Hezkuntza Legearen Aurreproiektua: ez goaz bide onetik
Hezkuntza Legearen Aurreproiektua: ez goaz bide onetik –
Arnas Dezagun guraso taldeko gurasook kezkaz jarraitzen dugu Hezkuntza Lege berriaren bilakaera. Legearen aurreproiektua ezagutu genuen duela egun batzuk, eta gure kezkak areagotu besterik ez dira egin. Gure seme-alabek euskara gehiago jakingo dutela dioten arren, nekez lortuko da hori euskara orduak gutxituta. Gaztelania eta ingeles orduak biderkatu egingo dira, eta euskarazko ikastorduak neurri berean gutxitu.
Egun D ereduak ikasleak euskalduntzeko dituen zailtasunak ikusita, nola pentsatzen dute gure agintariek konponbidea euskara orduak gutxituz iritsiko dela? Gainera, are kezkagarriagoa iruditzen zaigu legearen aurreproiektu honek inolako oposiziorik jaso ez izana.
Murgiltzearen eta arnasguneen aipamenik ez dago legearen aurreproiektu berrian. Gure proposamenak eta eskariak helarazi genizkien arren, legearen aurreproiektuak ez du haur euskaldunen sakabanaketari, bazterketari eta estres linguistikoari amaiera emateko inolako neurririk aipatzen. Hori gutxi ez, eta aurreproiektuak ez du zehazten ikasleen euskara maila bermatzen ez duten eskolek zer egin beharko duten euskara maila nahikoa ziurtatzeko.
Euskara maila zehazteko proposatzen den prozedura ere (ikastetxeko bertako irakasleen bitartez) ez zaigu egokia iruditzen. Kanpo-ebaluazioa behar du, ikasleen maila inpartzialtasunez neurtuko bada.
Hitz politekin apaindu nahi izan duten legearen aurreproiektu honek zehaztasun gutxi dakartza, eta neurriak oso eskasak. Euskararekiko atxikimendua eta erabilera maldan behera doazen garai honetan, gure agintariek erderen aldeko hautua egin dutela dirudi, gaztelera irakas hizkuntza bilakatuta ordu gehiago eskainiz ikasle guztiek ondo baino hobeto jakin arren, eta (gutxienez) ingelesa ere irakats hizkuntza bihurtuz, ingelesez emandako edukien kalitatearen kaltetan. Eredu “aniztuna” proposatu bezala orokortzen bada, ikasleen euskarazko gaitasunak are beherago egingo duela ondorioztatzeko ez dago aditua izan beharrik.
Lege aurreproiektu honekin, haur etxetik euskaldunak egun baino are azkarrago erdaldunduko dira, eta haur etxetik erdaldunentzat, euskara are arrotzagoa eta deserosoagoa bihurtuko da. Urte askotako atzeraldia ekar dezake Hezkuntza Lege berriak Aurreproiektua zuzentzen ez bada, gure ustez. Kinka estu honetan, arduraz eta koherentziaz jokatzeko eskatu nahi diegu eragile eta alderdi euskaltzaleei. Ez goaz bide onetik.
…
Ainhitze Bizkarralegorra Bravo, Mitxel Elortza Exea eta Irune Soto Aldalur
Arnas Dezagun ekimeneko kideak
Hezkuntza Legearen Aurreproiektua: ez goaz bide onetik
EHBilduk hezkuntza legeproiektua babesten duen neurrian, gai hau tabu bilakatu da koalizioaren itzalpeko euskaltzaleentzat.
EHBilduren oniritzia jaso ez balu, sekulako sua piztuko zen lege honen inguruan, egundoko atzerakada ekar baitezake euskararentzat. Gauden kopuruetan eta egoeran, beharbada azkena izan litekeen atzeraldia.
(Hiltegira doazen) bildotzen isiltasuna da hau.
Ikusteke dago nola amaituko den guzti hau. Zehaztasunak iristean akordio eta batasun “historikoa” hautsi beharko da, interpretazioak oso ezberdinak dira eta.
Utzi diezaiogun gure burua engainatzeari, arren: PSE eta Podemos tartean egonda, ezin da akordio ona izan. Gaztelania eta ingelesa irakaskuntza hizkuntza gisa onartzea ez da onargarria, euskararen kalte izango da eta.
Ez dago horren erraza “adostasun historiko” hori haustea. Batetik, badirudi EHBilduk “akordioa” lehenesten duela edukien gainetik, EAJk bezala, eta bestetik, legeak irizpide orokorrei iskin egiteko modua eskaintzen duelako bere baitan, ikastetxeen “autonomia” azpimarratuz. Autonomia horren eta “ikastetxe bakoitzaren errealitate soziolinguistikoaren” aitzakian, edozein hizkuntza eredu ezar daiteke edonon.
Izatez, eredu hirueleduna hainbat eta hainbat ikastetxetan dago abian dagoeneko. Baita zenbait ikastoletan ere. Irizpide argien eta lidergoaren faltan, horrelakoak gertatzen dira.
Eskola izan da historikoki euskararen galeraren eragile nagusienetako bat, eta eskolak izan behar du euskararen berreskurapenaren motorra aurrerantzean. Hezkuntza Lege berri honekin jokoan dagoena ez da txantxetakoa: gure haur eta gazteen euskalduntze eraginkorra.Euskarazko murgiltze eredu orokorrari bai, eredu sasi-eleaniztunari ez.
Irlanda motz utziko dugu desnazionalitzean. Euskarak bide honetatik ez du 10 urteko bizitzarik.
Kaput. Eta zuek izanen zarete errudun nagusiak: Urkullu eta Otegi.