Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria
Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria –
Kazetaritzan eta antropologian lizentziaduna, gaur egun EHUn ari da irakasle.
Euskalgintzaren eta askotariko arloetan aritzen diren eragileekin lankidetzan sakonduko duela iragarri du.
Abenduaren 6an, Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldian hartuko du ardura berria Paul Bilbaoren eskutik.
Gaur iragarri du Euskalgintzaren Kontseiluak idazkari nagusi berria izango duela, Idurre Eskisabel Larrañaga. 12 urteko ibilbidearen ondoren, Paul Bilbao Sarria ordezkatuko du Kontseiluko ardura nagusienean. Abenduaren 6an Durangon irudikatuko da kargu hartzea, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian.
.
Idurreren biografia azkar bat
Idurre Eskisabel Larrañaga Beasainen jaio zen 1970 urtean. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kazetaritzan ibilbide luzea du: Euskaldunon Egunkaria eta Berrian egin du lan, eta hainbat hedabiderekin kolaboratu du: Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Euskalerria Irratian, besteak beste. Gaur egun, Jakin pentsamendu aldizkariko eta pentsamendu feminista euskaratzea xede duen Eskafandra bildumako kontseilu editoreetako kidea da, baita Ondas Saria jasotako Lokatza podcasteko egileetarikoa ere. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea da, zehazki Hizkuntza eta Genero atalekoa. Lanbidez EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da, eta bertan prentsa edizioa, irratigintza eta informazio generoak irakasten ditu.
2018an Goseak janak poema liburua plazaratu zuen, Susarekin. Eta 2019an, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin batera, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara argitaratu zuen, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen duen liburua.
Hizkuntzaren, kulturaren eta gizartearen gaineko ezagutza zabalak ditu, eta bere gertukoek pertsona ireki, gertuko eta intelektualki zorrotz gisa definitzen dute, esperientzia eta solbentzia handikoa.
.
Askotariko eremuen arteko zubi lana
«Ilusio eta erantzukizun handiz» jaso du Eskisabelek Kontseiluko ardura nagusia betetzeko proposamena. «Euskalgintzak ekin dio askotariko eremuen arteko zubi lana egiteari, eta bide horretan sakontzen segitzeko asmoa dut» adierazi du, 2021etan abiatutako Batuz Aldatu dinamikari erreferentzia eginez. Euskaran, kulturan, hezkuntzan, baita eremu sozioekonomikoan, eskubide sozialetan, migrazioan, feminismoan, LGTB+ mugimenduan, eremu digitalean, gazterian eta beste askotan aritzen diren eragileekin aliantzak sustatu eta hizkuntzaren gaia erdigunera eramateko lan egingo duela iragarri du.
.
Kontseiluaren 25. urteurrena eta ekitaldia
Aurten, Kontseiluak 25. urte betetzen dituen egun berean, abenduak 6, ekitaldia egingo du Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Ekitaldia 11.00etan hasiko da, eta ordezkaritza politiko, instituzional eta sozial zabalarekin batera, bertan izango dira Kontseiluko lehenengo idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartu (1998-2010), egungo idazkari nagusi Paul Bilbao Sarria (2010-2022) eta aginte-makila hartuko duen Idurre Eskisabel bera.
1997ko abenduaren 6an sortu zen Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua, euskararen normalizazio-prozesua azkartzeko sozialki zein politikoki eragiteko xedearekin. Ordutik, Euskararen Plan Estrategikoa, BAI EUSKARARI Akordioa eta ziurtagiria, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskaraz Bizi Nahi Dut aldarria, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (Donostiako Protokoloa) eta Batuz Aldatu adostasun soziala bultzatu ditu. 2019an Euskalgintzaren Kontseilua deitzera pasatu zen.
Gaur egun, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune garrantzitsuena da Kontseilua, eta 26 bazkide oso (AEK, Artez, BERRIA, Elhuyar, Elkar, EMUN, Errioxako eta Nafarroako IKA, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Bertsozale Elkartea, EHIGE, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Konfederazioa, Gerediaga Elkartea, Gerriko Kultur Elkartea, Hezten, Hik Hasi, Hitzez Euskaltegia, Euskal Herriko Ikastolak, Jakin, Karmel, Maizpide euskaltegia, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea, Sortzen, Topagunea eta Udako Euskal Unibertsitatea) eta 4 so-egile (Euskal Kultur Erakundea, Eusko Ikaskuntza, Kristau Eskola eta UEMA).
Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria
Osakidetzan euskaraz artatuak izan nahi dugula aldarrikatzen dugu euskaltzaleok. Baina euskaltzale horietako asko, gero, ez dute ezer esaten tabernetan, dendetan gero eta zailagoa dela euskaraz artatua izateko. Zergatik? Kanpotar erdaldunak etorri direlako.
Zein da arre eta so aldi berean egin. Erdaldunen etorrera masiboak euskaraz bizitzea gero eta zailagoa eragiten du.
Hipokresiarik ez mesedez.