Hizkuntzak ikastetxeetan. Zeintzuk dira helburuak?
Gure hezkuntza sistemako kudeatzaileek, azken hamarkadatakoek bai behintzat, nahiko lukete ikasle guztiek euskara maila egokia izatea, jakina, baina ez dute, nahita, helburu zehatzegirik inoiz markatu. Euskara maila jakin bat B1, B2, C1… EZ DA ESKATZEN derrigorrezko hezkuntzako titulua eskuratzeko. Legea eskuan eta, tokian tokiko irakasleen kontu geratzen da euskararen ezagutza eta erabilpen helburuak markatzea. Irakasgai guztietan. Zer-nolako gutxieneko euskara maila eskatu irakasgai bakoitzeko irakaslearen edo mintegiaren erabakia da. Zehaztasun falta horri esker, euskaraz komunikatzeko gaitasun eskas-eskasekin, aurrera egiten dute hainbat ikaslek. Euskara maila minimoa eskatzen ez denez, ikasleek euskaraz ikasteko aukera izaten segitzen dute. Euskaraz aurrera egiteko aukera.
Sistema egokitzen da ikasleen maila eskasera.
Duela hiruzpalau urte gizarteko eragile batzuek ikasle elebidunei nolabaiteko euskara maila aitortzearen alde agertu ziren; euskara hizkuntza normalizatu bat izango balitz legez. Halako batean euskara maila batzuk automatikoki aitortuko zirela jakin genuen ikasketa batzuk euskaraz eginez gero. Ikus:
Guk dakigula ez da antzekorik egiteko asmorik atzerriko hizkuntzekin. Ikasketen ehuneko bat ingelesez-edo eginez gero, ez da modu automatikoan, B1, B2, C1... eskuratuko.
Niri 47/2012 Dekretuko gauza batzuk oso ondo iruditzen zaizkit. Unibertsitateko graduak euskaraz ikasten eskuratu dituztenei ez diegu EGA edo antzeko azterketa bat egiten denbora eta dirua galtzeko eskatuko. Doktore tesia euskaraz defenditu duen bati C2 aitortzea erabat logikoa iruditzen zait…
Dena den, ez dut uste gaur egungo DBH eta Batxilergoko ikasle askok, herri askotan dagoen egoera soziolinguistikoa ikusita eta ikastetxe askotan oraindik ere erabiltzen diren metodologiak ezagututa, aitortzen zaien euskara maila benetan eskuratzen dutenik. Tamalez.
Ikasleei aitortuko zaien euskara maila, DBH gainditzeko baldintza legez eskatzen hasiko bagintzaizkie, bigarren hezkuntzako titulua eskuratzeko, eskola-porrot eztanda bat egongo litzateke.
Zein DBH mailatakoak dira ondoren ezarri ditudan idazlanak? Ze eredutako ikasleek eginak? Horrela idazten duten ikasleei ze euskara maila aitortu beharko zaie? Horrela idazten badute, beren ahozko trebeziak hobeak ala okerragoak izango dira? Ahozko trebeziak behar bezala landu eta ebaluatu egiten dira ikastetxeetan? Bota hipotesiak.
Oso artikulu interesgarria dirudi. Beraz, karaktere arraro horiek ken litezke, aiseago irakurtzeko?
Eskerrik asko
(Twitter sutan dagoela ikusirik 😉 eta 140 karaktere motz geratuko zaizkidalakoan, horra:
Ene ikuspuntua oso argi plazaratu ez banuen ere, -ez nintzen atzo goizean batere trebe ibili idazten-, nire tesiaren mamia zera da: gaur egungo baldintzetan, benetan maila ez duten hainbat ikasleri titulua aitortzen zaie, –B1, B2 maila-eta–, “oparitzen” zaie.
Nik dakidala, esate baterako DBHko ikastetxeetako irakasle (ia) guztiek ez diote B1 maila kontuei batere erreparatzen notak ezartzerakoan. Curriculumak ez die horrelakorik eskatzen. Tokian tokiko plangintzak, helburuak, minimoak-eta finkatzen dira, B1, B2 kontu horiei batere jaramonik egin gabe .
Ez Euskal hizkuntza eta literaturako irakasleei ezta, eta are gutxiago, beste irakasleei, inork ez die eskatzen Erreferentzia Esparru Bateratuko irizpideak kontuan hartzeko bere ebaluazioak egiterakoan.
Euskal Hizkuntza eta literaturako irakasleei DBH bukatzerakoan B1 maila eskuratzea helburu bezala agertu beharko litzateke Curriculumean? Ez dakit, baina agertu ez da agertzen eskuratu behar den mailaren erreferentziarik. Hortik artikuluaren izenburua. Helburuak, nahita, zehaztu gabe utzi dira oraingoz.
Baina hezkuntzako tituluak lortuta, eskuratzen den salbuespena (sic), praktikan tituluaren baliokidea, bakarkako jolaseko tranpa horietako bat iruditzen zait. Hezkuntzan hizkuntza maila baten aitortza ofiziala eskuratzen da hezkuntza-helburuetan maila hori inondik aipatzen ez bada ere; benetako maila ez duten pertsona askori aitortza ofizialak “oparitzen” ari dira gaur egun. Ehunekotan, herena? Erdia?
Unibertsitatera sartzeko probak euskara gainditzen duten ikasleek B2 probak gaindituko lituzkete? Ehunekotan?
Ikerketa sakonik ezagutu gabe, intuizioak esaten dit faltsuena DBH > B1 hori dela. DBH hori, derrigorrezkoa izanik, zailtasun handiak dituzten ikasleen eskura utzi behar da eta uzten da. Ez zaio inori bidea moztuko irakasgai pare batengatik…