Ikastolen beharrik ba ote da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban?
Ikastolen beharrik ba ote da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban? –
Alex Artzelusek Irulegiko Irratian ahotsez egin duen gogoetaldia transkribatzen saiatu gara, interesgarria delakoan. (Azpian duzu entzungai):
.
Aurten ere unibertsitatean ari naiz lanean, euskara irakasten, Bizkaian, Bilbotik hurbil den Leioa herriko unibertsitatean. Hasi berria bainaiz, bistan dena, ordezkapenak egiten ari naiz, eta bidenabar profita dezadan esateko 800 euro miserable izango ditudala, denbora osoan lan eginik ere, lege berri bat onartu baitute. Beraz, ostatu batean baino gutxiago irabazten dut.
Etorkizunean irakasle izango diren gazteei irakasten ari naiz. Hain zuzen, haurren eskolak nola eman behar dituzten esaten diet. Entzutea biziki inportantea dela, entzuten irakastea, gramatika eta hiztegia nola landu behar diren… eta holakoak.
Ikasleek parte hartzen dute kurtsoetan, eta entzuten dute, gehienek. Alta, disgustagarria da euskarak zein presentzia apala duen. Nehor ere ez da euskaraz ari kurtsoetan, nehor ere. Denek elkarrekin espainola mintzo dute errabian, denek. Galdetu nien ea norbait euskaraz mintzo zen etxean, gurasoekin edo, eta karrikan, lagunekin. Eta baziren Bizkaiko herrietako batzuk etxean euskaraz mintzo zirenak. Baina gazte bakar batek ihardetsi zidan euskaraz mintzo zela lagunekin. Menturaz, berrogeitik batek. Halakoa da egoera. Badira Bermeo edo Elorrio bezalako herri aski txikietako gazteak, eta denak espainolez ari direla omen.
Bistan dena, euskaraz mintzo ez den batek ez du maila onik ukaiten ahal, ez baitu sekula praktikatzen. Eta bizitzan edozer ikasteko denek badakigu praktikatu behar dela. Ahoskera edo pronuntziazioa ere penagarria dute, arrunt espainola. Zuek hegoaldekoak imitatzen dituzuen bezala mintzo dira; ez dute kontzientziarik ez maitasunik.
Nik erraten diet euskararen afera borroka dela, feminismoa edo antiarrazismoa bezala, kolonialismoen kontrako borroka bat, espainola ez dela Bizkaiko parte handieneko lenguaia, inposatu dutela, eta hartako mintzo dela egungo egunean. Beraiek izango direla gure etorkizuneko haurren irakasleak, eta euskararenganako amodioa transmititu behar dietela. Baina segi denak espainolez. Zenbait doi-doi ari dira euskaraz emeki ere. Lizentzia ukan nahi dute eta fini. Eta tristea da, baina ez dira ikasleak baizik. Erran nezake beraien unibertsitateko irakasle anitzen euskara maila ere penagarria dela. Orduan zer ikasiko dute?!?
Usu entzuten dut Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba duela 40 urte baino aise euskaldunago direla, gazte guztiek badakitela euskara, eskolan denek arrunt euskaraz ikasi dutelako. Dena da positibo. Baina euskaraz jakitea ene ikasleak mintzo diren bezala mintzatzea bada, numero eta estatistika horiek aski irrigarri iruditzen zaizkit.
Eta gero bada diskurtso hori, betikoa. Hor Iparraldean euskara galtzen ari da, ikastoletan ere neke da egungo egunean haurrek euskaraz ikas dezaten. Hegoaldean zenbat euskara entzuten den… Gipuzkoan hein bat, menturaz, baina Bizkaian halakoa da egoera, eta beti eta okerragoa erran nezake.
Ados. Araban eta Nafarroa Garaiko erdian eta hegoaldean XIX. mendean hil zen euskara eta orain berreskuratu nahiz ari dira, eta ez da aise. Baina Bizkaian euskara egungo egunera artio bizi izan da, eta kontzientzia faltagatik galtzera uzten ari gara. Hainbeste, ezen aski euskalduna den eremu bakarra Bizkaian Markina, Ondarroa eta Lekeitio herriek osatzen baitute. Eta nola erdietsiko dugu Euskal Herriaren euskalduntzea ez badugu euskal kontzientzia eta maitasuna lantzen eta irakasten haurrak txikiak direnetik, etxean eta eskolan? Zer euskara ikasiko dute gure haurrek euskaraz abantzu mintzatzen ere ez dakiten irakasleak badituzte?
Eta egunotan ari naiz pentsatzen menturaz ikastolak behar direla Gipuzkoan eta Bizkaian ere. Ados, eskola publikoetan dena euskaraz ikasten dute eskola guztietan, baina ikastoletan bederen hautatzen ahal duzu nor izango den irakasle. Publikoetan lizentzia ukan duen nornahi egiten ahal baita. Aitzina, Euskal Herria osotasunean kontutan izango duen historia edo geografia irakasten ahal dugu, eta ez Euskadi deitzen duten asmakeria afrus hori, ez duena oinarri linguistiko, kultural eta historikorik. Hots, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bakarrik dena.
Ikastolen beharrik ba ote da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban?
Zinez, errepaso ederra gure iruzurrez beteriko baskongadei!!
Ados.
D ereduaren emaitza.Ume euskaldun gutxi etxetik eta gehiengoak erdaldunak, emaitza denak erdaldunak.
Ez daukate ohitura euskaraz egiteko ,ze gehiengoa erdalduna da.
Eta hizkuntza baten zentzua guztiz galduta , jakin bai baina inork erabili .
Holan etorkizun beltza.
“Ez daukate ohitura euskaraz egiteko ,ze gehiengoa erdalduna da”:
Okerrago dena,gehiengoa euskaldun izanik ere, ez daukate ‘ohitura’ Euskaraz egiteko. Ohitura, ez esatearren batzuk, batzuk behintzat, lotsarik ez dutela Gaztelaniaz egiteko, ohiturak gorabehera. Hemen inork ez du ohiturarik Ingelesez egiteko, baina Ingeles ohiturak, kulturak eta gainerakoa, (atorrak barne, jakina), Ingelesez egiten dute.
Arazo larriena, beste arazo larrien iturburuan dagoena, kontzientzia falta, gogoeta falta, sentsibilitate falta, eta azken batez, kultura falta ikaragarria da. Horretan gazteak motzak dira, Erasmus pila bat egin arren (ba al dakite horiek zergatik egonaldi horiek Erasmus deitzen diren?). Hizkuntzari dagokionez, populazioaren zati handi bat motza da, ergerla zenbaitetan… eta noizbait ere, oker mintzatzeko arriskua hartuta bada ere, norbaitek esan egin behar du.
Aski da eredu, publikotasun ala pribatusasun aukerak, etorkin eta bertako… eztabaida antzuak inondik ere, hizkuntzari dagokionez; eskasak gara, eta eskasak garenez, ondoren datozenak ere eskas, eta sarritan motz.
Errege biluzirik dago. Errege larrugorrian dabila. Eta inork ere kasurik egiten ez! Zaude isilik, zaude isilik! “Isilik egoteak zenbat balio dun” zioen Lertxundiren kantuak. Zaude isilik, zaude isilik. Errege biluzirik dago, zer eginen diogu ba!
Orain ikusiko duzu Alex Artzelus! Txibatotako joko zaituzte.
Milesker Alex, milesker! Ea Iparralde horretatik oihu eginez, norbait iratzartzen den!
Azken hatsak! Azken hatsetan gaude!
Hala ere, eta beste erremediorik ez dugulako: lotu borrokara, zu, zu eta zu! Zuen esperoan gaude.
Orain Hezkuntza Lege berria dator. Beste gauza anitzen artean, zein baino zein okerragoak, Hezkuntza zentru bakoitza izanen omen da burujabe, independentea, alegia.
Eman, eman funtzionarioei nahi dutena egiteko hautua. Horrela gureak egin. Orain artio oso gaizki, hemendik aintzina adio!,
Hezkuntza Lege kriminal horren kontra espero dut aterako direla, Euskaltzaindia, Kontseilua, Idazle elkartea, Bertsozaleen elkartea, Tokikon, Topagunea….
Noiz oldartu behar dugu? Den-dena bukatzen denean, euskara hiltzen denean? Euskaldun “desesperatuok” isiltzen garenean?
Okerrera ez goaz. Zulora goazela sinesten eta zabaltzean baduzue, zulora joango gara. Euskera eta euskaltzaleak aurrera goaz. Autoflagelazioak ez du laguntzen. Eta kontuz, euskal eskola publikoak lan handia egin du eta egiten ari da, ez gutxietsi. Baina zer planteatzen dezu, D eredua ikastoletan ezarri gordeleku bezela? Eta beste guztiok maketolandian? Ama hizkuntza erdara degun hauek euskaldundu eta euskaraz bizi gara lan handia egin delako. Ez gutxietsi euskalzale, euskal eskola publikoa eta euskeraren alde lan egiten dugunok arlo guztietan. Gora Euskal Herria! Eutsi horri eta ez etsi!
Inor ez dago soberan borroka honetan. baina kasu, ez gara irabazten ari. zulo handiak ditu txalupa honek. eta txalupan guztiok dira beharrezko, bai ikastolak, bai titularitate publikoko zentroak baina batez ere, euskaltzaleak. eta euskaltzale ez direnak badira, nola ez, bai ikastoletan, bai hezkuntza publikoan. Legeak bidea egin dadin lagundu dezake, baina norbanakoak eta euskaldungoak batu beharko du borroka ildo honetara. bestela, jai.