Identitatea

Identitatea –

IdentitateaGai hauen inguruan behin baino gehiagotan egin dut berba blogean. Esate baterako, Judith Butler eta soziolinguistikaren arteko artikulu honetan, edo Eduardo Apodakaren beste honetan, edo urgentziaz Sustraiak aipatu nituen honetan. Jarraitzen dut diskurtsoa erabat osatu barik, zalantzaz josita, baina Onintza Legorburu lankideari esker, gaurkoan gai horren inguruko lau aipu, neure iritzitik oso urrun ez daudenak (edo):

(Judith Butlerrek) ekitearen garrantziaz hitz egiten du, nola ekiteak edo praktikak berak osatzen gaituen subjektu gisara; identitatea erritual moduan marraztuz.

+

Modu honetan, hiztuna protagonista bilakatzen da, gizarte aktorea edo ekintzaile bihurtzen baita. Komunitate bateko partaide izateaz gain, errealitatearen sortzaile gisa -hizkuntzaren jabe den neurrian- ere agertzen zaigu. Ekimen eta egitearen poderioz bere oinatza uzten du testuinguruan, baina hori ere bueltan etorriko zaio, aritze horrek bere identitatearen sorkuntzan, eraikuntzan eta berreraikuntzan ondorioak izango dituelako. Horra hor, identitate performatiboaren gakoa: gizabanakoaren inplikazio aktiboa (ekitean/egitean sortzen duelako bere identitatea, alegia, hura performatzen duen neurrian. Jone Miren Hernandez.

+

Habitusak, hortaz, praktikak sortuko ditu, praktika indibidual zein kolektiboak. Erreprodukzio soziala azaltzeko oso baliagarria den kontzeptua da; are gehiago, ordena sozialaren mantentzea eta desberdinkeria sozialen mantentze historikoa ere azaltzeko balio liezaguke. Hala ere, kontzeptu honi sarri asko zurruntasuna egotzi izan zaio; ez soilik habitusaren kontzeptuari, praktikaren teoriak, oro har, aldaketarako tarte gutxi uzten duela aipatu izan da. Onintza Legorburu.

+

Praktiken sedimentazio bati esker sortzen baita subjektua (Bourdieu), eta gure kasuan hiztuna.

Identitatea

3 pentsamendu “Identitatea”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2024-08-01 19:32

    Butlerretik edan nahi baduzue euskal soziolinguistika aberasteko, kasu eman, ez ote zareten etsian Lazkao Txikik behin iragarri zigun ondoriora iritsiko: erdaraz egiten duen batek ere uste dezake berak euskaraz egiten duela, eta inork ezin dio kontrakorik esan.

  • Identitatea, gauza bat eta bera. Edo gauza horren bat-berekotasun hori partekatzen dutenen multzoa omen. Ezin esan ordea gauza esanguratsuki ezberdinak gauza bat eta bera direnik.

    Bat berekotasun ezberdinek zantzuak partekatu ditzakete, baina ez dira gauza bat eta bera. Baina, non ezarri partekatzen diren bat berekotasunen muga?

    Euskara, zer da? Eta euskalduna? Euskotarra? Gizona? Emakumea? Arra? Emea? Historia! Hor duzue bereizimendua sortzen duten prozesuen batura. Eta non ezarri identitate horien genesia? Galera? Galerarena erraza da erantzuten, gauza bat eta bera beste gauza batetik bereizteko zailtasunak agertzen hastean.

    Zein da konstruktibismoaren bekatu hilgarria? Identitate espresio guztiak maila berean kokatzea, zientifismoaren izenean. A eta B-k muinean nolakotasun ezberdinak badituzte, nola izan daitezke bat eta bera? Eta izendatzen den horren nolakotasunak aldatuta, deitu al diezaiokegu oraindik eman zitzaion izenaz?

    Adeitsuki.

  • Amonamantangorri 2024-08-02 16:38

    “Ezin esan ordea gauza esanguratsuki ezberdinak gauza bat eta bera direnik”.
    Egin daiteke, lanabes intelektual egokiekin.
    – katalogatu diren falazia logiko guzti-guztiak erabili elkarren segidan, alerik ere ahaztu gabe.
    – “gaur egun zientziak erakutsi diguna” gogoratuko dugu gure magufokeria guztien hatsarre moduan.
    – ahalik eta prosa ilun, nahasgarrienaz baliatu; ongi etorriko zaigu, etorkizunean, “bon, egia esan, nik ez nuen hori esan nahi, gaizki ulertu da” esan ahal izateko.
    – argudio moral eta emozionalak tartekatu, jendeak argi eduki dezan gure tesiak barneratu beharko dituela, nahitaez, justizia sozialaren eta kolektibo zapalduen alde egoten segitu nahi badu.
    – Azkena, ezinbestekoa: ingelesez izan behar du, unibertsitate pribatu bateko katedratik idatzia eta argitaletxe potente batek atgitaratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude