Interpretazio murriztaileen esku
Interpretazio murriztaileen esku –
Nafarroako Kontseilua izenekoa Foru Erkidegoko kontsulta organoa da. Organo honek araudi bat onartu aurretik irizpena edo balorazioa egiten du ordenamendu juridikoaren araberakoa den jakiteko.
Pasaden astean, lan-postu publikoen deialdietarako merezimenduen dekretu proiektuaren balorazioa egin zuen. Zehazki hizkuntzen balorazioari dagokionean, 2019an euskararen dekretuaren kontra emandako interpretazioen ildo berdinetik jo du eta beraz, legeak ezarritako eremu mistoan dago beste behin eztabaida (legeak ezarritako eremu ez euskaldunean merezimendu izatearena Gobernuak berak kendu bai zuen proposamenetik). Nafarroako Kontseiluaren ustez Osasunbideako lanpostu guztietan ez da nahitaezkoa ezta merezimendua izan behar euskararen ezagutza. Ezin omen da orokortasunez baloratu eremu mistoan, herritarrarekin duen harremana edo lanarekiko lotura aztertu behar omen da. Beraz, lanpostuez eta berauen eginkizunez ari bagara, garrantzia gutxiago izan ote dezake Iruñean kokatutako Osasunbideako edozein lanpostutan euskara ezagutzeak, alemana ezagutzeak baino? Hala dirudi Nafarroako Kontseiluarentzat, Osasunbidean alemana, ingelesa eta frantsesa orokortasunez merezimendu izan daitezkeela uste bai du etorkizuneko Europar Batasuneko datuetan aritzeko garrantzitsua izan daitekeelako.
Bestalde, euskararen ezagutzari puntu gutxi batzuk esleitzeko, lanpostuak herritarrarekin duen harremana ere baloratu behar bada, zergatik ez ote dute dagoeneko euskararen nahitaezko ezagutza, zerbitzu zentraletako anestesia pediatrikoko lanpostuek adibidez? Edo ospitalizazio psikiatrikokoek? Beste behin, legezkotasunaren interpretazio murriztaileak aitzakiatzat hartuaz, Osasungintzako zenbat atal, sekzio eta zerbitzutan egungo eta etorkizuneko euskal hiztunek ez dute ezta aitortza minimorik izango?
Euskararen estatusa eta aitortza Nafarroa osoan ezartzeko beharra urgentea da, kontziente izanda hala ere, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurrien judizializazioaren ezpata eta horren erabilpena gainean izango ditugula.