Ikasi
Ikasi –
Mari Luz Estebani honako hau irakurri berri diot (artikulua zahar samarra izan arren): “Hizkuntza batean afektuak adierazteak eta bizipen eta eduki desberdinak erdiesteko aukera izateak hizkuntza hori(ek) maitatzeko baldintza nagusitzat jo dute”. Eta hori irakurri ostean, gogoratu naiz Iruñean orain gutxi Marina Massaguer soziolinguista katalanari entzundako honetaz, hizkuntzara nagusitan heltzen direnei buruz berba egiten duenean: “Hizkuntzara sarbidea izateko, hiru baldintza behar dira: ikaskuntza formala, sozializazio inguruneak eta gura izatea, identifikazioa izatea hizkuntza eta hizkuntza hori darabilten hiztunekin”.
Aspaldi samar honako esaldi hau idatzi nuen txosten batean (aurreko aipu biek gogora ekarri didate hauxe, jakina): “Eskolak lagundu dezake, baina benetako eragina bizitza-esperientziak dakar. Informazioak ez gaitu aldatzen, bizipenek, praktikek (er)aldatzen gaituzte”.
Azken finean, euskara ikasi edo irakatsi esaten dugunean guk, hiztun komunitate gutxiagotuko kideok, honako hau esan gura dugu: guk gura duguna da ikasten duten hiztun horiek euskarara iristea, hiztun iritsiak izatea (euskarara iritsi diren euskaldunak, hau da, euren egunerokoan euskara praktikatuko duten hiztunak, ahalik eta egoera gehienetan). Hizkuntza biografian arrasto sakona utziko duen ikasketa izatea gura dugu. Eta eguneroko praktiketan isla izango duen ikasketa izatea gura dugu. Horixe baita guk euskalduntzeaz ulertzen duguna. Eta hori egiteko bideak zeintzuk izan daitezkeen antzeman, asmatu edota ireki beharko ditugu, luze, zabal eta eroso.
Hala ere, guk horrela ulertzen dugu euskalduntzea. Baina errealitatea bestelakoa da. Heldu askok euskara ikasten du modu instrumentalean, ume eta gazte askok ez dute euskara erabilgarri ikusten (suabe esatearren), unibertsitate ikasle askok euskara ikasten du errazagoa ei delako euskaraz ikastea eta abar. Ahaztu egiten zaigu hizkuntzara sarbidea izateko Marina Massaguerrek aipatutako hiru baldintzak: ikaskuntza formala, sozializazio inguruenak eta gura izatea. Lehenengoa bermatuta dago askotan, bigarrena gutxitan eta hirugarrena ere gutxitan. Eta hortik datoz frustazio batzuk …
Ikasi
Estebanen eta Masaguerren adierazpen horiek zentzuzkoak dira. Horrek esplikatzen du zergatik hirietako ikastola atarietan ikasleak ikusten ditugun segituan erdaraz jostatzen. Erosoago etagusturago sentitzen dira etxean eta inguruan aditzen duten praktikatzen duten hizkuntzan. Euskarak ez du aski prestigiorik horren kontra egiteko.
Txerra, aipatzen dituzun azken bi baldintza horiei dagokienez, beti eta denetan posible ote da eragitea?
Bitan aipatu Marina Massagerren hitzak, bai eta konparazioz egilearenak ere, eta esan beharra dago hiru habe/baldintza horiek Txepetxek 1987 urtean bere tesian planteatutako hiru elementu/dinamika/faktoreak berak direla, elkarri dagozkiela. Alegia, ikaskuntza formala vs ezagutza; sozializazio inguruneak vs erabilpena; eta gura izatea edo identifikazioa vs motibazioa.
Hamaika itzuli eta itzulinguru egin izan dugu hizkuntzaren inguruan, eta beti beti topo egiten dugu hiru faktore horiekin. Zorionez, agerikoa da han eta hemen, eta beharbada bide desberdinetatik abiaturik, ondorio horretara iristen dela.
Bestalde, hizkuntzaren alde zein aurka gertatzen diren dinamiketan, bai eta nagusiki eragiten diren aldeko politikak epaitzekoan, hiru elementu horiek alderatu behar ditugu, zein neurritan zaintzen diren ere, direlako politika horiek bideragarriak zein onuragarriak izanen direnetz.
Ezaguna da egungo leloa: “orain arte ezagutza landu dugu; hemendik aitzina erabilera…” Noizko motibazioa? Ez al da, gure egoeran, garrantzi handiena duena, hiztunak ugaltzeko eta direnak erabiltzaileago bilaka daitezen?