Hizkuntzaren erregistroa
Hizkuntzaren erregistroa –
Osasun publikoaren gainbeherak osasun arloaren pribatizazioa ekar dezakeela esan ohi da eta, horrekin batera, ekitate-eza. Korrelazioa deitzen zaio horri. Chomsky aipatzen da behin eta berriro: “Pribatizazioaren teknika horrelakoa da: inbertsioa murriztu, ganoraz funtziona ez dezan eta, ondoren, kapital pribatuaren esku utzi.” Egoera ikusirik, badirudi arrazoia dutela. Azken urteotan aseguru pribatuak kontratatzeko joera antzematen da: gastu osoaren %25 baino gehiago arlo pribatuan kokatzen da.
Halaber, asistentzia-sanitarioa, garraio sanitarioaren erdia, ikerketa farmakologikoa, hala nola osasun-langileen etengabeko prestakuntza gehiena, enpresa pribatuen esku daude. Horrek, esan beharrik ez dago, jendearen arteko ezberdintasunak eragin ditzake, eta odontologia zerbitzuen erabilera oso argigarria da: egoera ekonomiko hobea dutenek gehiago erabiltzen dituzte. Korrelazioa eta kausalitatea ez dira gauza bera, baina egoera hain agerikoa denez, inork ez du zalantzan jartzen, osasun sailburuak izan ezik, zeinarentzat arazo bakarra den behar adina medikurik ez egotea, berezko sorkuntzaren teoria aspaldi iraungita egon arren.
Euskararen erabilerarekin, ordea, ez da inolako korrelaziorik ikusten, kausalitatea ere dagoenean. Eskura daukagun ebidentziaren arabera, arreta norberaren hizkuntzan ez jasotzeak (hizkuntza gutxituekin ohikoa dena) pazienteak dagokiena ez eskatzera bultzatzen ditu, batez ere ahuldade egoera daudenak, hala nola adinekoak, adin txikikoak, adimen urrikoak eta buru-osasun arazoak dituztenak. Hau da, eskaintzarik ezean, eskaerarik ez eta, alderantziz, zenbat eta eskaintza gehiago, gero eta eskaera gehiago. Osakidetzak argitara eman dituen datuek berresten dute: erabiltzaileen %20k baino ez dute euskara aukeratu lehentasunezko hizkuntza gisa, jakinda ez zaiela emango.
Arreta norberaren hizkuntzan ez jasotzeak pazienteak dagokiena ez eskatzera bultzatzen ditu, batez ere ahuldade egoera daudenak
Batzuentzat ondorioak argi daude: hizkuntza-plangintza goitik behera aldatu behar da. Ez da bidezkoa, antza, bostetik batek euskarazko arreta eskatzea eta, aldi berean, langileen gehiengoari euskara eskatzea. Euskarazko eskaintza eskaeraren arabera egokitu behar da eta, horrenbestez, hizkuntza-eskakizunak gehiegizkoak omen dira. Berezko sorkuntzaren teorian tinko. Funtsean, aseguru pribatuen goranzko joera ikusirik, osasun-zerbitzu publiko gutxiago eskaini beharko liratekeela ondorioztatzea bezalakoa.
Hizkuntza-eskakizunen eredua ez dela nahikoa argi dago. Gaur gaurkoz, ez da osasun arreta euskaraz bermatzen inon ere ez, pazienteen kalterako. Hau da, beraz, konpondu beharreko arazoa, beste edozer baino lehen. Lehen mailako arretatik ospitalera, ahozko zein idatzizko harremanetan, euskarazko arreta bermatu, edonon eta edonoiz.
Medikuak berez ez direla sortzen jakinda, eta pragmatismoaz jantziak, badakigu ezin dela den-dena egun batetik bestera lortu. Baina badira, hizkuntza-eskakizunak antolatzerakoan, bete beharko liratekeen oinarrizko zenbait irizpide. Hasteko, mediku edo erizain bakarra dagoen toki guztietan (eremu soziolinguistikoa edozein izanda ere), profesionalak elebiduna izan behar du. Horrek bere baitan hartzen ditu herri txikietako kontsultorioak, Etengabeko Arreta Guneak, ospitaleko larrialdietako zerbitzuak (pediatriari berebiziko garrantzia emanez), eta emergentzietako zerbitzuak (anbulantziak, koordinazio-zentroa, helikopteroa), baita zenbait ospitale mailako espezialitate ere.
Euskarari gehiegizko garrantzia eman zaiola adieraztea, pazienteei oinarrizko eskubidea ukatzen ari zaienean, Osakidetza eraisten ari diren bitartean publikoaren alde ekitea soberan dagoela esatea bezalakoa da
Unitate batean dermatologo bakarra balego, esaterako, arreta bi ele ofizialetan eman beharko luke. Bigarren, profesional guztiei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu behar zaie, eta pazienteei dokumentazio klinikoa euskaraz jasotzekoa. Azken batean, zerbitzu osoa ele bietan ematea da gakoa. Jakinda leku guztietan ez dela zerbitzu-zorro berdina eskaintzen, eremu soziolinguistikoa ezin da jarraibide bakarra izan. Erredura larriak, adibidez, Gurutzetan soilik artatzen dira, Barakaldon. Goierrin artatuko balira ere, irizpideak ez lirateke aldatuko, unitate bakarra denez.
Hori guztia konplexua dela onarturik, hizkuntza-eskakizunen eredua nahikoa ez dela jakinik, esan gabe doa eskakizunak ezin direla une honetan gutxitu. Alderantziz, euskaraz lan egiteko gaitasuna izango duten profesionalak sortu behar dira, euskarazko arreta osoa bermatu arte. Osasun-sistemaren helburua baita kalitatezko zerbitzua ematea, ekitatez. Euskarari gehiegizko garrantzia eman zaiola adieraztea, pazienteei oinarrizko eskubidea ukatzen ari zaienean, Osakidetza eraisten ari diren bitartean publikoaren alde ekitea soberan dagoela esatea bezalakoa da. Hizkuntzaren erregistroa ez da aldatu: bere interesak lehenesten dituzte, pazienteen eskubideen gainetik.