahartzaroan, begi aitzinean dudanean, ez naizela euskaraz bizitzen ahalko. Hizketan behintzat ez. Euskal liburuetan eta isiltasunean beharko dut nire arima goxa

  • Zenbait “euskatzale” baikor Telebistan edo irratian entzuten ditudanean niretaz parrez ari direla uste izaten dut. Euskararen aldeko eguneroko borrokan murgildurik nago, baina “euskatzale” progre zikin horiei esan nahi diet: ez gatzaizue tontotzat har, otoi! Baditugu begiak, eta belarriak ere erne ditugu.
    Isabel, segi borrokan, baina kontuz… azken trintxeretan borrokan ari direnekin, errespetua, mesedez!

  • Paulo, Paulo, zeinen zuzen zauden! Horrela sentitzen naiz ni, zu bezala, urte batzuk barru inork entendituko ez didala jakinik. Ahal dudan guztietan saiatzen naiz euskaraz, baina gero eta zailagoa zait.

    Egoera damugarria da, eta ez dirudi inork erremediorik jarri nahi dionik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude